Haurdun geratuz gero

Aupa Agurtzane!

Getxotik idazten dizun 16 urteko neska bat naiz. Eta zuzenean galdetuko dizut; haurdun geratuz gero, ze egin dezaket? 16 urterekin abortatzea inork jakin gabe posiblea al da? Zer egin beharko nuke? Eskerrik asko benetan!!!

Aupa !

Mila esker zeuri ere, hain zuzena eta hain argia izatearren. Orain dela urte pare bat legealdia aldatu egin zen eta horren ondorioz adin gabekoei begira dauden aukerak ere aldatu ziren.
Haurdunaldia etetzea zein aurrera egitearen ganeko erabakia ez da bat ere erraza eta 18 urte baino gutxiago baldin dituzu, edozein erabakia gauzatzeko zure gurasoen laguntzarekin izan behar da. Zergatik? Haurdunaldia ezin delako ezkutatu eta etetea nahi baduzu zure gurasoen baimena beharrezkoa izango delako.

Egun zuk planteatzen duzun moduan “abortatzeko”, bi era daude. Osakidetzak emango dizu aukera bat bideratzeko, eta baita ere horrelakoak egiteko zertifikatuta dauden klinika pribatuak, beti ere haurdunaldiaren lehen 12 asteetan. Edozelako kasutan ere, odol analisia egingo dizute haurdun zaudela baieztatzeko eta ebaluazio bat egingo izute ere haurdun noiztik zauden jakiteko. Baiezkoa izanez gero, egun pare bat daukazu erabakia hartzeko. Erabakia haurdunaldia etetzea bada, eta zure gurasoen baimena baldin badaukazu, aurrera. Haurdunaldia 7 aste baino gutxiagokoa bada etenaldi kimikoa egiten dizute, hau da pastilla batzuen bitartez hilekoa ereiko dizute. Haurdunaldia 7 aste baino gehiagokoa bada etenaldi kirurjikoa egingo dizute, umetokia garbituz.

 

Ez da izaten erraza,  eta buruari buelta asko ematen diogu, gure ikara guztiek barrena jaten baitigute, dena iluntzen zaigu, eta ez da arraroa “zoroarena” egitea. Hau da, erabakia gerorago utzi,  eta pentsatu ere beharbada hurrengo hilabetean hilekoa izango duzula. Trantze latza da. Beraz, haurdun zaudela sumatzen baduzu froga egin, edozein botiketan salduko dizute. Ezezkoa bada, arnasa hartu eta lasaitasun ederra izango duzu. Baina baiezkoa bada konpartitzeko unea da: zure bikotekidearekin edota zure lagun on batekin, eta guraso edo konfiantzazko nagusi batekin berba egin. Bidai lagunak behar izango dituzu hurrengo urratsak bideratzeko eta.

Batzuetan uste dugu gure gurasoek ez digutela lagunduko edo zigor izugarria jarriko digutela...Beldurrak eraginda astakeri asko pentsatzen dugu eta beharbada gurasoen erreakzioak ere kudeatu beharko ditugu, eurentzako ez delako erraza ere. Baina kasu gehienetan familiakoak  gu laguntzeko prest egoten dira, euren seme-alabak asko maite dituzte eta.

Ondo izan!!

Agurtzane

 

Eta laguna barruan gura badozu izan, ez ahaztu zuon hirugarren kidea kondoia zuori laguntzeko prest egongo dela!! Hirurek sano ondo pasako duzue eta!!

Sikiera lasaiagoooo

Kontaizu

2017, Ekaina 21
Arloa: Jo ta jo