Zugaz ez!

Agurtzane Hormatza

Aupa denoi!

Askotan nagusiok pentsatzen dugu gazteen maitasun kontuak errazak direla, ez daukatela aparteko sakontasunik, eta tristetu egiten bazarete ere uste dugu inportantzi larregi zabiltzatela ematen kontuari “ beste batzuk etorriko dira”. Baina denok gure biografiari arreta handiz begiratu ezkero aurkituko dugu maitasun kontu bat, gogorra izan zena, tristetu gintuena, barruan geratu izan zitzaiguna ... Orduan errazagoa da zuok ulertzea.

Gure kuttunarekin harremana eraikitzen dugunean sentitzeko dugu daukaguna amaitezina izango dela, betirako zoriontsu egongo garela elkarrekin, edo sikiera tarte luze baterako. Aurrera joan ala konturatzen gara zein harreman zoragarria daukagun  eta baita zein zaila den bion erritmoak, gurariak, beharrak ... bideratzea bakoitza bereari eutsiz eta aldi berean biok bat eginez. Ez da erraza, aberasgarria izan arren.

Sarri bide horretan goazela konturatzen gara zelango gauzak ez zaizkigun gustatzen, zer nolako minak jasotzen ditugun, ze distantziak behar ditugun, noiz gure izaerek bat egiten duten eta noiz talka, zelan aldatzen den gure berarekiko desioa, zelan maitasunaren olatuak joan eta etorri egiten diren ... Emozioen zurrunbilo horretan igeri egitea batzuetan oso gora beheratsua da, nekagarria , aspergarria ... Horrelako bizitzaren artean ibilita batzuetan ez daukagu indarrik ezta gogorik ere gehiago igeri egiteko. Baina miraria izango balitz moduan aurrera egiten dugu eta pozarren irteten gara toki horretatik.

Baina beti ez da horrela izaten. Batzuetan itota sentitzen gara, aspertuta, bikotearengandik aldenduta, grina galduta, erreta ... Besteetan ez gara sentitzen maitatuak, baloratuak, mimatuak, ondo zainduta ... Ez gaude gustura, ez dugu horrela egon nahi. Ez dugu lagunarekin horrelako harremanetan bizi nahi. Gure barrenean sentitzen dugun hori ez dela gure lekua eta sentsazioa bera mingarria izaten da.

Dena delakoagatik harreman horretan ez jarraitzea erabakitzen dugu. Baina pentsatze hutsetik gauzatu arte denbora igarotzen da. Bidea ez da xamurra izaten, batzuek denbora gehiago behar dugu beste batzuk baino. Lagun batzuek modu batzuek daukate eta besteok beste batzuk harreman eta lagun bakoitza mundu bat delako. Baina gure baitan oiartzun horrek gero eta indar gehiago hartuz gero, azkenean gure barrenari bidea emango diogu, zaila izan arren.

Batzuetan gure bikotekidea bat dator gurekin eta bidea ez da hain gogorra izaten. Baina beste batzuetan zaila da lagunak ez duelako apurketa hori nahi. Mina sortzen dugu, mina hartu eta ematen dugu, gura barik. Emozioen zurrunbiloetan mina ezinbesteko partaidea da, zelan ez erruaren eta arduraren banaketak , zergaitiak topatzeko grina, irtenbideak gauzatzeko beharra, bakardadearen bildurra .... Dantza zorigaiztoa!

Beharbada dena ezin dugu ulertu, beharbada ez gara ados jarriko, beharbada haserretuko gara, beharbada dena ilunduko zaigu, beharbada abandonatuak sentituko gara, beharbada jota geratuko gara, beharbada gaizto sentituko gara, beharbada askatasuna usainduko dugu, beharbada ....

Baina sikeran bat egin dugu sentitu dugunarekin, zintzoak izan gara gure buruarekin. Hori ez da makala, zahatz eginda sentitzen bagara ere.

Besarkada handi bana.

agurtzane

Agurtzane Hormatza

2015, Urtarrila 07
Arloa: Jo ta jo