Autonomia hezkuntzan

Autonomia

Edozein hezkuntza prozesuetan ahalduntzea bilatzen da, hori lortzeko eman behar den ezinbesteko ezaugarritako bat autonomia da. Autonomia halere arlo askotan eman daitekeen zerbait da, maila ezberdinetan; hezkuntzari lotutako arlo teknologikoa ez da salbuespena.

Harreman eta elkarrekintzaren garrantziaz kontziente izan eta horren arabera erabakiak hartzen jakitea da autonomia. Arlo teknologikoa eta hezkuntza loturik, maila ezberdinak adierazteko, irudi sinplifikatu hau erabiliko dugu marko moduan.


 

Pertsonen ahalduntzea: Gaitasun digitalak eta programazioa

Gaitasun digitalak izatea behar beharrezkoa da gaur egungo jendartean. Gaitasun horiek zein diren jakin, ditugunak identifikatu eta ez ditugunen aurrean zer egin behar dugun jakiteak erabakigarria da.

Asko dira, izan beharreko gaitasun digitalen zerrendak, batzuk oso orokorrak eta beste batzuk aldiz zehatzak. DIGCOMP modeloak adibidez horietako batzuk identifikatzen ditu eta gero kasuan kasu, profil berezituen bidez zehaztasun gehiago ematen die.

Ez dakit, hauek edo beste batzuk izan behar diren kontutan hartu beharrekoak, baina bertan zehazten diren arlo orokorrek behintzat badute zentzua: informazioa, komunikazio digitala, eduki sorkuntza, segurtasuna eta arazoen kudeaketa... Adibidez irakurketa sakona (liburu, liburu digital, artikulu luze, saiakerak...) lantzea garrantzitsua iruditzen zait, orain ordenagailu, eramangarri, baina bereziki liburu elektroniko, tablet eta mugikorretan egingo denean, behar beharrezkoa.

Hala ere, bada gaitasun bat bereziki garrantzitsua, programazioa. Informatikaren hastapenetan, informatika erabiltzea programatzea zen ia ia. Orain aldiz, erabiltzen ditugun programak gero eta erabilerrazagoak direnez, gero eta zailagoa da erabilera hori eta programaren benetako logika ezagutzea. Horrela, programak edota programa hori garatu dutenek gu “kontrolatzera” iristen dira. Gure beharretara egokitu beharrean, guk haien beharretara egokitzen gara.

Programak gizakiok sortzen ditugu agindu segida besterik ez dira eta beraz aldagarriak, baina horretarako programazioaren oinarriak ezagutzea beharrezkoa da. Inoiz baino errazago da orain edozein adinean programatzen ikastea, bi adibide zehatz code.org eta codecademy.com. Programazioari beste zientziei ematen zaien trataera antzekoa ematen hasi beharko genioke.

Datuak: Lizentzia libreak

Datuak libre eta eskuragarri jartzeak ere garrantzia handia dauka. Honi esker, nahiz eta guk ez jakin, beste batek eduki hori baliatu, hobetu, berrerabili edota eraldatu dezake. Helburua ezagutza ahalik eta jende gehiagori hedatzea bada, egiten dugun lanetan lizentzia libreak erabiltzea ia beharrezkoa da.

Lizentzia libreen munduan ere badira aukera asko, ezagunenak Creative Commons lizentziak dira. Hauen artean ere gama zabala dago, aukeratzen diren murriztapenen arabera konbinazio handi bat eman daiteke. Marko Txopiteak bere “Creative Commons-eko semaforoa” artikuluan oso ondo azaltzen du horien arteko aldea.

 

Edukiak: Eduki libreen biltegiak eta bilatzaileak

Batek egindako lana beste batek erabiltzea edo elkarren artean eduki bat sortzea interesgarria da oso. Edozein dela erabiltzen den tresna, edukiak libre eta eskuragarri jartzearena jarrera kontua ere bada. Jarrera horiek indartu beharko genituzke hezkuntzaren alorrean ere.

Horretarako eduki libreak sortu, eskuragarri jarri eta berrerabiltzeko biltegien aldeko apustua egitea garrantzitsua da. Wikipedia berak eta Wikimedia fundazioko proiektuek funtzio hori bete izan dute eta jarraitu beharko du betetzen, baina hortik harago ere sortu beharko dira hezkuntzarako “puntu neutro” libreak edukiak elkartrukatzeko.

