38rekin 14.a

Nola neurtu norbaitek arrakasta? Erantzun agerikoena palmaresera begiratzea litzateke, kirolariak bere ibilbidean lortu duen garaipen zerrendaren tamainako balioa eman diezaiokegu norbaitek eginiko lanari. Baina ze bidegabea izan daitekeen zenbaitetan norbaiten esfortzua zenbaki gordinetara murriztea! Horregatik, sakonago begiratzea beti da gomendagarria.

Haimar Zubeldiak garai ugari ezagutu ditu txirrindularitzan. 90. hamarkadako bukaeran gauzatu zuen debuta. Garai hartan euskal bizikletako itxaropen nabarmenetarikoa izan zen, eskalatzaile eta erlojuz kontrakoetan iajoa, hutsunerik gabeko txirrindularia. Euskaltel Euskadiko geroz eta indartsuagoaren erreferentzia bilakatzen hasi zen, eta talde euskaldunak Frantziako Tourrerako gonbidapena jaso zuenean, usurbildarrak munduko bizikleta lehiaketa handienarekin duen erlazio berezia hasi zen.

Urtetik urtera, zegoen taldean zegoela (zeren beste 3 ezagutu ditu orotara Euskaltel utzi zuenetik), uztaila aldean Frantzia zeharkatzen duen lasterketa hortxe zegoen zain gipuzkoarrarentzat. Inoiz zarata handirik egin gabe, emaitza orokor onak lortu ditu zenbaitetan (birritan 5. postuan sailkatu izan da), bere taldekideentzat sekulako lana egin izan du (Alberto Contador Parisen bi aldiz garaileak aitortu izan du Zubeldia beretzako lanean egoteak izan duen balioa) eta 2010eko edizioan salbu (erorketa baten ondorioz ezin izan zen egon), 13 ediziotan hartu du parte erreskadan euskaldunak.

38 urterekin 14.ari ekin berri dio, Trek Factory taldearen elastikoa soinean. Berriro ere laguntzaile funtzioak dagozkio hasiera baten, Bauke Mollema holandarra baita disziplian estatubatuarreko liderra, baina ondo badaki usurbildarrak gauzak ez direla zertan hasi bezala bukatu. Tourrean lehiatzeko jaio den kirolaria, nahiz eta beteranoa izan, lehen hamarren artean sailkatzeko aukera ez da inolaz ere baztergarria.

Azken pedalkadak dira ziur asko Zubeldiarentzat urteotakoak (nahiz eta gaztetako saioa erakusten duen parte hartzen duen edozein lasterketan), eta akaso atzera begiratzeko garaia bada, bidea emankorra izan den behatzeko. Palmares urria da berea, Euskal Bizikleta eta Ain-eko Tourreko garaipen banarekin. Halere, norbait ausartuko da Haimar Zubeldia azken garaietako euskal txirrindulari onenetarikoa ez dela esaten?

Iker Zabala

2015, Uztaila 18
Arloa: Kirolak