web teknologiak

Orain erabiltzen ditugun tresna gehienetan formularioak betez web bat editatzeko gai gara, baina Matrixen egongo bagina bezala gauzak apur bat aldatu eta gure gustura jarri nahi ditugunean mugak berehala ikusten ditugu. Zergatik ez web teknologiak apur bat ikasi behintzat horrela gauzak alda ezin baditugu ere, gauzak alda ditzakeenari zer nahi dugun hobeto azaldu ahal izateko?

Gaur egun idazten jakitea, web ingurunean ere idazten jakitea behar luke izan. Programatzera iritsi gabe, behintzat web teknologiak ezagutu eta horietan gauza sinpleak badira ere egiten ikastea beharrezko bihurtu da. Orain erabiltzen ditugun tresna gehienetan formularioak betez web bat editatzeko gai gara, baina Matrixen egongo bagina bezala gauzak apur bat aldatu eta gure gustura jarri nahi ditugunean mugak berehala ikusten ditugu. Zergatik ez web teknologiak apur bat ikasi behintzat horrela gauzak alda ezin baditugu ere, gauzak alda ditzakeenari zer nahi dugun hobeto azaldu ahal izateko?

Berritasuna baina, horretan datza gaur egun, web teknologiak ikasteaz gain, horiek benetan martxan jartzeko erraztasun handiak ditugu. Gero eta zailagoa da, nahi duenari, hau edo beste ukitu ezin duela esatea. Horregatik oraingoan sei ariketa txikirekin web teknologiak ikasteko bide orri txiki bat definituko dugu; gustuko duenak ezagutza hauekin maxiatzen hasteko. Lan honetarako, Mozilla Fundazioaren X-Ray goggles, Thimble eta Webmaker tresna errazak erabiliko ditugu.

Web baten tripak ezagutu eta moldatuz HTMLa ezagutu

HTML edo HyperText Markup Language web orriak egiteko Markaketa lengoaia bat da. Informazioa egituratzeko erabiltzen da eta neurri batean itxura eta semantika ere deskribatzeko erabil daiteke.

Nabigatzen ari garela, ikusten ari garen webgune hori gure ordenagailura jaitsi den uneko kopia lokala da. Nabigatzaileak eskatu egiten dio zerbitzariari eta hark guri entregatzen digu eta erakutsi. Horri esker, X-ray goggles erabiliz edozein webgunerenHTML egitura ikusi eta edita dezakegu, X izpiak izango bagenitu bezala. Ez gara zuzenean webgune originala editatzen ari noski, baizik eta gure kopia lokala, baina hori gorde dezakegu eta broma moduan adibidez gure albiste propioak sortu. Horixe da proposatzen dizuegun lehen ekintza, X-ray goggles erabili, zuen ohiko egunkari edo webgune ezagunena bisitatu eta aldatzea.

Eginda dagoena aldatzea ondo dago, bereziki egituraren jabe egin eta etiketak zein diren eta nola antolatzen diren jakiteko. Bigarren esperimentua beraz, laguntza apur batekin zure webgune txiki propioa sortzea da. Horixe da proposamena, behin HTMLa apur bat ulertuta web sinple pertsonal bat egin dezakegu. Gure ordenagailuan egin genezake txt bat egiten dugun moduan eta gero .html luzapena jarriz. Errazago egiteko Thimble tresnak, kode editore bat eta horrek nabigatzailean emango lukeen emaitza erakusten digunez, bertan egin dezakegu gure webaren simulazioa.

Web bati estiloa gehitu eta moldatuz CSSa ezagutu

Kaskadako estilo-orriak edo CSS (ingelesez, Cascading Style Sheets) HTML edo XML (beraz, XHTML ere bai) lengoaian egituratutako dokumentu baten aurkezpena definitzeko balio duen lengoaia da. CSS lengoaiaren helburu nagusia dokumentu baten edukia eta aurkezpena bereiztea da.

Hurrengo pausoa beraz, webguneei estiloa ematen ikastea da. Egitura egiten ikasi ondoren, errazagoa da estiloak eta forma ematea. Horretarako zer hobekiago Interneten bolo-bolo dabiltzan memeak egiten ikastea baino. Adibide batzurekin webgune forma duen meme bat aldatu eta bere CSSa moldatzen ikasi genezake adibidez.
CSSren boterea aldiz, oso handia da, bereziki azken aldian egindako aldaketekin. Ariketa polita da adibidez, web teknologiekin komikiak egin daitezkeela ikustea. CSSaren bidez dena alda daiteke, koloreak, itxurak, letra-motak... Istorio politak sor daitezke horrela.

Web interaktibo bat eginez eta moldatuz Javascript ezagutu

JavaScript interpretatutako programazio lengoaia bat da, Java programazio lengoaiarekin antzekotasun handia duena, baina web orrien garapenera zuzenduta dago.

Webguneei interaktibitatea eta dinamikotasuna gehitzeko programazioa behar izaten da. Programazioa beste gai sakonago bat da, Kontaizun honi buruz ere hitz egin izan dugu. Hala ere, web teknologiei lotutako parte txiki bat ikastea ez dator batere gaizki eta nahiko erraza da. Web interaktibo baten moldaketa egin, gorde eta publikatzea ikasteko era polita izan daiteke.

Hau dena ikusi ondoren, atzean dagoena ezagututa, Webmaker aplikazioa erabiliz, mugikorrentzako web edukia sortu dezakegu informazioa antolatu eta istorioak kontatzeko. Tresna horretan ez dira aipatutako ezagutza hauek guztiak behar, baina honaino iritsi bazara atzean dagoena errazago ulertu eta baloratzeko moduan egongo zara ziur ;)

* definizioen atal garrantzitsuenak Wikipediatik atera izan dira.

Gorka Julio

2017, Otsaila 03
Arloa: Sarean