Baloi zapaldu hegalaria

Dena asmatua dagoen garaian bizi gara. Beno... egia esan iraganeko garai guztietan berdina esan dela adierazi genezake, izan ere, gauza berriak asmatzen diren arte pentsaezinak ziren, eta hala, orainaldian daukaguna baino gauza aurreratuagorik esistitu daitekeela ez da inoren buruan kabitzen. Horregatik “dena” asmatuta dago. Aforismo honetxek akaso berrikuntza teknologikoen gaineko adierazpena dela ematen du, baina beste hainbat eremutan ere badago berrikuntzarako tarterik. Kirolean ere bai? Jakina, kirolean dena asmatuta badago ere oraindik ere harritu egiten gara garai berriek dakartzaten elementuekin.

Ultimate kirola berri bezala definitzea, halere, ez da erabat zuzena, izan ere, bere jatorriak 60. hamarkadan (iragan mendean, jakina) ezartzen dira, unibertsitate estatubatuarretan. Taldekako kirola, erdigunean fresbee-a duena. Bai, hondartza eta halakoetan erabiltzen den plastikozko disko hegalaria. Bada, kirol honen arauak futbol amerikarreko eskemetatik hartuak daude, hein handi batean, izan ere, jokoaren ardatza baloia (kasu hontan fresbee-a) anotazio gune batetara eramatea da, hortarako 7 jokalarien elkarlana hauspotuz. Baditu, halere, berezitasunak, izan ere, anotazio kiroletan horren bereizgarria den kontaktu fisikoa ez dago baimendua, eta fresbee-a eskutan duen jokalariak ez dauka mugitzeko ahalmenik, beti ere pasea gauzatzera behartuta dago beraz. Eta ez, ez da soilik hondartzetan jokatzen (nahiz eta hondarrean ere praktika daitekeen).

Kirol berezia ezbairik gabe, nortasuna ematen dioten elementuak bere baitan badituena, baina akaso bere sorrera gizartetik haratago ezartzea zaila dena, izan ere, zerotik hastearen jarduna ez da nolanahikoa. Halere, mugak eta herrialdeen arteko harresiak lausoagoak diren egunotan, zailtasunak baretu egiten dira. Gutxinaka gutxinaka, kirolaren jokalariak handituz joan diren heinean, Euskal Herrian ere lortu du txokotxoa. Hala, estatuko ligan geroz eta egonkortuago dago, esaterako, Diskolaris (aizkolariekiko, kirol tradizionalekiko, alegia, egiten den keinua adierazgarria da) talde getxoztarra. 2013an sortua, bere jokalari kopurua handitzen joan da urtetik urtera, eta azken garaiotan, lehen eta bigarren mailako estatu txapelketa bideratu da Faduran bertan, orotara 400 jokalari baino gehiago bilduz.

Etorkizunean, beraz, disko hegalariaren jardunak bere tokia izan dezake euskal kirolaren eremu anitz eta aberatsean. Azken ñabardura bat beha dezagun: kirolaren oinarrietako bat da epailerik gabeko ekimena dela. Ez da azpiegitura gutxiko kiroletako gabezia hedatuaren fenomenoa, kirola horrela da eta horrela litzateke bere izatasuna handituta ere. Detaile nimiñoa ematen du, baina bere baitan asko gordetzen du. Batzuek lehiakortasun gabezia ohartarazten duten tokian, beste batzuek jokoaren esentzia bera somatzen dute, umeek eskolako atsedenaldian daukaten izpirituaren funtsa. Ez al da jokoa kirolaren bihotza?

Iker Zabala

2017, Urtarrila 11
Arloa: Kirolak