Odolaren lotura

Sendi berdineko kirolarien fenomenoa oso errotua dago. Ezagunak izan dira historian zehar familia bereko ordezkariak, normalean kirol berdinetan aritzen direnak. Elkarren artean anaiak ohikoak dira, zenbaitetan elkarren aurkari ere izan daitezkeenak, eta baita belaunaldiz belaunaldi erreleboa burutzen duten sendiak, talentua odolean dagoenaren teoria indartzen dutenak.

Akaso ez da horren ohikoa berez belaunaldi desberdinetan jaiotzen diren kirolariak elkarren artean lehiatzea, ezinbestean gaztetatasun eta esperientziaren arteko talka planteatuz. Jose Ezkurra, Koteto izengoitipean erremontearen historiara pasako denak, bere ilobaren, Josetxo Ezkurraren, aurka jokatu zuen azken binakako finala. 41 eta 22 urterekin bizitzari oso desberdin begiratzen zaio, eta hala, aldarte oso bestelakoarekin ekin zioten partidari, bakoitzak bere indarguneak oso argi zituela, eta beste ezeren gainetik, elkarrenganako maitasun eta begirunea erdigunean jarriz.

Partida zirraragarria izan zen, Kotetoren esperientziak bere pisua jarri zuen horrenbeste finalen ondoren, baina Josetxoren gose eta grinak, Julen San Miguel txapeldunaren talentua atzealdean zuela, balantza orekatzea lortu zuen. Halere, Koteto eta Ion Etxeberria gailendu ziren 40-35 emaitza estuaren ondoren. Partida bukatzean besarkada estua eman zioten elkarri: jada ez ziren aurkariak, berriro ere osaba eta iloba baizik. Maisu eta ikasle.

Koteto Ezkurraren laugarren txapela da binakakoaren lehiaketan, eta orotara, 15 dira doneztebetarrak bereganatu dituenak. Beste inork baino txapel gehiago ditu bere ibilbidearen azken pasarteetan den erremontistak, eta oso zaila izango du Ezkurratarren hurrengo belaunaldiak Koteto handiaren itzala harrapatzea. Belaunaldien arteko konparaketak burutzea oso zaila izaten baita, bakoitzaren testuingurua ez baita sekula berdina izaten. Oraingo hontan ere hala gertatzen da, baina akaso, hemendik urte batzuetara, bien arteko alderaketa burutzen denean, elkarren artean jokaturiko final honen ardatzaren zeinua esistituko da.

Iker Zabala

2015, Urtarrila 04
Arloa: Kirolak