Fenix hegaztia

Iker Zabala

Bizitzako zikloak nola diren. Egun goian dagoen hori bihar hondoraino eror daiteke, patuak hala agintzearen aitzakia hutsarekin. Ezer betiko ez delaren maxima zaharkituak eztabaidaezina dirudi, baina funtsean ez da egia. Izan ere, garaipenaren eta zoriontasunaren tarteak paperezko hegazkina bezain hauskorrak izan daitezkeen heinean, zorigaitza betierekotu liteke era soil eta jasanezinean. Behin egon ginen gailur hortara bueltatzea, ziur asko, lehen aldiz iritsi izana baino askoz ere zailagoa da.

Baskonia, eta bakoitzak bere garaiari dagokion patrozinatzailearen izena jar diezaiola aurretik, euskal saskibaloiak bere historian izan duen talderik arrakastatsuena izan da. Oso ugariak dira talde gasteiztarrak azken 25 urteetan lortu dituen tituluak, eta Europan ere erreferente argi bilakatu da urteetan barrena. Joxean Querejeta presidentearen iparrorratza jarraituta, Europako saskibaloian estilo markatuko talde izan da. Kanpotiko harri bitxiak aurkitzen jakinez, agorturik ematen zuten jokalari beteranoengan ezusteko errendimendua atereaz, etengabe oso heterogeneoa ematen zuen taldea uztartzeko entrenatzaile egokiena aurkituz.

Bada, urrezko garaia urteetan luzatu zitzaion talde arabarrari. 90. hamarkadan Europako Kopa irabazi zuen, ligako txapeldun izateko hautagaitza urtetik urtera plazaratzen zuen, 2004 eta 2008 bitartean Euroligako 4 Final Four jokatu zituen erreskadan, eta Gasteizeko umeek eskolako atsedenaldietan saskibaloian joka zezatela lortu zuen, Rivas, Bennett, Scola edo Splitter (berriro ere, bakoitzak bere erreferente propioa aukera dezala) zirela antzeztuz. Baina gauzak betirako ez zirela zirudien. Dirua gainbera etorri zenean (tartean kirol talde profesionalek jasotzen zutena dexente zatikatu baitzen) krisialdia ezinbesteko bilakatu zen Baskoniarentzat. ACB ligako goikaldean oraindik ere, baina tituluetatik urruti, zalegoarentzat play off-etara sailkatzeko lehian zegoen talde hutsa jarraitzea gogorra zen. Eta gasteiztarren ziko garaileak lurperatua zirudien, soilik saskibaloiak dituen legedi abantailakorrek mantentzen baitzuten Europako lehia gorenenetan.

Baina Baskonia desberdina da. Saskibaloiaren inguruan sortu den azpiegiturak, hirian dagoen zalegoak, eta taldeak duen zuzendaritza zurrunak fenix hegaztiarekin soilik konparagarri den bilakaera gauzatu dute, ustezko krisialdi hura hasi eta laupabost urte eskasetara. Hasteko, aurtengoan Final Four handira sailkatzea lortu dute Velimir Perasovic entrenatzailearen gizonek. Sekulako marka Europan diren munstroak kontutan hartuta, eta final aurreko aurkari izango duten Fenerbache horren adibide. Batek daki, bere garaian goia jo zuen taldea zela esaten zen, nahiz eta sekula Euroliga ez irabazi. Akaso behetik gora datorrenak kritalezko sabaia hausteko aukerak izan ditzake.

Iker Zabala

2016, Maiatza 10
Arloa: Kirolak