Irakurtzearen garrantzia

Irakurri, nonahi, noiznahi

Irakurtzea gizakiok bizitzan zehar egiten dugun jarduerarik garrantzitsu eta erabilgarrienetako bat da. Irakurtzea, gainerako jarduera intelektual guztiak bezala, gizakiok soilik egin dezakegun jarduera da; gu garelako sistema intelektual eta arrazional aurreratua garatu ahal izan dugun izaki bizidun bakarrak. Beraz, gainerako izaki bizidun guztien aurrean, gu zer garen definitzen duen jarduera bat da. Oso txikitatik hasten gara irakurtzen, eta bizitza osoan zehar luzatzen da; hau da, denborak ez digu irakurtzeko gaitasuna galarazten.

Eta irakurtzea garrantzitsua da, oso garrantzitsua, irakurketaren bidez hasten garelako ezagutzak modu formalean barneratzen eta beraren bidez sartzen garelako hezkuntza-prozesu konplexu horretan. Irakurketak arreta, kontzentrazioa, konpromisoa eta gogoeta eskatzen ditu, besteak beste, eta elementu horiek guztiak guztiz mesedegarriak dira eta emaitzak hobetzen laguntzen dute arlo guztietan. Irakurketari esker, gainera, gure idazkera ere hobetzen dugu eta, ondorioz, gure ideiak, pentsamenduak eta argudioak hobeto adierazteko gaitasuna ere bai.

Jakina, modu askotan irakur daiteke, eta hainbat helbururekin. Ez da gauza bera plazer hutsagatik irakurtzea edo ikasketetan edo lanean helburu jakin bat lortzeko derrigor irakurtzea. Edozein kasutan ere, irakurtzeko ohitura edukitzea mesedegarria da beti: irakurtzeak gure irudimena pizten du, gure buruan mundu berriak sortzen dizkigu, ideia eta kontzeptu abstraktuei buruzko gogoeta egiten laguntzen digu, gure hizkuntzarekin edo beste hizkuntza batzuekin harremanetan jartzen digu, ortografia hobetzen laguntzen digu, baina batez ere, beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera ematen digu, eta horri esker, toleranteago izaten laguntzeaz gain, dibertsitatearen kontzientzia handiagoa hartzen dugu.

Eta irakurketari etekin handiena ateratzeko egokiena da giro lasaiean egitea, kontzentratzen laguntzeko eta irakurtzen ari den pertsona inguruan duen guztiaz ahaztu eta irakurtzen ari den horretan murgiltzea errazteko. Irakurtzeko abenturan murgiltzea esperientzia zoragarria delako: bidaiatu, amets egin, ikasi, irudikatu, sentitu... dena da posible.

letrArt

2016, Azaroa 21
Arloa: Arteder