Euripeko hegaldia

Sufrimendurik gabeko garaipena horren estimatua ez dela diote. Norberaren burua mugaraino eraman gabeko arrakastak ez dauka barruan den guztia hustutzera behartu gaituen horrek bezalako asebetetzea eragiten. Eta badira kirolak %100 eman gabe garaipena oso zail bilakatzen dutenak. Txirrindularitzan, esaterako, pelotoiaren osagai denek hanketako energia guztia xahutuko dutenaren bermea dugunean, zaila da zinez inolako garaipenik lortzea era berean erabateko esfortzua gauzatu gabe.

Eta irakurle orori txirrindularitzan gauzatzen den esfortzua iradokitakoan malda amaigabeak etorriko zitzaiozkion gogora, bizikleta metro bat aurrera eramateak esfortzu mugagabea eskatzen duten mendi aldapa bortitzak. Bada, malda horietaz mintzatuko gara gaur, baina ez buruan duzuen norabidean, kontrakoan baizik, maldak jaisten ere ederki sufritzen baita txirrindularitzan.

Ion Izagirre ormaiztegitarra bizikleta gainean betidanik oso konpletoa izan dela ez da sekretua. Goraipatuak izan dira, bai mendi gora ibiltzeko duen abilezia, baita erlojuaren aurkako etapetan lortutako denbora onak. Baina ez da akaso nahikoa hausnartu maldan behera aritzeko gipuzkoarrak duen talentu berezkoa. Uda hontararte, behinik behin.

Suitzako itzulian gertatu zen lehenengo, erlojuaren aurkako etapa baten. Jaitsiera nabarmena zuen egun hartako tarteak, eta Izagirrek apenas eman zion frenoaren adarrari jaitsiera guztian. Atzetik zioakion telebista kamerako motorrak larri jarrai zezakeen gipuzkoarraren erritmoa, eta kamerak irudia jaitsi zuen motorrak zeraman abiadura ikus zezan telebista ikusleak: 113 kilometro orduko. Egun hortan etapa bereganatu zuen Izagirrek, erlojuaren aurkako jaun eta jabe den Fabian Cancellara 19 segundotara utzita.

Baina Izagirreren bizitzako eguna (momentuz, datozenak ea handiagoak diren) Frantziako Tourrean gertatu zen. Joux Plane-eko gailurra hartu zuenean, begibistakoa zen Izagirre eguneko eskapadan sartua zegoela, eta Pantano kolonbiarra eta Nibali italiarrarekin batera, azken kilometroetan izango zuen jokoan etapa garaipena. Egun oso arriskutsua zen, euria etengabe ari zuen, eta egun hortan bertan, pelotoiko hainbatek erorketak izan zituzten, Chris Froom itzuliko irabazleak barne. Etapa bukaerak planteatzen zuen gailur ondorengorako panorama latza zen, edonola. Baina Izagirre erasora pasa zen. Maldan bera pedalei eraginez, bihurgune bakoitzean izugarri arriskatuz. Etapa bukatu zenerako 19 segundoko tartea ireki zuen Pantanorekiko, baina halere, azken metroak atzera begira egin zituen ormaiztegitarrak, jarririko erritmo estralurtarraz konsziente izango ez balitz bezala.

Behin etapa garailearen ohoreak gozatuta, jaitsieran beldurrik izan zuen galdetu zioten. Izagirrek ezetzik ez zuen esan, baina beste ezeren gainetik konfidantzaz beterik zegoela adierazi zuen. Alpeetan garaipenak kopetako izerdiarekin sinatzen direla esaten bada ere, Izagirrek aurpegira bortizki erortzen zitzaizkion euri tantekin egin zuen. Eta horrek beste horrenbeste, edo gehiago, balio du.

Iker Zabala

2016, Abuztua 12
Arloa: Kirolak