Elurretik ateratako kristala

Elurra ez da berez oso Euskal Herritarra. Ondo uler dadila, egia da euskal lurraldeko hainbat tokitan elurra neguoro azaltzen dela, eta herri ugaritako panoramika osatzeko zuria beste kolorerik ezingo genukeela erabili urteko hiru hilabetetan, baina kirolari dagokionean elurraren azaltzeak ez du ezer berririk plazaratzen futbolean baloi laranja atera behar delaz haratago. Horregatik akaso balio gehiago eman dakioke Lucas Egibar donostiarrak eginiko balentriari.

Snowboard taula oinetan duela eraiki du kirol ibilbidea, eta 21 urte eskas izanagatik, ezin esan gipuzkoarra disziplinara heldu berria denik: 2012an Europako kopan garaipen distiratsua erdietsi zuen, eta hurrengo denboradan Munduko kopan podiumera igotzea ere lortu zuen; Sochiko negu olinpiar jokoetan azken unerarte egon zen aukerekin, nahiz eta azkenik 7. sailkatu. 2015a era zoragarrian hasi du Egibarrek, izan ere, Veysonnaz herri suitzarrean Mundu mailako proban lehen garaipena eskuratu du, Snowboardcross modalitatean, eta hain zuzen ere, garaipen honek oso posizio mamitsuan uzten zuen donostiarra La Molinako mendi gironarrean kopako garaipen orokorra lortzeari begira. Sekulako erronka litzateke horixe, kanadiar edo estatubatuar kirolarien aurka gailentzea, herrialde hauetako gune askotan eski edo taula hauekin jaio egiten direla kontutan hartuta. Esan beharrik ere ez dago euskal riderrik ez dela horren urruti ailegatu sekula.

Gauzak, halere, ez ziren nahi bezala atera, eta final laurdenetan buruturiko lasterketa makalak uste baino dexente lehenago baztertu zuen La Molinako lehiaketako borrokatik. Esperantza guztiak ez ziren urratu halere, baina kirolariek horrenbeste gorroto duten egoera eman zen Egibarrentzat: besteek egiten zutenaren araberako aukerak zituen Munduko txapeldun gauzatzeko. Alex Pullin rider australiarrak finalean lan ona egiteak euskaldunarentz podiumeko bigarren toki garratza ondorioztatuko zukeen, eta lasterketa harmailetatik ikustera behartua zegoen Egibar.

Txapeldun handiek zortea aldeko izan ohi dute, eta kasu hontan ere hirugarren tokian sailkatu zen Pullin, Christopher Robanske kanadiarrak irabazitako lasterketan, eta kristalezko globoa, munduko txapeldunari ematen zaion garaikurra, Egibarren eskuetara joan zen.

Donostian, itsasoaren altuerara dagoen hirian hazitako mutila mendian, elur zurietan, inor baino azkarrago. Eta munduaren gailurra ukitu izanak ez du helmuga berririk gabe utzi Egibar. Pyeongchang-eko joko olinpikoetan, 2018an, Sochin barnean geratu zitzaion arantza kendu nahi du. 2015ean erakutsiriko maila ona ordurarte mantentzea ez da nolanahikoa izango.

Iker Zabala

2015, Apirila 17
Arloa: Kirolak