Zalantzak eta zalantza-ondoak

letrArt

2017, Abuztua 03
Arloa: Letra Dantza

Idazteko ohitura duzuenok, ohitura izan arren, sarritan aurkituko zarete zalantzaren baten aurrean: hau horrela al da? Ondo esana al dago beste hori?. Zalantza pizten bazaizue, gaitz erdi; txarrena da ondo ustean aritzen garenean, zalantzarik gabe, okerreko bidetik. Han edo hemen horrela entzun dugulako, maiz horrela irakurtzen dugulako, batzuetan ez dugu hitz edo egitura zuzena erabiltzen, eta aspaldion, moda balitz bezala, batzuk beste batzuk baino gehiagotan irakurri edo entzuten ditugu: anitz (gizarte anitza), jokatu/jolastu, bera/berdina, eta AL markarik gabeko galderak, kasu. Horiek adibide batzuk baino ez dira, eta jarraian argituko ditugu Ibon Sarasola euskal idazle, hizkuntzalari eta euskaltzainak emandako azalpenetan oinarrituta:

ANITZ

Gaur egun barra-barra entzun eta irakurtzen dugu ANITZ hitza gaztelaniazko PLURAL edo DIVERSO hitzen ordezko. Zuzena edo egokia al da? Ezetz dirudi. ANITZ  eta ASKO sinonimoak dira; beraz, “gizarte anitza” esatea “gizarte askoa” esatea da.  PLURAL edo DIVERSO esateko, PLURALA edo ASKOTARIKOA erabili beharko genuke: askotariko industria, gizarte plurala, adibidez.

http://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/faktoria/albisteak/audioak/osoa/3760824/ibon-sarasola-plural-aunitz-euskara-faktoria-euskadi-irratia/

JOKATU/JOLASTU

Ez, ez dira gauza bera. JOLASTU denbora-pasarekin eta dibertsioarekin lotuta dago, eta JOKATU lehia dagoenean egiten dugu, eta dirua ere bai, JOKATU egiten dugu. Hortaz, jolasean ibili naiz lagunekin eta pilota partida jokatu dut lagunekin eta  loterian 20 euro jokatu ditut. Gaztelaniaz bi hitzok hitz bakarraren bidez (jugar) adierazteak ez du esan nahi sinonimoak direnik.

http://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/faktoria/audioak/osoa/4145876/ibon-sarasola-hizkuntzalaria-jokatu-eta-jolastu-hitzei-buruz/

BERA/BERDINA

Ba al dakigu bereizten? Izan, erraza da, BERA beti da gauza bat (bakarra): ohe berean egin dugu lo (ohe bat); ohe berdinetan egin dugu lo (bi ohe –edo gehiago– baina berdinak). Baina nik berdina pentsatzen dut EZ da zuzena, nik gauza bera pentsatzen dut behar du.

http://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/faktoria/audioak/osoa/4202976/ibon-sarasolaren-aholkuak-berdin-eta-bera-hitzen-erabilpenaz/

Eta azkena, galderetan beti AL jarri behar al da? BAI

Izan ere, esaldia irakurtzen hasten garenean jakin egin behar dugu galdera dela; gaztelaniak, esaterako, hasierako galdera ikurra erabiltzen du; ingelesak lehenengo bi hitzen ordena aldatzen du “Can you…”; frantsesak “Est-ce que… “ erabiltzen du; beraz, euskaraz AL erabiltzen ez badugu, esaldi osoa amaitu arte ez dakigu galdera bat egiten ari ote diren.

http://www.ikasbil.eus/es_ES/web/ikasbil/mobile/fitxa?p_p_id=56_INSTANCE_EtI0&p_p_lifecycle=2&zenbakia=1326649