Maleta armairutik kanpo

Iker Zabala

2016, Urtarrila 22
Arloa: Kirolak

Distantziarekin jolastea zein konplexua den. Lehen urruti zegoenak oso gertu dirudiela ematen du orain, eta ondorioz, lehen aurreikusi ezin genitzazkeen helmugak oso denbora gutxira egon daitezke garai azkarrotan. Eta ez gara soilik denbora eta espazioaren muga guztiak hausten dituen jauzi digitalaz ari, distantzia fisikoak ere era izugarrian murriztu direla aitortu beharra dago.

Duela urte batzuk, euskal futbolari baten etorkizuna euskal taldeetan edo gehien jota estatuko talderen baten barnean aurreikus zitekeen. Futbolaren mugak beti ere oso iragazkorrak izanagatik ere, oso urruti joaten ziren euskal ordezkariak gutxi ziren. Gaizka Mendieta edo Xabi Alonsoren kasuak datorzkigu gogora, ziur asko, biak punta puntako jokalariak, Lazio eta Liverpool-era hurrenez hurren, joan zirenak. Baina milurte hasiera inguru haietako abentura haiek Europan ziren. Horrenbeste denbora igaro ez bada ere, euskal jokalarien helmugak askoz ere exotikoagoak direla behatuko dugu era errazean, nahiz eta akaso ez duten gorago aipaturiko izenekin zerikusi handirik. Punta puntako fitxaketak ziren haiek, egungo kasuak futbolaren langileen kasua da, etxean eskaintza gehiegi ez dagoen unean, beharrizanetik bertute egin eta futbolaren merkatua zein handia den behatzera ausartzen diren jokalari txikiena. Ohikoa izan dira urteotan, Grezia, Txipre edo Georgia bezalako herrialde anitzetan euskal ordezkariak ikustea. Denen izena ez dugu aipatuko, baina bi kasu beha ditzagun:

Mikel Alvaro amurrioarra ez da elitean aritutako jokalaria. Bigarren B eta bigarren mailako hainbat taldetan aritu ondoren, futbolaren bitartez mundua ezagutzeko parada izan du, eta helmuga bakoitzak are gehiago aldendu du Euskal Herritik. Hala, Dinamo Tblisin aritu zen lehenik, Georgian; Azerbayan-era egin zuen salto ondoren, Inter Baku taldera; eta iragan urtetik hona, Auckland City-ko erdilaria da, Zelanda Berriko egungo txapeldunarena hain zuzen ere.

Komuneko punturen bat bada Urko Veraren istorioarekiko. BarakaldokoakĀ  ere futbolak osatzen duen luxuzko eraikinaren beheko solairuak ederki ezagutzen ditu. Elitean Athletic-en denborada erdia jokatu zuen, lehen mailan, eta hura maleta soinean duela bizi izan duen ibilbidearen beste etapa bat baino ez zen izan. 28 urterekin 11 talde ezagutuak zituen bizkaitarrak, gehientsuenak 2. mailakoak. Udan Mirandesen eskaintza zeukan beste urte batez Burgoseko taldean aritzeko. Baina Verak beste bide bat hautatzea erabaki zuen, oso bestelakoa gainera. Jeonbuk Hyunday Motors Hego Koreako taldera joan zen. Abentura arrotza ematen zuen, baina bizitza ausartentzat dela esaten omen dute, eta ausardiaz asko daki Vera bidaiariak.

6 hilabete pasa dira ordutik, eta esperientzia gazi gozoa izan da. Alde batetik, bere ibilbideko lehen titulua irabazi du Urko Verak, Koreako Liga, eta Asiako txapeldunen liga ere jokatu du. Baina maila pertsonalean, ez da partida gehiegitan lehiatu, eta, aurrelari batentatzat mingarria hauxe, ez du apenas golik sartu. Horrela, ez du birritan pentsatu etxera itzultzeko aukera suertatu zaion unean. Osasunaren eskaintza hartu eta berriro armairuan sartzen ez duen maleta bete du Euskal Herrira itzultzeko. Etapa laburra bai, baina intentsitate handikoa izan da Verarentzat Korean bizitakoa.

Etxetik urrutira oso azkar heltzen da, baina zenbaitetan urrutitik etxera bueltatzea horren erraza ez dela ematen du. Garai berriek dakarzkiguten paradoxak.