Onena...zer da?

Agurtzane Ormatza

Kaixo Eskorpio,

Mila esker nigana jotzearren! Poztekoa da zuon lagunen artean horrelako eztabaidak izatea, zuon zalantzak jorratzeko modu on bat da.
Egia esan aukera ona da  zuon arteko desberdintasunaz jabetzeko, zuon jakinminaz berba egiteko eta zuon harremanetan sakontzeko. Horrelakoetan bakoitzak bere esperientzietatik abiatzen da, irakurri edota entzun egin duenetatik, askok uste duenetik .... ez da izaten erraza jakitea denontzako zer den balio duena. Seguru asko bakoitzak bere bidea egin behar duelako, eta norberari balio zaiona beharbada lagunari ez zaiolako balio. Agian hori izango da zailena barneratzen.

Alor erotikoan, bestelako alorretan moduan, ez dago jokabide bat denontzako ona denik. Horregatik norberak begiratu behar du zer den berarentzako gozagarriena, kitzikagarriena, lasaigarriena .... Bidea gora beheratsua izan daiteke.

Gure gorputzetik hasita, gutaz ikasteko. Gure gurariaz, gure laztanaz, gure masturbazioaz, gure beharraz, gure espektatibaz ....Zer gustatzen zaigun, zelan egiten dugun ...inoiz beharbada beste bati irakasteko. Eta elkarrekin ikasteko.

Gero beste eremua, gure lagunarekin partekatzen duguna izango da. Eta hor bestelako alorrean sartuko gara. Bera, ni ta gu gabiltzan bidea. Beharbada nire kabuz plazera lortzea oso erraza bada, gertatu daiteke lagunarekin hain erreza ez izatea ...edo errazagoa izan daiteke...Hainbat aukera, hainbat posibilitate jorratuko ditugu. Gure lotsaz, desioaz, bilurraz, loturaz, konplizidadeaz,kitzikapenaz ... ikasiko dugu.

Bide horretan ikusiko dugu ea koitoaz gozatuko dugun, zelan egin behar dugun gozatzeko praktika hori gura badugu jorratu...Ikusiko dugu ea atzamarrak egitea, kanpaiak jotzea, masturbatzeak zelako plazera dakarkigun...eta zelan lortu genezakeen. Bata bestearekin laztanak, musuak, igurtziak, xurrupadak, hasperenak ....konpartitzeak zertan datzan.

Bide horretan nitaz, lagunetaz eta gutaz ikasiko dugu. Eta ikasten dugun heinean dena da posible. Gustuak, disgustuak eta erregustuak!

Bakoitzak bereak arakatzea da bidea. Gozatu!!

Besarkada handi bat, agurtzane

Agurtzane Ormatza

2016, Uztaila 04
Arloa: Jo ta jo