Raspberry Pi-ren aukerak

Gorka Julio

2016, Martxoa 09
Arloa: Sarean

Raspberry Pi ordenagailu merke eta sinplea da hardware libreko proiektuak egiteko tresnarik ezagunena eta zabalduena.

Raspberry Pi-ren aukerak

Raspberry Pi ordenagailu merke eta sinplea da hardware libreko proiektuak egiteko tresnarik ezagunena eta zabalduena. Ordenagailu txiki bat den plakatxo hori, pantaila eta teklatu bati lotuta mila aukera eramaten ditu. Erabilpenak mila izan badaitezke ere, horietatik asko hezkuntzarekin harremana dute.

 

Raspberry Pi familia

Raspberry Pi familia ez da gailu bakarrera mugatzen, baina denekin gauza antzekoak egin daitezke, tresnaren baliabideak eta tamaina aldatzen dira bakarrik. Horrek esan nahi du, egindako lan batek, batean zein bestean funtziona dezakeela, baldin eta baliabideak nahikoak badira eta tamaina desabantaila ez bada.

Bertsio ezberdinak egon dira, zenbakiarekin aldaketa garrantzitsuenak nabarmentzen dira, horrela Raspberry Pi-ren 1, 2, 3 bertsio daude. Aldiz modeloak ere bereizten dira A eta B eta hauen hobekuntza txikiak A+ eta B+. Horiek Raspberry Pi Zeroarekin batera gehienbat tamainarekin dute harremana, zero txikiena, A ertaina eta B handiena.

Orain dela gutxi atera zen Raspberry Zeroak izugarrizko arrakasta izan zuen mundu osoan, baina bereziki Britaina Handian. Aldizkari baten portadan itsatsirik saldu zuten eta orain 5 dolarren truke eros daiteke.

Anai txikienarekin batera, berrikuntza handiena anai handienaren hirugarren bertsioa izan da. Raspberry Pi 3ak, aspalditik beharrezko ziruditen berrikuntzak dakartza. RP1a baino 10 aldiz hobea den 1.2GHz 64-bit quad-core ARM Cortex-A53 prozesagailua eta integratutako 802.11n wifi eta Bluetooth 4.1 kontrolagailuak ditu orain.

 

Erabilera ohikoenak

Raspberry Pi bere horretan ordenagailu sinple bat besterik ez da, pantaila eta teklatu bat lotuta erabiltzen badugu behintzat. Edozein ordenagailuk bezala sistema eragile bat behar du, hainbat instala badaitezke ere normalean Raspbian, GNU/Linux distribuzioa instalatzea izaten da ohikoena.

Instalazio horretan ohikoak diren ofimatika, nabigatzaile, multimedia... tresnez gain, programazioa, zientziak, matematika... ikasi eta irakasteko aukera ematen duten beste hainbat aurkituko dituzue. Programazioari lotuta zehazki Scratch edo Minecraft jokoaren bertsio sinple bat ere badaude adibidez.

Raspberry Pi-a baliatuz era azkar batean informatika gela bat sor daiteke edonon, edota dauden pantaila eta teklatu zaharrak berrerabiliz ideiak garatu. Bere kostu txikiagatik, posible egingo luke, ikasle bakoitzak berea propioa izatea edo komunak izan daitezken batzuk erabiltzea ezin dutenentzat.

 

Aukera asko

Hala ere hasieran esan dugun bezala aukera asko ematen dituen gailua da. Ordenagailua izateaz gain, edozein gailu kontrolatzeko aukera ere ematen du Raspberry Piak programagarria baita. Noski, jende guztiak ez du programatzen jakingo, baina milaka dira sarean zehar dauden manual sinpleak: ureztatze sistemak, urruneko kontrol gailuak, Internetera konektatzen diren sentsoreak...

Sinpleagoak eta edozeinentzako erakargarriak diren beste aukera asko ere ematen ditu: FM bidez emititzen duen musika irrati bat egin, multimedia fitxategien kudeatzaile bat edota audio liburutegia kudeatzeko tresna bat ere egin daitezke gailuarekin.

Raspberry Pi gailu huts bat izatetik harago doan tresna bada bere komunitateagatik da. Raspberry.org webgunean asko dira aurki daitezkeen esperientziak, ikastaroak eta baliabideak. Hor elkartzen da tresnaren inguruko komunitatea eta berau da informazio gunerik garrantzitsuena ere. Azken aldian aktiboen dauden arloak hezkuntzaren ingurukoak dira, ekimen asko antolatzen ari direlarik. Aukera asko eskaintzen dituen gailua izanik, aukera bat behintzat ematea interesgarria dirudi ezta?