3 segundu

Denbora. Hori elementu arrunt eta xehea. Gu denon egunerokoa baldintzatu eta eraikitzen duena, neurtzeko ezin errazagoa, bai ordulari edo egutegi bitartez, baita begikolpe batez, esaterako, norbaiten adinaren nondik norakoak kalkulatzeko. Edo ez. Zenbaitetan konplexuagoa izan daiteke. Zenbat aldiz ez dira minutuak orduak bezain luzeak izan zerbaiten zain gaudenean? Edo adin berdineko bi pertsonak oso irudi ezberdina eman, zahartze zeharo desberdina bizi ondoren?
Bada, denbora neurgarria izango da beti, baina gu geuk denbora horri ematen diogun dimentsioa zenbat alda daitekeen.

Eta irakurlea denboraren inguruko sasihausnarketa honek kirolarekin duen erlazioa zein den egongo da galdetzen. Bada, kirol disziplinek denboraren tratamenduarekin duten erlazioaren inguruko gogoeta da hitzon helburua. Izan ere, normalean ezagutzen ditugun kirolen denborak oso ezberdinak direla onartu behar: azter ditzagun esaterako, ohiko talde kirolak. Futbola, adibidez: bere iraupena oso zehatza izan ohi da, eta kazetarien kontakizunetan ere zenbaitetan azpimarratu izaten da. 90 minutu. Denbora hortan ondoen egiten duenak irabaziko du partida. Jokalarien lana da denborarekin jolasten jakitea. Hasieran indarrak xahutu abantaila ateratzeko edo bukaerarako gorde, minutu erabakiorretako azken esfortzuaren saria lortzeko esperantzaz?

Beste disziplina batzuetan, ordea, denbora kirolariak berak markatzen du. Eskupilotan, esaterako. Pilotarien maila, parekotasun eta jokatzeko eraren araberako iraupena izango du partidak. Beti ere bietako bati partida luzatzea gehiago interesatuko zaio, besteak ordea, gauzak ahalik eta azkarren gerta daitezen bilatuko du, 22ko kartoi magiko hori lehenago eskuratzeko aukera gehiago izateko.

Beste kirol mota bat ere bada, denbora bera aurkaria dena. Beno, ez akaso denbora bera, baina norberaren denbora handituz doan heinean irabazteko aukerak murritzagoak bilakatzen dira. Helmuga zeharkatu ondoren bere denbora gelditzea lortzen duenari jarriko zaizkio garaikurrak. Txirrindularitza, automobilismoa, atletismoko hainbat proba...ohar gaitezen disziplina hauetako askotan erlojuaren aurkako modalitatea ere esistitzen dela, denboraren aurkako bataila honen adierazle.

Kirol batzuk zinez luzeak dira. Tenis partida jokatzen duen kirolariak, adibidez, ederki daki 5 ordu bueltako lehia izatearen aukerak badirela. Eredu luzeagoak ere badira: xakean, adibidez, beti ere joko erritmoaren arabera, 8 orduko partida gauza daiteke arazorik gabe (zein adierazgarria kirol hauxe denboraren aurkako lehiaren ikono gisa: jokalariak alde bakoitzean eta erdian erlojua, bi gerlarien arteko epaile aseptiko baina funtsezko gisa). Urrutiago joan nahi? Vendée Globe lehiaketak hilabeteetako borroka planteatzen du bakarka doazen nabigatzaileen artean. Txapelketako minutu bakarreko hankasartzeak dena pikutara bota dezake.

Kontrako muturrean, badira lehiaketak oso denbora murritzean gertatzen direnak. Zein zirraragarriak gerta daitezkeen 10 segundu inguruak (9'58'' an dauka egun marka Usain Bolt jamaikarrak) atletismoko 100 metroetan. Kirol laburragoak esistituko ote dira? Bada, bai. Bilbo inguruan ederki badakite hauxe. Bigarren urtez Salbeko zubian izan dira munduko saltatzaile onenak. Saltoek apenak irauten dituzten 3 segundu eskasetan, kirolariak ahalik eta trikimailu konplexu eta koordinatuenak burutu behar ditu beste lehiakideak garaitzeko. Aurtengoan Steven Lobue estatubatuarrak irabazi du txapela mortal bozkoitza eta tirabuzoi erdia biltzen zituen jauzirekin. Kirol sintetiko bezala ez dago gaizki, ez?

Iker Zabala

2015, Urria 05
Arloa: Kirolak