Audience taldearen disko berria

Gotzon Uribe

2017, Uztaila 05
Arloa: Barri music

Gernikako taldea albiste dugu egunotan. Orain dela hilabete batzuk Kuban izan dira beraien lan berria izango dena grabatzen.

Zortzigarren diskoa izango da datorren Urrian plazaratuko dutena. Isuntza anaiek zuzentzen duten taldeak Bidehuts zigiluarekin plazaratuko dute disko berria. “Isla” izeburupean aurkeztuko den lan luzea Kaki Arkarazorekin grabatu dute Kuban eta 11 abestik osatuko dute.

Egunotan “El tres, el quinto y el tumbao” aurrerapen abestia plazaratu dute eta bertan nabarmen somatu daiteke taldearen ibilbidean aurrerapausu bat izango den sonoridadea lortu dutela. Ohikoak dituzten kitarra gordinen eskutik Kubako musikaren etorria barneratu dute eta bertako ikutu beroak eta jarioak zer esan emango du. Aipatu ere Kubako musikari ezberdinen parte hartzea izan dutela disko berrian.

Ibilbide sendoa duen taldea da Audience, hala nola, “Amerikanuak” eta “Jaia Alai Blues” dokumentalen soinu banda konposatu dituzte berriki. Aurreko lan luzea New York hirian grabatu zuten eta rock eta folk doinuen zirrikiturik berezienetan murgiltzen trebeak dira Gernikarrak. “Isla” lan berria aurrerapausu bat izango da bai entzulearen begitara, baita taldearentzako ere.