Ernesto Valverde - Futbolaria

Kontaizu

ber09_01.jpg

Futbola erretratatzen

  • Viandar de la Vera, 1964.
  • Jokalari profesionala izan zeneko garaian Alavesen, Espanyolen, Bartzelonan, Athleticen eta Mallorcan jokatu zuen.
  • Bartzelonan zegoela argazkilaritza ikasi zuen.
  • Gaur egun, Athleticeko entrenatzailea da.

Hurrengo denboraldian Athleticek UEFA jokatuko duela-eta zoriondu dugu Valverde. Futbolari buruzko galderak espero zituen, baina ezusteko txiki bat prestatu diogu: hainbeste maite duen argazkilaritzari buruz berba egiteko eskatu diogu.

ber09_02.jpg

 

Garai batean, futbolari argazkilaria deitzen zizuten lagunek. Orain nola deitu beharko genizuke, entrenatzaile argazkilaria?

Betidanik egon naiz argazki kontuekin gora eta behera, eta argazkilaritza ikasketak ere egin egin nituen. Baina, egia esateko, lehen denbora gehiago eskaintzen nion, jokalari nintzen garaian batez ere. Azkenaldian, argazkilari profesionalen zorterako, mundu horretatik kanpo nago (kar, kar).

Beraz, ororen gainetik, futbolari sentitzen zarela esan daiteke.

Futbola barruraino sartzen zaizun kontua da, eta, beraz, beti sentitzen zara futbolari. Aspaldiko futbolariek (Zarrak, Iribarrek eta) halaxe esaten dute: behin jokalari izanda, betirako izango zara jokalari. Ados nago. Dena den, argazkilaritzari berriro heldu nahi diot. Futbolari profesionala izateari utzi nionean, argazkilaritzan buru belarri sartuko nintzela erabakita neukan, baina ez nuen hitza bete. Eta entrenatzaile lanak denbora handia kentzen didanez, gehiegi agian, ezin kamera hartu.

Zergatik argazkilaritza?

Betiko zaletasuna dut. Jokalari gisa irabazi nuen lehen soldatarekin (Alavesen nengoen orduan), Kanariar uharteetara joan zen lagun bati kamera bat erosteko eskatu nion, eta ordutik argazkiak egiten nabil. Hasiera batean, denbora pasa besterik ez zen. Sasoi hartan, elektronika ikasten nenbilen, gero UBI-n sartu nintzen ondoren unibertsitatera joateko… Orduan Espanyol taldeak fitxatu ninduen. Nik banekien Bartzelonan argazkilaritzari buruzko institutu bat zegoela, eta hantxe jokatu behar nuela aprobetxatuta lau ikasketa urteak egin nituen. Baina urte haietan ere hobby moduan hartzen nuen argazkilaritza. Futbolari zarenean, ezin zara beste edozertara dedikatu, ez profesionalki behintzat.

 

Profesionala izan ez arren, zenbait erakusketetan parte hartzeko aukera eduki zenuen.

Bai, Bartzelonan erakusketa batzuk egin nituen, baina tira… Antolatzaileak lagunak zirelako parte hartu nuen. Gainera, han egin nuen lehen erakustaldia ausartegia izan zela onartzen dut. Oraindik ikasten nenbilen, argazkiak halamoduz errebelatzen nituen, eta ez neukan behar beste mailarik. Lotsa pixka bat ematen dit erakusketa horrekin gogoratzeak. Bigarren erakusketak erretratu gehiago zituen, eta txukunagoa zen. Hemen ere erakusketaren baterako argazkiak eskatu zizkidaten, baina ez pentsa gauza handiak zirenik. Imaginatzen dut futbolari profesional batek argazkiak ateratzea harrigarria egingo zitzaiela, eta ziurrenik kuriositateak bultzaturik deituko zidaten, ez puntako argazkilaria nintzelako. Zarauzko Photomuseum-ekoek ere zer edo zer egiteko proposatu zidaten, gero Arte Eder museoko Jose Julian Bakedanok deitu zidan, baina ez bata ez bestea ez ziren atera. Eta eskerrak, saltsa gehiegitan sartzea iruditzen baitzitzaidan. Gauza bat da erakusketa txikietan parte hartzea, eta beste bat maila handiko kontuetan inplikatzea. Korner bat edo penalti bat jaurtikitzera ausar naiteke, baina halako kontuetan sartu… Ez.

Puntako argazkilaria izan ala ez, Athleticen taldekide zenituen zenbait jokalariri buruz egin zenuen erretratu sailak arrakasta handia eduki zuen.

Benetan?

Bai, hala izan zen.

