Zaldia eta zalduna

Iker Zabala

2016, Abuztua 05
Arloa: Kirolak

“Entrenatzaile ona izateko aurretik kirol hortako puntako kirolari izan beharra dago”

Inon idatzita ez dagoen legea bada ere, akaso guk denok hala daukagu barneratuta. Jokalari handi bat erretiratzean, era zuzenean entrenatzaile distiratsua izango denaren aurreikuspena daukagu, kirol hortan jokatzen ona izanagatik dena egina egongo bailitzan. Egia da historiako kirol entrenatzaile handienen artean, asko (nahi bada gehienak) aurretiaz jokalari garaileak izan direla. Baina beti ere gertatzen den bezala, kirolari onak ez du zertan entranatzaile on izan behar, eta entrenatzaile on izateko ez da ezinbesteko puntako kirolean aritu izana. Eta adibideak oso ugariak dira. Futbolari on eta aldi berean entrenatzaile kaxkarren kasuen adierazle argienetarikoa, askok historiako jokalari onena bezala hartzen dutena, Diego Armando Maradona. Zelaian mago, baina jokalarien gidari izateko abileziarik gabekoa. Eta kontrara, elitean aritu gabeko hainbat jokalari, primerako entrenatzaile bilakatu zirenak. Egungo panoraman badira hainbat adierazle argi: Benitez espainiarra, Mourinho edo Villa-Boas portugaldarrak... baina entrenatzaile euskaldun batetaz mintzatuko gara gaurkoan.

Unai Emery elitean aritu ez zela esatea ez da zuzena, lehenengo mailan jokatu baitzuen Real Sociedadekin...nahiz eta soilik 5 partida izan ziren. 24 urterekin (berandu harrobiko jokalari zela kontutan hartuta) debuta egin ondoren ez zuen tokirik lortu talde txuriurdinean eta bigarren eta bigarren B mailako taldeetan egin zuen bere futbolari ibilbidea. Gutxi balitz, 30 urtetik aurrerako bidean lesioek ederki astindu zuten hondarribitarra, eta 33 urterekin Lorcan, bigarren B mailan, belauneko lesio luze baten ondorio, erretiroa gertu zuela zegoen Emery. Baina orduan patuak erreserbatuta dituen ezustea gertatu zen. Talde murtziarrak bere entrenatzailea kendu zuen, eta ordezkoa aurkitzeko larri zela, gipuzkoarrari egin zioten taldea bere gain hartzeko proposamena. Era ezohiko hortan aldatu zuen Emeryk bota parea entrenatzailearen txistuaren truk.

Lorcak mailari eutsi zion denborada hortan, eta hurrengo urtean bigarren mailara igo zen. Oraindik Emeryren gidaritzapean lehen mailara igotzeko zorian egon zen futbol munduaren harridurarako. Hortik aurrera urratsez urrats gora egin du Hondarribikoak eta Almeria, Valentzia eta Sevillan lorpen oso aipagarriak gauzatu ditu. Bereziki nabarmena Nerbioi inguruetan lorturiko balentria, hiru Europa League erreskadan boltsikoratu baitzituen Emeryk andaluziarrekin.

Emeryren sekretua bere nortasuna da. Beti ere ikuspegi irabazlez ekiten dio partidari, eta futbolariaren psikologia irakurtzen dakien begirada dauka. Horri gaineratu behar beti ere taldearen onurarako hartu behar diren erabakiak hartzeko beldur eza. Eta jakina, zelaian gertatzen den ororekiko estretegia doai paregabea.

Uda hontan futbolean irits daitekeen toki gorenetako batetara heldu da. PSG boteretsuak gorenera iristeko liderra behar izan duenean euskal entrenatzailearengana jo du eta honek erronka bere egin du, talde frantziarra Europako txapeldun bilakatzeko xede ukaezinarekin.

Silvio Berlusconi magnate italiarra ez dugu eredutzat hartuko, baina bere garaian emandako adierazpena ekar dezagun gogora. Arrigo Sacchi historikoari Milaneko aulkian alternatiba eman zionean, eliteko futbolean esperientziarik ez zuela leporatu zion kazetari batek. Berlusconiren erantzuna, honakoa: “Ez nekien zaldun izateko lehenago zaldi izatea ezinbesteko zenik”. Ondoren Sacchik bi Europako txapelketa lortu zituen erreskadan. Unai Emery ere primerako zalduna denaren zalantza gutxi dugu.