 

Azpiegiturak: Hardware librea eta erabilera anitzeko gailuak

Gailu batzuk, gauza zehatz baterako bakarrik pentsatuak daude. Beharbada egokiak izan daitezke gauza hori egiteko, baina ikasketa prozesu batean horien aurrean, erabilera anitzeko gailuak hobesteko saiakerak egin behako genituzke.

Horretaz gain, aukera berdintasuna ere kontutan hartu beharko genuke, eskatzen ari garen tresnaren kostua eta teknologiaren irekiera oso garrantzitsuak dira horretarako. Lehena, edozeinek gailua eskuratzeko eta bigarrena erabiltzen diren teknologiak muga bat ez izateko. Arrazoi hauengatik, tabletak, ordenagailu garestiak (Apple produktuak adibidez) edo sinplifikatuak (Chromebook adibidez) akats larria litzateke.

Adibide egokia da adibidez, Raspberry Pi ordenagailu merke eta sinplea. Plakatxo hori ordenagailu txiki bat da, pantaila eta teklatu bati lotuta mila aukera eramaten dituena. Ordenagailu arrunt bat bezala erabiltzea gain, sentsoreak programatzeko edo errobotak muntatzeko balio dezake. Britaina Handian jada eta beste hainbat tokitan eskola programan sartu dute adibidez.
 

Lengoaiak: Estandar irekiak

Bai barne, zein kanpo prozesuetan erabiltzen diren estandarrak irekiak eta libreak izan behar dira ahal den kasu guztietan. Subiranotasun teknologikoa, segurtasuna, mantenua, bateragarritasuna... edozein dela ikuspuntua, onuragarria da hau.

Dokumentuetan ODF formatuak erabiltzea edota eduki berrerabilgarritasun-a bilatzeko SCORM/IMS paketeak sortzea oso ideia ona da. Tresna beharrezko gehienak eskura-eskura ditugu aipatutako eduki paketeak egiteko adibidez eXelearning dago.

 

Tresnak: Software librea

Hezkuntza prozesuan dudarik gabe, software librean izan beharko luke oinarria. Software pribatiboa inplementatutako tokietan migrazio oso bat ezinezkoa izan daiteke hasieran, baina migrazio prozesuak martxan jarri eta software librea oinarri duten sistema eragile, nabigatzaile, bulegotika tresnak... migratzea lehen pausu bat izan liteke. Aldiz irakaskuntza prozesuaren zenbait proiektu edo atal berezituetan berehala erabiltzen hasteko aukera dago.

Onurak arlo askotarikoak dira, batzuk ekonomikoak, normalean software librearen ezarpena, soluzio pribatiboen bidezkoa baino merkeagoa izango da. Merkeagoa ez den kasuetan, egindako inbertsioa egokitzapen, zerbitzu, moldaketa eta lokalizazioari begirakoak izan daitezke. Beste batzuk sozialak, software librea sustatuz egiten diren moldaketa guztiak jendarte osoaren onurarako ere badira eta garapen ekonomiko lokala ere sustatzeko balio dezakete.

Esan daiteke beraz, software librea dela autonomia ziurtatzeko apusturik hoberena. Inbertsioen errentagarritasuna ziurtatzen du, baina komertzialki errentagarriak ez diren esparruetara iristeko gaitasuna ere badu. Orain dela urte batzuk esperientzia gutxi egon bazitezkeen ere, gaur egun munduan zehar arlo honetan egindako prozesuak asko dira jada.

Hezkuntzaz ari bagara, software libreak meta-irakaskuntza lantzeko aukera gehiago ematen du. Ez gaitu tresna bakar eta pribatibo bat erabiltzera mugatzen eta nahi izanez gero bere kodea ere ezagutzeko aukera izan dezakegu. Hau da, hezkuntza prozesuetan bakoitzak bere nahien eta beharren arabera sakontzeko aukera ematen du. Hobe ulertzeko artikulu honetan, eskolan software librea erabiliko beharko litzatekeela justifikatzen du, GNU mugimenduaren sortzaile izan zen Richard Stallmanek.

Gorka Julio

2015, Otsaila 23
Arloa: Sarean