Gogoan ditut argazki haiek. El País-en aldizkarian argitaratu zituzten, eta azken orduko kontuengatik Larrazabali egin nion argazki bat ez zen sartu. 95ean izan zen, Athleticekin jokatu nuen azken urtean. Bai, ondo pasa genuen argazkien kontuarekin. El País-eko zuzendaria zenak deitu zidan jokalariekin zerbait egin nezan, eta erretratu sail bat egitea pentsatu nuen. El Periódico de Cataluña-ko gehigarrirako ere argazki batzuk egin nituen, baina Mallorcan nengoen orduan. Kamera panoramiko bat utzi zidaten lana egiteko, eta hamaika buruhauste eman zizkidan. Partida batera eraman nuen lamera, eta jokalaria baino gehiago turista bat ematen nuen. Argazki batzuk ordezkoen aulkitik atera nituen, eta haietako bat egunkari batean argitaratu zidaten. Ecijan gertatu zen, eta partida irabazi egin genuen. Ondoren, kamera kontzentrazioetara eramaten hasi nintzen jokalariei argazkiak egiteko. Pena handia dut jokalarien egunerokoari argazki gutxi eskaini nizkiolako, eta nire hasierako asmoa horixe zen: barruko egoera jasotzea. Baina nahiko ezerosoa gertatzen zen. Jokalariak uneoro kameren aurrean daude, eta normala denez euren intimitatea babestu nahi dute. Lankide izateak ez dizu intimitate apur hori apurtzeko eskubidea ematen.

Dena den, zure argazkietan ez dira futbol jokalariak soilik ateratzen.

Bartzelonako garaian, El Bornen argazki dezente atera nituen. Orain modan dago zonalde hori, baina urte haietan nahiko bazterturik zeukaten. Ez zen auzo gatazkatsua, baina ez zuen fama onegirik. Hasieran erraza zen kamera hartu eta handik eta hemendik argazkiak ateratzen ibiltzea. Bartzelonara iritsi berria nintzen, eta jendeak ez ninduen ezagutzen. Baina nire izena ezagun egiten joan zitzaien neurrian, kontua dezente aldatu zen. Argazki bat ateratzera joan, norbaitek zu ezagutu eta hortxe etortzen zitzaizikuzn denak gainera. Horrek pixka bat atzera bota ninduen.

Anaia jokalari izandakoa da eta gaur egun ilustratzaile ezaguna dugu. Zeu ere futbolean aritutakoa zara eta argazkilaritza duzu pasio. Halako zaletasunak edukitzea familia kontua ote?

Ez dut uste. Gurasoak pertsona apalak dira, larretik etorritakoak. Egia da mutikoak ginenetik oso mugituak izan garela. Anaia komikiarekin hasi zen, eta gerora ilustrazioaren munduan sartu zen. Ni neu argazkilaritzara zuzendu ditut neure urratsak, baina denborarekin etorritako zerbait izan da. Anaiak argi zeukan zertara dedikatu nahi zuen. 17 urterekin futbolea jokatzeari utzi eta Arte Ederretako fakultatean sartu zen. Nire kasuan, futbolean ondo nenbilenez, hortik jo nuen. ber09_03.jpg

 

Nonbait, anaiak ausardia handiagoa erakutsi zuen.

Eta izugarri pozten naiz hartu zuen erabakiagatik. Nik neuk onartzen dut argazkilaritzan gehiago sakondu behar izan nuela. Ezin dut uste hori burutik kendu. Jokatzeari utzi ostean, Jose Mari Amorrortuk eskaturik hasi nintzen entrenatzaile lanetan. Bere ustez, entrenatzaile ona izan nintekeen, eta hain pertsona zorgarria denez, baiezkoa eman nion. Erabaki horrek argazkilaritzatik urrundu ninduen, eta hortxe geratu zait zalantza, agian ez ote nion argazkilaritzari heldu behar… Baina futbola hain da erakargarria, hainbeste lotzen zaitu, azkenean ez baitizu beste ezertan sartzen uzten. Eta ez bakarrik maila profesionalean; amateur mailan aritzen direnei ere gertatzen zaie hori. Egia da futbol profesionaleko hainbat kontu ahazteko modukoak direla. Futbola utzi nuenean ez nuen zelaiei buruz ezer jakin nahi; presioarekin nazkatuta nengoen. Baina paradoxikoki, jokatzeari utzi eta urte betera mundu guztia itzultzen da futbolera. Barruan daramagun harrak ez digu futbolarik gabe bizitzen uzten. Orain berriro nago futbolean, eta jokalari nintzen garaia berriro bizitzen ari naizen inpresioa dut: prentsaurrekoak, betiko polemikak, presioa… Horrelakoetan zertarako bueltatuko nintzen galdetzen diot neure buruari, baina segituan futbolak dauzkan gauza onekin gogoratzen naiz: talde giroa, elkarrekin gauza handiak lortzeko aukera… Dena den, argazkilaritzari heltzearena ez dut baztertu.

Argazkilari bat?

Garai batean izugarri miresten nituen Bernard Plossu eta Nozolino. Eta, jakina, mundu guztiari gustatzen zaizkion klasikoak: Cartier-Bresson, Walter Evans… García-Alixen lana ere gogoko dut. Lehen argazkilaritza liburu asko erosten nituen. Etxea horrelakoez beterik daukat. Bidaiak horretarako aprobetxatzen nituen, liburuak erosteko.

Bereziki gogoko duzun argazki bat?

Amamari egin nion erretratu bat. Nahiko emakume txikia zen, eta neskato bat ematen zuen argazkian : goitik behera beltzez jantzita, ilea erabat urdinduta, aurpegi xaloarekin... Elgoibarren egon zen erakusketa batean agertu zen, duela urte batzuk.ber09_04.jpg

Kontaizu

2004, Uztaila 01
Arloa: Berba Bi