Arkaitz Zubiaga Mendialdua - Informatikaria

Kontaizu

2006, Abendua 01
Arloa: Berba Bi

ber35_1.jpg

Teknologia berriek gure hizkuntza sustatzeko eskaintzen dizkiguten baliabideak ahalik eta gehien profitatu beharko genituzke

  • Internet eta euskarazko edukien inguruan lan asko egiten du.
  • Hainbat ekimen eraman ditu aurrera, azkena bildu.net
  • Egiten dituen ekimenek jendearengan duten erantzuna interesatzen zaio gehien.
  • Interneteko euskal erabiltzaile komunitatean parte hartzeko deia egiten du ahal duen bakoitzean.

Arrasatearra da. Interneteko ekimen asko eraman ditu aurrera, horien artean Wikipedia entziklopedia euskalduneko parte hartzailea da, Zabaldu.com komunikabide partehartzailea sortu du eta azkena

Zure ikasketak eta orain arte profesionalki egindakoa pixka bat?

Lehen eta bigarren hezkuntzak amaitu ondoren, Mondragon Unibertsitatean ikasten hasi nintzen. Nahiko argi neukan informatika gustoko nuela, eta honenbestez ingenieritza ikasketak hasi nituen gai horretan. Ikasketak burutzearekin batera unibertsitatean lanean ere aritu nintzen eta aurten bukatu eta karrera amaierako proiektua aurkeztu dut. Gaur egun Bartzelonan nabil, VilaWeb egunkari digitalean informatikari bezala lanean, UNED bitartez hasi berri ditudan graduondo ikasketekin uztartuz.

Zein dira Interneten orain arte burutu dituzun ekimen pertsonalak?

2000. urte inguruan hasi nintzen webguneak egite honetan murgiltzen, eta oso gustoko nuen egia esan. Hortik bi urtetara egin nuen lehen webgune serioa-edo esan daitekeena, Berri Txarrak taldearen webgunea. Web diseinua eta programazioa gustoko nuenez, hurbiletik jarraitu izan dut gai hau, eta ekimen pertsonal batzuekin hastea erabaki nuen web 2.0 delakoaren agerpenarekin batera. Lehenik eta behin, euskarazko Wikipedian parte hartzen hasi nintzen, webgune berri hauek eskaintzen duten partehartze aukerari esker. Beranduxeago, horrelako webguneen kopuruaren hazkuntzarekin batera Zabaldu.com albistegi kolektiboa sortzea erabaki nuen. Eta azkenik, eta guztietan proiekturik berriena dena, Gorka Julio eta biok Bildu.netlaster-markak gorde, antolatu eta elkarbanatzeko webgunea aurkeztu genuen.

 

 

Zein izan ziren Zabaldu.com ekimena sortzeko zergatiak eta zein izandako harrera?

2005ean ingeles hutsean aurkeztu zen digg.com albistegi berritzailearen sistemak asko erakarri ninduen, jendeari eskaintzen dion partehartze aukera horrengatik. Une hartan mota honetako webgune bakarra zen, eta izugarrizko harrera izan zuen. Ez zen denbora asko pasa Ricardo Gallik gaztelaniazko bertsio bat aurkeztu zuen arte, meneame.net; harrera ona izan zuen horrek ere zegokion komunitatean, baina benetako arrakasta geroxeago etorri zen, softwarearen kodea irekitzea erabaki zuenean. Azken proiektu honen klonak sortzen hasi zen orduan jendea; eta euskaraz ere ondo funtzionatu zezakeelakoan, Zabaldu.comprestatzea erabaki nuen. Eta hor darrai, bere komunitatea sortzen, poliki-poliki hazten ari dena. Lehen egunetik harrera oso ona izan zuen, eta jendearen aldetik partehartzeko gogo handiak. Polita da euskaraz komunitate aktiboa badugula ikustea.

Zein da ekimen honen etorkizuna?

Zabaldu.com-ek harrera ona izan duela ezin da ukatu, baina zabalkundea teknologia berrien zale eta euskaltzaleengan eman da batez ere, beste eremu batzuetara poliki-poliki hedatzen ari den arren. Hurrengo helburuetako bat jende gehiagori helaraztea da, albisteak norberak jakinarazi eta aukeratu ditzakeela erakutsiz. ber35_3.jpg

 

Internet euskaldunean sortu diren tresna eta ekimen berriek interesa sortu dizute?

Oso interesgarria iruditzen zait, zalantzarik gabe. Azken hilabeteotan asko mugitzen ari da euskal komunitatea. Duela urte batzuk Interneten zerbait euskaraz aurkitzea ia ezinezkoa zen, eta gaur egun etengabe ari gara edukiak sortu eta hobetzen. Dena dela, tresnak eta ekimenak sortzeak baino ilusio handiagoa ematen du erantzuna dutela eta interes berbera duen pertsona ugari dagoela ikusteak. Orain dinamika honekin jarraitu beharra daukagu, edukiak sortuz alde batetik, eta jendea berauek erabiltzera animatuz euskarazko sare polita existitzen dela konturaraziz.

Demagun galdutako gauza guztiak dauden toki ezkutu bat dagoela eta nahi gabe kalean zoazela bertan agertzen zarela, zer topatu nahiko zenuke bertan?

Euskarak historian zehar izan duen indarra berreskuratu nahiko nuke bertatik. Gaur egun teknologia berriekin gure hizkuntza sustatzeko baliabide eta aukera berri ugari eskaintzen zaizkigula uste dut, eta horietaz ahalik eta gehien profitatu beharko ginateke.

Aipatu duzun wikipedia euskaldunaren proiektua azalduko zeniguke?

Wikipedia Interneten guztiontzako eskuragarri dagoen entziklopedia askea da, 2003az geroztik euskarazko bertsioa ere baduena. Bertako edukiak GFDL lizentziapean argitaratzen dira, eta berauek irakurri eta kopiatzeko aukera eskaintzeaz gain, aldatu eta informazio berria gehitzeko aukera ere ematen du. Eta horrela osatzen da entziklopedia hau, nahi duen orok bere ekarpenak eginez. Gaur egun euskarazko entziklopedia honek 15.000 artikuluen muga gainditu berri du, eduki interesgarriak sortzen ari dira etengabe.