Harkaitz Cano - Idazlea

Kontaizu

ber06_1.jpg

“Idatzitakoa ez dut hain erraz liburu batean bildurik ikusten orain”

  • Lasarte-Oria, 1974.
  • Zuzenbide ikasketak egin zituen, baina idazketa du lanbide.
  • Kea behelainopean bezala estreinako poema liburua argitaratu zuenetik, poesia ez ezik ipuingintza, nobelagintza zein gidoigintza jorratu ditu.
  • Igor Calzadarekin batera, irudiak, musika eta literatura uztartzen dituen Hirisladak ikuskizuna handik eta hemendik aurkezten dabil.

Hamar urte bete dira Lubaki bandak bere burua ezagutzera eman zuenetik. Hantxe eman zituen estreinako urratsak Harkaitz Canok, literatura pasio zuten beste zenbait lagunekin batera. Ordutik hona, ibilbide oparoa jorratu du Lasartearrak.

ber06_2.jpg

 

Badirudi batzuentzat denborak ez duela aurrera egiten. Oraindik ere kazetariek Lubaki bandagatik galdetzen dizute, nahiz eta urteak diren taldea desagertu zenetik. Zentzu horretan, zenbateraino mugatzen du literatur talde batek norberaren jarduna, zenbateraino da bidean aurrera egiteko lagungarri?

Guri ere harrigarri egiten zaigu jendea garai haiekin edo, behintzat, taldearen izenarekin hainbeste gogoratzea. Izena gizarteratu egin genuela iruditzen zait, ordua arte lubaki ez baitzen hitz erabiliegia. Ez dakit horregatik izango ote den, baina egia da, jendeak gogoan du Lubaki banda. Dena den, ez dut uste halako literatur talde batek mugatzen duenik; nolabait, abiapuntua izan zen. Lubakik bertan ibili ginenok elkar ezagutzeko aukera eman zigun, babesa eta laguntza morala ematen genion batak besteari. Hortik proiektu berriak eta lagunak sortu dira, eta horrek hortxe jarraitzen du. Baina gaur egun bandak zer suposatu zuen galdetzea… Aspaldiko kontuak iruditzen zaizkit.

Kea behelainopean bezala poesia liburua kaleratu zenuenetik, dela ipuinak dela nobela urtero liburu bat argitaratzera ohiturik zenituen irakurleak. Alabaina, hiru urte daramatzazu bizi seinalerik eman gabe, literatur arloan behintzat, eta batek baino gehiagok galdetzen du zertan dabilen Harkaitz.

(Kar, kar) Bada memento honetan zutabeak idazten nabil. Gustua hartu diot urtero liburuak ez ateratzeari. Ez dut uste gutxiago idazten dudanik, baina idatzitakoa ez dut hain erraz liburu batean bildurik ikusten. Idazten noana gordetzen dut, une egokia iritsi arte. Orain dela gutxi ipuin liburu bat izango dena zehazten hasi naiz, baina kostatu egin zait horretara iristea. Gainera, azkenaldian bestelako lanekin ibili naiz, ez hertsiki literarioak (zutabegintza, telebista gidoiak, itzulpenak, enkarguzko lanak), eta haiek guztiak amaitutakoan libreago sentituko naiz gauza berrietan pentsatzen hasteko.

 

Idazten duzuna liburua batean ikustea geroz eta zailagoa egiten zaizula diozu, urteekin autoexigentzia maila igo den seinale?

Nik uste baietz, eta seinale txarra izango litzateke hala ez balitz. Alde horretatik, neure lanak gaztelerara itzuli behar izateak ikasteko balio izan dit. Une honetan Pasaia blues-en itzulpena zuzentzen nabil. Ez dut nik egin, baina dena goitik behera aldatzen ari naiz, kapitulu osoak berriro moldatzen. Batzuetan nahiko etsipengarria da garai batean idatzitakoa orainean aztertzea, baina hortik dudarik gabe irakaspen bat ateratzen da. Konturatzen zara esan nahi zenuena oso argi zeneukala orduan ere, baina aukeratu zenituen hitzak edo adierazpideak agian ez ziren zehatzenak.

Bestelako lan horien artean haur literatura jorratzeko aukera eduki duzu. Bide horretan sakontzeko asmorik duzu?

Haur literatura sorpresa bat izan da; ez nuen sekula pentsatu haurrentzat ezer idatziko nuenik. Baina enkarguz sartu nintzen mundu horretan, eta gustu pixka bat hartu diot. Ez da nire lehentasuna, baina esperientzia gustatu zait. Hain zuzen, haurrentzat idatzi nuen aurreneko istorioa beste zerbait egiteko pentsaturik neukan, baina gero ohartu nintzen haurrentzat egokitu zitekeela. Ez dakit bide horretatik jarraituko dudan, baina haur literaturan sakontzekotan normalean lantzen ez diren gaiak eta joera atseginetik kanpoko istorioak idatziko ditut. Erronka polita da helduek dituzten gatazkak adin txikiagoko pertsona bati azaltzea. ber06_3.jpg

 

Halako lanak, enkarguzkoak, zenbateraino dira gozamen, zenbateraino eguneroko ogia irabazteko bide?

