Blogak sortzaileentzako tresna

Blogetan euskarazko blogen lehiaketaren emaitzek mahai gainean jarri dute blogek duten egunerokotasuna. Sare sozialak gehiago erabiltzen baditugu ere, informazioa eskuratzeko edota argitaratzeko tresna garrantzitsuena izaten jarraitzen dute. Zenbait blog interesgarri ezagutu eta hauek egiteko baliabide batzuk ikusera goaz hemen.

5 blog interesgarri

Blog ugari dago eta horietako asko euskarazkoak dira. Batzuk hedabideei lotutakoak dira Berria edo Argiak dituztenak adibidez. Norbanakoek idatzitako bitakora soilak zirenetik asko igaro da, orain blog horietako asko norbanakoek baino, taldeek egiten dituzte. Blogak diren ere, zalatzan jarri dezakegu, muga askotan definitzen zaila.

Kontuan hartzeko datua: blogak egiteko gehienek erabiltzen duten Wordpress software libreko tresna, blogez gain, munduko webgune guztien %25 inguruk erabiltzen dute.

Iparraldeko neska http://www.berria.eus/blogariak/iparraldekoneska/

Kultura kategoriako irabazlea da Castillo Suarezen bloga. Berria blog sareko blog honetan Castillo Suarezek hainbat sortzaileren testu hautatuak jartzen ditu. 2015. urtetik dago martxan eta ordutik ehunka dira idatzitako mezuak.

Etzi.pm – portu maritimoa http://etzi.pm

Jendartea eta politika atalean irabazlea izan da Etzi.pm. Etorkizunean izan nahi duguna, gaur eztabaidatzen hasteko aukera eman nahi duen blog kolektiboa da. Blogaz gain, hainbat pertsonak osatutako taldeari esker ikus-entzunezko atala (Periskopioa) eta podcast-a (Gramofonoa) ere jarri dituzte martxan. Urte amaierarekin batera, paperean ere atera izan dituzte zenbait testu aukeratu.

Game Erauntsia http://gamerauntsia.eus

Aisia atalean, hemen bertan aipatu genuen Game Erauntsiaren blogak irabazi zuen. Bideo-joko euskaldunei buruzko komunitate honek hauen inguruan hitz egin, elkartu, eztabaidatu eta noski jolasteko prest dagoen jende komunitatea biltzen du. Euskarazko bideo-jokoak euskarara lokalizatzea ere helburu dute, gero eta arrakasta gehiagorekin.

Iparra bloga http://iparra.eus

Zientzia eta teknologiaren lorrean aldiz, Xabier Martinen blogak irabazi zuen. Euskaraz sortzen diren baliabide teknologikoen berri eman eta baliabide teknologikoak euskaraz izateko aldarrikapen kanpainak martxan jarri izan ditu. Azkena, Apple enpresari berau euskaraz jartzeko eskaria.

Hauek bost irabazleak, Argiaren blogari berriaren sariarekin batera. Azken hau 52 milimetro argazki blogaren egileei, Ainara Berges eta Josune Gil, eskaintzea izan da Argiaren erabakia.

Sortu zurea

Blogak beraz askotarikoak dira, gai pertsonalen ingurukoak edota gai zehatzei lotuta, norbanakoak edo kolektiboak, plataforma bati lotutakoak edo libreki sortuak... Tresnak badaude eta inoiz baino errazago da gainera horrelako bat izatea: aukera errazenetik zailenera hauek:

Blogak sortzeko plataforma bat

Ezagutza tekniko gutxi badituzue egokia litzateke honekin hastea. Beste zerbitzu askotan gerta bezala, blogak sortzeko plataformak badaude. Kontu bat sortu eta zuzenean blog bat izango duzu, normalean doan. Plataforma berdina erabiltzen dutenen laguntza ere izan dezakezu kasu batzuetan, baina gogoratu mugatua ere egongo da, diseinu eta funtzionaltasun aukeran. Wordpress.com edo euskaraz Blogariak.net plataforma interesgarriak dira hasteko.

Bloga sortu aurretikoen laguntzaz

Lehen aipatu ditugu hainbat hedabidek blogak dituztela, horrelako zenbaitetan blog bat irekitzeko arazorik ez dute jartzen eta askotan laguntzeko prest daude, Gaztezulo da horietako bat. Bestela, badira aspalditik blog komunitateak ere. Beren kaxa bildu eta blogak sortzea erabakitzen dutenak Eibar.org da horietan ezagunena. Kontua blog bat sortzeko laguntza bilatzean datza. Berez, erraza da baina ausardia hori, norbaiten laguntzaz asko arintzen da.

Blog propioa sortu domeinu propioarekin

Zergatik ez domeinu propioa duen, blog aparteko bat sortu? Gaia argi baduzu eta dirutxo bat inbertitzeko prest bazaude hau da zure aukera. Ez da diru askorik behar domeinua + ostatze zerbitzua 100 euroren bueltan izaten dira urtean. Domeinua erosi eta Wordpress bat instalatuta prest zaude zure bloga izateko. Gainera, teknikoki erraztasun handiak ematen dituzte ostatze zerbitzu askok, Wordpress ia klik bakar batean instalatuz automatikoki. Domeinuak.eus webgunean zenbait ostatze zerbitzu interesgarri topatuko dituzue.

 

Gorka Julio

2017, Maiatza 03
Arloa: Sarean