Rafa Rueda - Musikaria

Gotzon Uribe

ber27_1.jpg

"Saredun eskua diskoak txikitasunaren apologia egiten du"

  • Abeslari eta gitarra-jole bizkaitarra.
  • Pi LT taldean ibilitakoa.
  • Ehungarrenean hamaika (Lauaxeta 2005) egitasmoaren musika arduraduna.
  •  

Rafa Rueda musikari bizkaitarrak lan berri batekin datorkigu, "Saredun Eskua". Aurreko lanaren garapena da disko hau eta bere onespenaren atzetik entzulearen onespena bilatzen duela argi utzi du.

ber27_2.jpg

 

Pertsona baikorra al zara proiektu bat aurrera ateratzeko orduan?

Uste dut beti izan behar dela baikorra. Bizitzaren aurrean jarrerarik egokiena iruditzen zait. Horrek ez du esan nahi zalantzarik ez dagoela. Baikorra naiz berez baina saiatzen naiz hankak lurrean izaten.

Disko berria bukatu berri duzu eta hil honetan izango da kalean. Zer aurkituko du entzuleak bertan?

Aurreko lanaren garapen bat. Alde batetik musikarien formazioa aldatu dut eta orain teklatuak sartu ditut bigarren gitarraren ordez, sonoritatean berehala nabaritzen da berezitasun hori. Bestetik kantuan askoz ere gusturago aritzen naiz orain aurreko diskoan baino, eta hori igarri egiten da. Disko bizizale bat egiten saiatu naiz eta lortu dudala uste dut.

Aurreko diskoan pop doinuak ziren hizpide. Ondo moldatzen zaren estiloa da…

Betidanik izan naiz pop-zalea. Kantuzalea batez ere. Uste dot pop-a kantuaren estetika hobekien garatu duen generoa izan dela, berez oso gustura murgiltzen naiz estilo horretan. Pop-a esaten dudanean ez nabil musika lasaia edo astunari buruz, kantaren estetikari buruz baino. Diziplina honetan melodia oso gustukoa dut.

 

Zer nolako diskurtsoa daukazu zure musika egiterako orduan eta berau erakusterakoan?

Ba oso sinplea. Nik gauzak egiteko dudan modua erakutsi nahi dut. Artistok exhibizionistak garela esaten dute eta arrazoiz gainera. Nik entzulearen onespena bilatzen dut nire onespenaren atzetik. Sortzeko beharra barrutik ateratzen da baina erakustekoa baita ere hartu-emana da.

Lauaxetaren inguruko herri opereta eta disko baten koordinazioa eraman dituzu aurten. Zein eragin izan du honek zugan Lauaxetaren irudia ezagutzerako orduan?

Nahikoa. Aurretik Lauaxetaren inguruan zerbait ezagutzen nuen, unibertsitate garaitik, baina lan hauek egiteko bere obra guztia eta bizitzari buruzko artikulu asko irakurri behar izan ditut, eta gaur egun Lauxetari buruz zerbait baino gehiago dakidala esan dezaket.

Mikel Urdangarinekin era bazabiltza. Erregistro ezberdinak lantzea bilatzen duzu?

Mikelekin lan egitea oso erreza egiten zait. Oso ondo ulertzen dugu elkar eta bere kantuak interpretatzeko erraztasuna daukat. Erregistroak aldatzea beharrezkoa da, posible baldin bada. Oteizak esaten zuen bezala, gizakia poliedrikoa da eta hori asumitu behar du. Ni gustura nago.

Jada urte batzuk igaro dira Pilt taldea sortu zenuela eta kontzertu ugari eman ere. Atzera begira, nola ikusten duzu garai hura?

Oso oroitzapen onarekin. Taldekide guztientzat eskola handia izan da. Suertea izan dut oso jende onarekin batu naizelako beti, baina Pilt-en kasuan, koadrilla izanda, lagun eta lankidearen arteko oreka oso ondo eraman dugu. Hori zaila da, eta are gehiago nolabaiteko arrakasta lortzen duzunean.

Abestiei buruz hitz egiterako orduan, zer talde edo bakarlari zabiltza entzuten egunotan edo zeinek piztu dizu arretarik gehien?

Betikoak hor daude baina azken bolada honetan Franz Ferdinand taldea nahiko entzuten nabil. Dena asmatuta dagoen mundu honetan, freskotasuna oso garestia da, eta talde honek badu hori. Inolako handikeriarik gabe oso ondo heltzen direla uste dut.

Zure ibilbide musikala hasi zenuenetik gaur egunera zure lanarekiko, abeslari eta konposatzaile moduan, orotara musikari moduan, erantzukizuna handiagoa al daukazu?

Ardura edo erantzukizuna beti doa gorantz, eta are gehiago zure lanbide bihurtzen denean. Eman behar dituzun pausuak gero eta garrantzi handiagoa dute ordura arte egindako guztia jokoan jartzen duzulako. Zenbat eta gehiago egin, hainbat eta gehiago arriskatu. ber27_4.jpg

 

Zeintzu dira aurreko diskoaren eta honen arteko ezberdintasunak? Zer nolako eboluzioa edo aurrerapausoa egon da?

Nabariena formazio aldaketan dago. Teklatuek dexenteko pisua hartu dute eta hori da aurreko lanetik gehien ezberdintzen duena. Disko hau aurrekoa baino aberatsagoa da atmosferetan. Garapen logiko baten emaitza dela uste dut.

Zein izan zen zure helburua disko hau prestatzen hasi zinenean?

Zerbait erakargarria eta bizizalea lortzea nahi nuen beti ere, nire posibilitateak ahalik eta ondoen aprobetxatuz. Iraungitze-datarik ez duen helburua da hau.

Uste al duzu norbera gero eta zaharragoa egiten doan heinean musika lasaiagoa egiteko behar izana sortzen dela?

Ez dut uste edade kontua denik. Bizitzen duzun momentuarekin lotzen da. Egia da edadeak gauzak baldintzatzen dituela baina ez norabide batean halabeharrez. Batzuek kontrakora jotzen dute.

Zuzenekoak nolakoak izango dira. Zer bilatzen duzu zuzenean?

Zuzenekoak diskoan agertzen dena islatu behar du baina entzule eta musikariaren arteko harreman zuzen batekin, horrek daukan bizitasunarekin. Taldekideok oso kimika ona dugu eszenatoki eta hori entzuleak segituan antzematen du. Asko disfrutatuko dugula susmoa daukat.

Zer esan nahi duzu disko honekin, zein da barruan daukan gaia edo beharra?

Txikitasunaren apologia da. Oharkabean gertatzen diren gauzen garrantziaren apologia. Titulua "Saredun eskua" da eta intsektuen ehiztariaren jarrerarekin bat dator. Hau da, saredun eskua duen gizona gauza txiki horien atzetik, intsektuen ehiztaria intsektuen atzetik doan bezala, doana. Ni naiz intsektuen ehiztaria eta sarea nire eskua. ber27_3.jpg

Argazkiak: Iñigo Azkona

Gotzon Uribe

2006, Martxoa 01
Arloa: Berba Bi