Mmmmmmuuuuuussssssuuuuuuaaaaaa

Agurtzane Hormatza

2015, Urtarrila 07
Arloa: Jo ta jo

Aupa denoi!!

Zelan??? Hemen goxo goxotan gabiltza...ea zuok be horretan murgiltzen ari zareten!!

Haurluxet Hiztegi Entziklopedian musua hitza bilatuz gero hauxe agertzen da:

“ Adiskidetasuna, maitasuna, begirunea erakustearren norbait edo zerbait ezpainez ukitzea.”

Musuak baina denetarikoak daude, neska eta mutilen beste. Badaude gozatzekoak direnak, maitasuna adierazteko, lizunkerietan ibiltzeko, mina kentzekoak,adiskidetasuna zabaltzeko, dolumina agertzeko, haserraldiaren ostean elkartzeko, negarra baretzeko,traizioa edo errespetua adierazteko, agur edo gabon esateko, konpromisozkoak, aurkezpenak egiteko, olgetako, pelikuletan ematen direnak imitatzeko, derrigorrezkoak edota desatseginak.

Musuen jatorriari dagokionez zabal idatzi izan da baina adostasunik ez dago; hainbat iritzi daude: umearen sugartzearen bulkadarekin lotuta dagoela, tribuetan eta animalietan batak besteari usaintzearen ohiturarekin zerikusia daukala, emeak ahoan mamurtzen duen jatekoa bere kumei emateko moduarekin lotuta be badagoela...Denak oso logikoak, danak musuaren jatorria, kontzeptu bezala azaltzeko modukoak. Musuaren mamia norberaren esperientziak azalduko du eta.

Argi dagoena da giza ezpezien eta beste animalien espezien artean, batez ere emeek euren kumeei, maitasuna adierazteko modu bezala agertzen dela. Musuak umea jaioberriri -gerorago ere bai- ematea izaten da, berba goxuekin eta laztanekin batera, amek eta aitek maitasuna adierazteko dauzkaten moduetariko bat. Modu horiek, umearen intimitatea, maitasuna eta zihurtasun emozionala garatzeko ezinbestekoak bilakatzen dira. Beraz musuak badu bere garrantzia denon garapen pertsonalean.

Musu batzuek sikuak dira, besteak bustita, sakonak, zabalak, txikiak, beroak, xamurrak,ur tanta moduan jaisten direnak, lodiak, gogorrak, xuabeak, astiro hasten direnak eta izugarrizko danborradaren martxa hartzen dutenak, xurrutean ibilteko, ezpainen artean mihinarekin jolasteko, ziztada modukoak direnak, haginkadatxoak emanez bidea egiten dutenak...Hainbat modutan ematen dira, begirada baten bidez, betaulekin ematen badira pinpilinpauxa musuek ei dira, sudur sudurraren kontra igurtziz inuitek ematen ei dute, eskutitzetan idazten dira, izpiluan ezpainetakoarekin marrazten dira, putz eginez edo eskua ahora eraman eta botatzen direnak, berbek gauzatutakoak entzuten dira...

Askotan ez dakigu zelan eman gustuko dugunari musuak, askok ez duzue lehen musu hori eman, besteek gogoratzen lehen musu hori? Zelako urduritasuna, lotsa, beldur punttua, gogoa, grina, kuriositatea...emaitzak denetarikoak. Eta errezeta majikorik ez. Norberaren gogoari jarraituz, aurpegi biak elkartuz gorputzari entzun eta.....Muuuuxxxxxxuuuu