Aitor Etxebarria

“Markak” deitzen da Hannot Mintegia gernikarrak iazko urtean egindako filma. Bertan Gernikako bonbardeaketak belaunaldi gazteengan izandako eragina azaltzen da. Hannot beti egon da musikarekin oso lotuta, Audience taldeko abeslari eta kitarrajolea izan da urte askoan. Bere filmari musika jartzeko ardura beste gernikar batek izan du, Aitor Etxebarriak.

El Txefa izengoitiarekin ezagutzen da Aitor musika elektronikoko zirkuituan. Urteak daramatza dj moduan aritzen munduko leku ezberdinetan. Asia, Estatu Batuak, Hego Amerika eta Europako hainbat lekutatik deitzen diote.

Aitor Etxebarria dja izateaz gain konposatzailea ere bada eta “Markak” filmaren soinu bandaren egilea ere. Konposizio klasikoa gailentzen da disko eder honetan. Joan den astean plazaratu zen diskoa Gernikako Bonbardeaketaren 80. urteurrena betetzen zela. Diskoaren grabazioan kolaboratzaile ezberdinak aritu dira, Miren Narbaiza, Valentina Riddolfi eta Hibai Etxebarria.

Nolabait ziklo bat biribiltzen da lan honekin. 2007an Bernardo Atxagak izen bereko liburua plazaratu zuen, 2016an Hannotek filma burutu zuen eta orain, 2017n diskoa plazaratzen da.

 

Aitor Etxebarria " Markak " Teaser one from Forbidden Colours on Vimeo.

Euskal Herrian aurkezpen emanaldi bakarra eskeiniko du Etxebarriak. Datorren ekainaren 15ean izango da Bilboko Kafe Antzokian. Gero Bartzelonako Sonar jaialdian eta New Yorken arituko da.

Zuzeneko taldea Aitor Etxebarriak (teklatuak), Hannot Mintegiak (kitarrak), Hasier Oleaga (bateria), Hibai Etxebarria (pianoa) eta Jatsu Argarate (baxua) osatuko dute eta emanaldi hauetan taldeari ari laukote bat batuko zaio.

 

 

Gotzon Uribe

2017, Maiatza 01