XX. mendeko azken uzta

Iker Zabala

2016, Urria 13
Arloa: Kirolak

Erretiroa noiz hartu izan liteke akaso kirolari batek erabaki beharreko auzi gogorrena. Azken erabakia, behinik behin, eta bidean harturiko gainontzeko erabakiek erabat baldintzatzen dutena.

Edozein langilek bere lanbideari agur esaten dionean bezalaxe, aurretiaz pilaturiko urrats sortak eragingo du azken erabaki horren nolakotasun eta baldintza. Desberdintasuna da 65 urterekin beharrean (edo 67... egungo garaiek hala agintzen omen dute...) dexente lehenago hartu behar duela kirolariak erabaki horixe, eta “erretiroa” aipatzen badugu ere, berez ez da hala, beste jardun batetan hasteko hitzaurrea baino ez da, puntako kirolerako gai ez izateak gainontzeko lanbideetarako ez baitu inolako ezintasunik adierazten. Eta beti ere norberaren erabaki balitz bezala aztertzen badugu ere, beti ere, hirugarrenek asko baldintzatzen dute kontua, kontratuak eta abar tarteko direnean gauzak konplikatu baitaitezke; soilik aukeratu batzuen eskura egoten da %100 bere 'jubilazioaren' esparru guztiak kontrolatzea. Kontuak kontu, kirolaren erretiroaz ari garela, bi kasu badira euskal kirolean auzi honen inguruan irakurketa mamitsuak eskaintzen dizkigutenak.

Eli Pinedo euskal eskubaloiaren jokalari arrakastatsuenetako bat izan dela esatea oso agerikoa da. Bera Beran 1999an debuta egin zuenetik gol, garaipen eta tituluak erreskadan iritsi zaizkio, kirol hontarako berebiziko talentua etengabe adierazi baitu amurrioarrak, eta egon den toki orotan bere nortasuna azalerazi du, lidergoa bere bizkarraren gain egon zedin inongo arazorik erakutsi gabe. 35 urterekin, maiatzean erretiroa gertu ikusten zuen galdetu zitzaion, eta arabarrak ezetz borobila adierazi zuen, joko olinpikoen ataritan, ez zuela bere burua kantxatik kanpora ikusten. Bada, uda igaro da, eta gauzak oso bestela ikusten ditu Eli Pinedok, eskubaloia uztea iragarri baitu. Omenaldien eta laudorioen artean, bere ibilbidea punturik gorenean uzteko borondatea adierazi zuen Pinedok, azken urteek zenbaitetan adierazten duten beherakada hori pairatu gabe. Erabaki gogorra izanik ere, Eli Pinedok bere bide guztian izandako koherentzia eta arrazonamendua argi geratu dira. Hemendik aurrera motibatzen duten bide berriei ekingo dio, tartean moda kontuak egongo dira.

 

Pablo Berasaluzek ere, Pinedok bezala, eskuak erabili izan ditu bere jardunerako, baina baloia hartu beharrean, pilota kolpatu izan du frontisaren aurka, eta bera ere XX. mendeko kirolaria da, 1998an gauzatu baitzuen debuta. Azken garaietan eskupilotari nortasuna eman dion pilotaria izan dugu, ezohiko bidea izan duena. Normalean 30 urtetik gorako kirolariak bere garairik onena igaro du, fisikoari begira gutxienik. Beste bertute batzuk indartu ohi badira ere, eta esperientziaren pisua nabarmendu dezagun eremu hontan, gazteagoen aurka lehiatzea geroz eta zailago suertatzen da. Bada, Pablo Berasaluze, salbuespena izan da zentzu hontan, bere urterik onenak azkenak izan baitira. Aurrelari sena muturreraino eramanaz, gantxoak exekutatzeko talentua behin eta berriro mahaigaineratuz, arrakastak oso gertu izan ditu berriztarrak, 2013an eta 2015ean binakako final bana erdietsita. Egia da bietako bat ere ez zuela irabazi, baina katedraren begirunea goitik behera bereganatu zuen bizkaitarrak. 40 urte betetzeko atarian, azkenik, nahikoa badela erabaki du Berasaluzek, eta omenaldi partidu hunkigarrian Pablok bere azken tantuak gauzatu zituen.

 

Denborak aurrera etengabean zioen XX. mendeko kanta hark... hauxe ez du inork eztabaidatuko, baina gure denboraren gestioa nola gauzatu... nolako erabakia! Etorriko den denbora berriak baino ezingo du joandako garai horren epaia gauzatu.