Maitena Urretabizkaia - Mugikorrentzako aplikazioen garatzailea

Gorka Julio

2016, Azaroa 21
Arloa: Berba Bi
Maitena Urretabizkaia

Hardware eta software libreko teknologia hauen potentziala, gure ustez, teknologia edozein pertsona eta poltsikoren zerbitzura jartzea da.

  • Maitena Urretabizkaia, 1984. Oiartzun
  • Sistemak eta software garapen zikloen ondoren, diseinu grafiko eta app garapenerako masterrak ere egin ditu.
  • Orain aplikazio garatzailea da, skuramobile kooperatiban
  • Argazkilaritza ere gogoko du.

1. Nola hasten da skuramobile proiektua abiatzeko ideia? Zergatik erabakizenuten kooperatiba izatea?
Skura mobile hasiera baten karrera amaierako proiektu batetik jaiotako ideia izan zen. Ekiten lehiaketa irabazi eta gero karrera amaierako proiektua gure proiektu pertsonala garatzen egiteko aukera suertatu zitzaigun, Saiolan barruan. Hasieratik, enpresa egitekotan kooperatiba izango ginela argi izan genuen, aukera ideologikoa izan da gehien bat. Alde batetik guretzat garrantzitsua da enpresa batek etekin ekonomikotik haratago konpromisoa eta ekarpen soziala ere izan behar duela bere inguruarekiko. Bestetik, pentsatzen genuen eta pentsatzen jarraitzen dugu pertsonen inplikazioa eta lanaren emaitza askoz hobeagoa dela enpresa beraien proiektu moduan sentitzen dutenean, langile guztion iritzia kontuan hartzen denean.

2. Gailu mugikorrak zuen ekimenen erdigunean kokatzen dituzue zergatik?
2011 bukaeran hasi genuen gure ibilbidea, Smartphonen eta Tablet-en mundua indarra hartzen zebilenean hain zuzen ere. Argi ikusi genuen momentu horretan guk nahi genuen zerbitzu motak eskaintzeko tresna oso potenteen aurrean geundela, eta bide hori jarraitzea erabaki genuen, eta oraingoz denborak arrazoia eman digu. Geroz eta gehiago konektaturiko munduan bizi gara, gaur egun ia edozerk izan dezake Internetera konexioa nolabait, eta gure helburua hori aprobetxatuz arazoei soluzioak topatzea da.

3. Ez zarete sakelakoetara bakarrik mugatzen, NFC, Bluetooth gailuekin ere aritzen zarete eta baita proiektu berriak martxan jarri horiekin. Nolakoak dira, zer egin daiteke?
Topikoa eman dezakeen arren, beti diogu imajina dezakegun edozer egin daitekeela. Izugarri atsegin dugu gauza ezberdinak beraien artean konektatu eta komunikatzea. Bluetooth edota NFC teknologiek edozein objektu edo makina smartphonarekin komunikatzea ahalbidetzen duten teknologiak dira, eta azken honen sareko konexioa baliatuz Internetera, beraz, edozein lekutara heldu gaitezke. Azken denboretan ahoz aho dabilen “Gauzen Interneta”-ri ateak zabaltzen hain zuzen ere.
Bide honetan kolaboratzen ari garen ekimenik handiena WIMy da , maite ditugun gauzak edota pertsonak ez galtzeko , eta galduz gero erraz topatzeko sistema.  http://www.wimyapp.com

4. Hardware eta software libreko teknologiak etengabe baliatzen dituzue, Scratch, Arduino eta Raspberry Pi horietako adibide batzuk. Zein da teknologia hauek zuen proiektuan duten garrantzia eta zein da bere tokia egiten duzuen horretan?
Hardware eta software libreko teknologia hauen potentziala, gure ustez, teknologia edozein pertsona eta poltsikoren zerbitzura jartzea da. Gaur egun interes apur bat izanez gero erraza da hauek baliatuta edonork proiektu oso interesgarriak egitea. Skuratik guzti hau gizartera eramatea garrantzitsua iruditu zitzaigun, eta hauen inguruko tailerrak eta ikastaroak antolatzeari ekin genion, eta horrela jaio zen Skura Labs. Azkenaldian gehienbat Scratch-en bidez gazteentzako robotikako kurtsoak antolatzen gabiltza bide honetan, eta oso esperientzia ona izaten hari da.

Egia da, oraingoz proiektu komertzialetan ez ditugula larregi erabili teknologia hauek, baina poliki poliki hari gara geroz eta leku gehiagotan ikusten.

5. Laborategi moduko bat ere martxan jarri zenuten eta hor eskola etabeste erakunde batzuetan haurrentzako programazio eta robotika hastapenak ikastaroak eman izan dituzue, zergatik uste duzu programazioa eta robotika adin horietan ikastea garrantzitsua dela?
Programazioa, gaur egun dauen tresnak aprobetxatuz (Scratch...) , gauza pila bat lantzeko eta konpetentzia desberdinak garatzeko herraminta paregabea direla uste dugu. Teknologia munduan murgiltzeaz gain, logika, sormena, lankidetza eta beste hainbat gai hobeto eta beste ikuspuntu batetik ulertzeko ahalmena ematen die. Baita ume eta gazte bakoitza bere gaitasunak lantzeko eta proiektua aurrera eramateko tresna berriak eskaini ere.

6. Zuen proiektuen artean aurretik aipatu duzuen Wimy proiektua dago, merkaturatzeko intentzioarekin garatu duzue gailu hau? Nolakoa izaten ari da esperientzia orain arte, zein arazo topatu dituzue eta zein da etorkizunean proiektu honekin garatu nahiko zenuketen bidea?

Bai, orain arte enpresa moduan egin dugun apusturik handiena dela esan dezakegu. Bilboko startup batekin elkarlanean garatu eta merkaturatu dugun produktua da, hardware-a eta aplikazioa batzen dituena. Egia esan bidea ez da erraza izaten ari… produktu eta zerbitzu ona garatu beharraz gain proiektuaren arrakasta beste faktore pila baten menpe dagoela argi ikusi dugu, marketing-a, fabrikazioak, jendearengana heltzeko moduak… Hala ere asko motibatzen gaituen proiektua da eta hasieratik genekien zailtasunak topatuko genituela, batez ere hasieran, baina horrek ere motibatzen gaitu, bestela edonork egingo luke, ez?
Jarraitzea nahi dugun bideari dagokionez, fronte ezberdinak ditugu zabalik. Alde batetik erabiltzailek finalaren bidea jorratzen ari gara, hau da , pertsona batek WIMy-ak erosi eta maite dituen objetu, pertsona zein animaliak hurbil mantentzeko erabiltzea. Bestetik, gure hardware eta app-ak erabiliz eremu itxietan lokalizazio sistemak ezartzea da gure asmoa, izan daitezke hotel, kamping edo hondartza batean ume txikiak non dauden jakiteko, ospitale baten pertsonala errazago topatzeko….

7. Bukatzeko beti egin izaten dugun galdera, gaiarekin zerikusi zehatzik gabe. Demagun galdutako gauza guztiak dauden toki ezkutu bat dagoela eta nahi gabe kalean zoazela bertan agertzen zarela, galduta zenuen zer topatu nahiko zenuke bertan?
WIMy-rekin guk iada ez dugu ezer galtzen ;). Ez, benetan, batzuetan ume denboretako irudimena berreskuratu nahi nuke, gauzak beste modu baten ikusi eta asmatzeko erraztasun hori.