(Ez)Gaitasunak

Iker Zabala

2016, Urtarrila 05
Arloa: Kirolak

Kirolean zentzu guztiekin jokatu beharra dago. Gorputzaren koordinazioa giltzarria den heinean, zentzuek ematen diguten informazioa ezinbestekoa da edozein disziplinatan aritzeko. Ados, dastatzeak eta usaimenak apenas izan dezakete isladarik, baina ikusten, ukitzen eta entzuten dugunak emango digute gauzak ondo atera daitezen adina informazio. Entzuten dugunak ere bai?

Eunate Arraiza Bilboko Athletic-eko pieza garrantzitsuenetarikoa da. Joseba Agirreren planteamenduetan finkoa, taldeak superligan daraman ibilbide zoragarriaren arduradunetako bat da, erdialdean ematen duen kalitatearen ondorio. Bada, halere, faktore bat bere taldeekideen artean, eta are gehiago, liga guztiko jokalarien artean, bakar bilakatzen duena. Eunatek entzumen defizit nabarmena dauka.

Jarduna erabat baldintza dezakeela pentsa dezakegu, akaso. Diotenaren arabera, entzumenaren bitartez 360 graduko espazioaz jabetzen gara, eta inguruko objektu eta pertsonak gugandik dauden distantzia somatzeko gai gara. Eta jakina, hitzez komukinatzeko (jasotzeko, kasu hontan) aukera ere ematen digu. Eunate Arraizak oso txikitatik izan ditu arazoak entzuteko. Bi urte ingururekin jakinarazi zioten bere gurasoei, eta Eunatek berak dioenaren arabera, betidanik gogoratzen du bere burua audifonoa soinean duela. 8 urterekin ezker belarriko koklean inplantea ere jarri zioten. Baina horren txikitatik arazoa eduki izanagatik ez du bere pasioa, futbola, albo batera utzi. Baloia beti ere oinetan zeramala, berebiziko talentua adierazi zuen, eta hala, Lagunak talde nafarrean laster izan zuen tokia. Umetatik hasi zen, eta izugarri gazte,15 urte eskasekin lehen taldera egin zuen salto. Erdilari habila, ezker hankan sua duen horietakoa eta hegal zein barnekaldean jokatzeko talentua duena. Hori gutxi balitz, golak egiten ere iaoa da. 2012an bere ibilbideko inlflexio puntua iritsi zitzaion, Athletic-en eskaintza heltzean. Ordutik finkoa izan da hamaikako zurigorrian, eta aurten oraindik ere altxatu ez duen liga garaikurra irabazteko ametsa du biurrundarrak.

Ez dirudi, beraz, entzuteko gabeziak Arraizaren bidea baldintzatu duenik. Partidetara galtzetara loturik duen petaka batekin ateratzen da, audifonoa zintzilik duela. Ez du inoiz epaile ez aurkariekin inolako arazorik izan, eta taldekideek erabateko normaltasunez garatzen dute partida. Eunate berak bere jokoa gabezia hortara egokitzen jakin izan du.

Kanpotik ikusita apenas entzuteak muga nabarmena dela eman lezake akaso. Baina nafarrak ez du inola ere horrela hartu futbolari bezala daramatzan urteetan. Norberaren doaietan sinisteko gaitasuna dagoenean (balizko) mugak txikitu, eta are gehiago, desager daitezkeenaren seinale?