Kolorearen garrantzia webgune edo blogetan

letrArt

2017, Ekaina 26
Arloa: Arteder

Gauza jakina da koloreak pertsonengan eragin handia duela, sentsazioak eta emozioak eragiten ditu, gure adimena pizten du. Hortaz, zalantzarik gabe, gure webgune edo bloga antolatzean erabiltzen dugun koloreak ere eragina izango du erabiltzaile edo irakurleengan. Ez da erakargarritasun kontua soilik, gure webgunearen barruan erabiltzaileak zer egitea nahi dugun ere horren araberakoa izango da. Eta gutako bakoitzak koloreak gure modura sentitzen ditugun arren, badago ia guztiek antzera hautematen ditugun pertzepzioak ere.

Hona hemen, oro har, kolore bakoitzak transmititzen duena:

GORRIA: bihotzaren erritmoa eta arnasa azkartzen dituen kolorea da, erasokorra, energia handikoa, deigarria eta probokatzailea.

MOREA: sofistikazioa eta misterioa, espiritualtasuna eta elegantzia islatzen ditu.

URDINA: lasaitasuna eragiten du, konfiantza, segurtasuna.

BERDEA: lasaitasuna, freskotasuna eta osasuna, ospea, aberastasuna.

HORIA: itxaropena eta baikortasuna pizten ditu. Sormena pizten du, distiratsua eta erakargarria da.

LARANJA: horiaren distira eta gorriaren energia biltzen ditu. Poza, bizipoza eta dibertimendua.

BELTZA: ospea, adore, sofistikazioa.

ZURIA: purutasuna, zintzotasuna, garbitasuna, leuntasuna.

Denok identifikatzen ditugu (nahita edo nahi gabe) kolore batzuk marka jakin batzuekin, edo denok ditugu gustuko kolore batzuk eta ez horrenbeste beste batzuk. Baina adibide gisa, hona hemen datu batzuk: munduko 100 marka garrantzitsuenetatik % 29k gorria erabiltzen du; % 33k urdina; % 28k grisa edo beltza eta % 13k horia.

Eta ez dugu inoren propagandarik egin gura, baina seguru guztioi bururatzen zaigula kolore horietako bakoitza erabiltzen duen marka bat edo alderdi politiko bat, esaterako. Ez pentsa kasualitatea denik.

Gure webgunea prestatzean, beraz, aztertu egin behar dugu norengana heldu nahi dugun eta zer nolako eragina piztu nahi dugun,  gerta daiteke erabiltzaile edo irakurlea koloreagatik deseroso sentitzea eta gure webgune edo blogetik alde egitea.

Egia esan, koloreen azterketa hori baino sakonagoa da, eta kultura batetik bestera pertzepzioa aldatu egiten da, Txinan eta Indian, emaztegaiak gorriz janzten dira, adibidez, zorte ona eta emankortasuna adierazten duelako. Bitxikeriak ere badira, purpura kolorea aberastasunarekin lotzen da gaur egun eta betidanik erregetzarekin eta kleroarekin lotutako kolorea izan da, patrizio erromatarrek ere kolore horretako tunikak erabiltzen zituzten. Antzinako Grezian molusku batetik ateratzen zuten hartarako tindua (hortik datorkio izena), eta oso garestia zenez, aberats gutxi batzuek soilik erabil zezaketen.

Dudarik gabe, lehenengo inpresioa da garrantzitsuena, eta gure webgunearekin lehenengo inpresio hori eragiteko aukera bakarra dugu; nolakoak garen edo nola agertzen garen beste batzuen aurrean horrek definituko du, beraz, ondo aukeratu.