Game Erauntsia bideo-joko komunitate euskalduna

Bideo-joko euskaldunei buruzko komunitatea da Game Erauntsia komunitatea. Bideo-jokoen inguruan, hitz egin, elkartu, eztabaidatu eta noski jolasteko prest dagoen jende komunitatea da. Jolasteaz gain baina, euskarazko bideo-jokoak euskarara lokalizatzea ere helburu dute. Hiru lagunen arteko talde bat zena orain, adin tarte ezberdinetako jendeak osatutako komunitate bat bihurtu da.

Askok bezala, bideo-jokoei buruzko YouTubeko bideo jarraitzen hasi eta beraiek ere ekin zioten euskaraz. Hortik blog bat egiten hasi ziren eta azkenean webgune oso batean amaitu du proiektuak. Webguneari dagozkion atal nagusien artean une honetan GETB, bloga, foroa, komunitatea, jokoak aurkituko dituzue.

GETBan, egiten duten bideo-jokoen inguruko telebista da. Joko berriak eta eszenaren inguruko aktualitate gaiak jorratu ohi dituzten, baita mahai inguru moduko saioekin batera. Gameplay delakoak, jokoen narrazio bideoak ere egiten dituzte, baina beste atal batean topatuko dituzue hauek.

Blogean noski albisteak eta jendeak bidalitako ekarpenak aurkituko dituzue. Nahi izanez gero eta interesik baduzue artikulu bat osatu eta bidaltzeko aukera duzue. Foroa, eztabaidatzeko gunearekin batera komunitatean parte hartzeko beste bi aukera.

Komunitatean parte hartzen dutenen informazioa eta aurkezpenak ere aurkituko dituzue alde batetik. Bestetik joko atal deigarria eta itzulpenetarako erabiltzen den terminologia bankua ere topatuko duzue Jokoen atal horretan.

Ekimen ugari ere egiten dituzte aurrera, batzuk denbora zehatz batean eta beste batzuk aldiz urte osoan zehar. Norbanakoek bereziki aurrera eramandako ekimenak daude, baina gehienak kolektiboak dira.

Urte osoan zehar zenbait azpiegitura martxan jartzen dituzte, orain arte behintzat Minecraft zerbitzaria izan dute adibidez. Steam bideo-jokoen inguruko denda eta komunitateko talde bat ere badute. Joko ezberdinen inguruan, txapelketak ere antolatzen dituzte azkenen artean: Minecraft, Smite, League of Legends...

Noizean behin, elkarrekin egoteko topaketak egiten dituzte, adibidez Durangoko Azokako Kabi@n edota Pokemon Go jokoaren jokalariekin elkartzeko egindakoa. Zozketak ere egin izan ohi dituzte, gehienetan jokoak dira opari nagusia horietan.

Itzulpen maratoiak ere deitzen dituzte noizean-behin. Norbanakoen ekimenez gain, helburu bat jarri eta batzuen artean bideo-jokoak lokalizatzeari ekiten diote. Bideo-joko zaharrak itzultzeko eskulan apur bat egin behar izaten da, baina libreak direnetan edota itzulpeneko plataforma bat eskaintzen dutenetan askoz errazagoa izan ohi da; informatikaz jakin gabe ere edozeinek laguntzeko moduan.

Komunitatea handitu asmoz eta bertako partaideei aukera ezberdin gehiago emateko, bazkidetza sistema bat dute. Urtean 10 euro ordaintzearekin soilik, Game Erauntsiaren jardueretan parte hartzeaz gain, ekarpen ekonomiko txiki batei esker beste zenbait onura eskuratuko dituzu gainera. Beraien webgunean adierazten duten moduan:

  • Hilean behin joko baten zozketan parte hartuko duzu.

  • Gure zerbitzarietako VIP erabiltzaile izateko deskontua izango duzu.

  • Komunitateak ateratzen dituen bestelako produktuetan deskontua.

  • Eta bestelako abantaila batzuk ere izango dituzu!

Komunitate oso interesgarria, baina batzen dituen hori ahaztu gabe, jokoak. Joko katalogoan, beraiek itzulitakoez gain, jokatu dituzten beste batzuek ere aurkituko dituzue zerrendatuak, dagokien kritikei loturik askotan. Joko mota asko dago, adin eta mota guztietako pertsonentzat ia. Batzuk joko zaharren euskaraketak dira, famatu egin ziren joko historikoak adibidez: Super Mario Bros, Alex Kidd, Zelda... Berriagoak direnen artean ezagunenetako beste bat Minecraft famatua ere aurkituko dugu. Berrienen artean aldiz adibidez, Ark eta Braid joko izugarriak, bakoitza estilo batekoa; baina dudarik gabe familia eta lagunekin jolastea bada kontua, denak dantzan jarriko dituen Step Mania 5 dantza jokoa da interesgarrienetako bat.

Gorka Julio

2017, Urtarrila 02
Arloa: Sarean