Graduazioa beltzetik zurira egin daiteke, bitarteko tonu guztiak kontuan harturik. Batzuetan ezustekoak gertatzen dira, onerako zein txarrerako. Inprobisazioari buruz antolatu zituzten jardunaldien harira telebista saio baterako gidoia egiteko eskatu zidaten, eta oso gustura egin nuen. Beste batzuetan ez da horrelakorik gertatzen; enkargu batean sartzen zara kontua nola amaituko den jakin gabe. Dena den, paperetik haruntzago doazen kontuekin zein euskarri berriekin esperimentatzea gustatzen zait horrek dakartzan arrisku guztiekin: batzuetan lotuegi egotea, bestetan gainerako lanak ahaztea.

Euskarri berriak aipatu dituzula, Igor Calzadarekin batera “Uztail oparo ostean” diskoa aurkeztu zenuen duela hiru urte. Bertan zure poemei ahotsa eta doinua jarri zien Calzadak. Orain Hirisladak ikuskizunean nolabait orduko proiektuari berriro heldu diozue, baina bestelako formato batean.

Bai, Hirisladakaurrekoa baino proiektu bisualagoa da, hau da, argazkietan oinarritzen da gehienbat. Saioan zehar 200 argazki inguru proiektatzen dira, eta irakurtzen ditudan testuak irudiei oso loturik daude. Telebistan eta zineman egin ditudan gauzen garapen logikoa da ikuskizuna. Testutik urruntzen den zerbait da, film labur baten antza du, baina irudi geldoekin. Eta horrekin batera, Igorren kantuak daude.

Musika, irudiak eta literatura uztartzen dituzten saioak ugaritu egin dira azkenaldian. Jendeari begira arrakasta dezente izaten dute; badirudi halako proposamenen aurrean ikusleak esker onekoagoak direla.

Batak bestea sustatzen duela pentsatzeko joera daukagu, baina nik ez daukat hain argi. Badago errezitaletara joatea gustatu eta libururik irakurtzen ez duen jendea, beste batzuek kontrakoa egiten dute, eta bada bata zein bestea gustuko dituen jendea. Nire ustez osagarriak dira. Ez da pentsatu behar saio hauek nahitaez literatura sustatzeko direnik. Ikuskizunek, berez, balio bat dute. Ikuslearekiko harremana zuzenagoa da. Aldiz, liburuak distantzia bat markatzen du. Baina gauza bera gertatzen ari zaigu Maialen Lujanbio, Anjel Lertxundi eta hiruroi Berria-n egunero idazten ditugun zutabeekin. Irakurleen erreakzioa handiagoa da liburu bat ateratzen dugunean baino, baina euskarri berezia delako gertatzen da hori. Liburuekin erreakzioa dispertsoagoa da, epe luzera nabaritzen da beren eragina. Dena den, asumiturik dago hori guztia.

Zein generotan sentitzen zara erosoen? Aurrerantzean ere haiek guztiak tartekatzeko asmoa daukazu?

Gustukoen dudan generoa, eta nigan naturalena, ipuina da. Nire lehen liburua ez zen ipuin liburua izan, baina ipuina da gehien landu dudana. Ez dakit zenbat nobela idatzi behar dituzun bat ona lortzeko, baina ipuinak urte gutxitan 30 idatz ditzakezu. Nobelak, aldiz, ez. Beraz, neurri batean arrazoi matematikoa ere bada. Bestetik, ipuinak nobela baino gogokoagoak ditut istorioz aldatzea gustatzen zaidalako: istorio bat kontatzen amaitu eta beste bati ekitea. Nobela bat idazteko oso garbi eduki behar dituzu gauza asko, eta ipuin batean ez hainbeste. Azken bi urte hauetan ipuin dezente idatzi ditut, eta nahiko gogotsu nago horrekin. Kontua da ez niela ipuinei loturarik ikusten, zer justifikazio egon zitekeen denak liburu batean biltzeko. Eta halako batean flash moduko batean etorri zitzaidan izenburua, Neguko zirkoa, eta izenburu horrekin denak batzeko modua aurkitu dut.

Noizko aurkezpena?

Hurrengo negurako. Ez dakit azaroan, abenduan ala urtarrilean aterako den, baina negutik ez da pasako. Horretaz aparte, buruan bi istorio dauzkat, nobelatxo bat ere, baina epe luzera begira. Gustura nago idazten, eta urte beteren bueltan literatur kontuei denbora gehiago eskaintzea pentsaturik daukat, lehenago egiten nuen bezala.ber06_4.jpg

Kontaizu

2004, Apirila 01
Arloa: Berba Bi