Miribillako zortzi bertsolari finalistak

Amorebieta-Etxanoko finalaurrean erabaki zen zein zortzi bertsolarik kantatuko duten 2014ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean. Hiru finalaurrekoen irabazleak eta beste bost bertsolari puntuazioz. Iratxe Ibarra, Etxahun Lekue, Arkaitz Estiballes, Onintza Enbeita, Jone Uria, Oihana Bartra, Fredi Paia eta Xabat Galletebeitia dira finalistak;Abenduaren 20an jokatuko da finala Bilboko Bilbao Arenan.

Iratxe Ibarra Foruria

Euskal Filologian lizentziatua. Irakaskuntzan ibili ostean, euskara teknikari dabil orain. Hamabi urterekin hasi zen bertsolaritzan, Jon Lopategiren gidaritzapean. Bilbon ikasten ari zela, Santutxuko bertso eskolan jarraitu zuen bertsoa lantzen, eta Markina-Xemeingo bertso eskolako kide da orain. Bertsoaz gain, kirola ere oso gogoko du. 2000 urtetik Bizkaiko Txapelketetako final guztietan kantatu du, eta 1997tik gaur egunera arteko Txapelketa Nagusi guztietan kantatu du.

Etxahun Lekue Etxebarria

Magisteritza ikasketak egin zituen Bilbon. Bertso irakasle aritu izan da hezkuntza arautuan. Etxeko giroaren eraginez bertsozaletu zen, eta 9-10 urte baino ez zituela hasi zen bertso eskolan. Eskolarteko eta gazte sariketetatik pasata, Bizkaiko sei txapelketetan izan da finalista eta bitan bigarren. 2005eko eta 2009ko Txapelketa Nagusian, berriz, finalaurreetara heldu zen. Larrabetzuko Itallen bertso eskolako kidea da.

Arkaitz Estiballes Ormaetxea

Euskal Filologia ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean. Ikastetxe eta bertso eskoletan irakasle ibilia da. Hamaika urte zituela, "Zu ere bertsolari" liburua heldu zen bere eskuetara, eta harekin ikasi zuen bertsotan. Galdakaoko bertso eskolan hasi zen umetan Jon Enbeita irakasle zuela. Ondoren, Jon Lopategiren eskuetatik pasata, eskolartekoetan kantatu zuen. Zenbait bertso paper lehiaketa ere irabazi ditu. Egun Santutxuko bertso eskolako kidea da eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketan finalista izan da 2000ko ediziotik. 2010 eta 2012an Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapelduna izan da.

Onintza Enbeita Maguregi

Umetatik bertso giroan hezia, 2006an iritsi zen lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera. Eskualdeko txapela irabazi zuen urte hartan, eta harrezkero izan diren final guztietara sailkatu da Bizkaian. 2005, 2009 eta 2013ko Euskal Herriko txapelketan parte hartu zuen.

Jone Uria Albizuri

Matematikan lizentziatua da. 12 urte zituela hasi zen Algortako Bertsolari Eskolan eta ordutik bertan jarraitzen du, partaide zein irakasle bezala. 2009an Euskal Herriko txapelketako finalerditara iritsi ondoren, 2010 eta 2012an finalista izan da Bizkaiko Txapelketan. 2013ko Euskal Herriko Txapelketan finalaurrekoetara iritsi zen. Zenbait sariketatan parte hartu arren, plazako jarduera du batez ere gustuko.

Oihana Bartra Arenas

Santutxuko Bertso Eskolan hasi zen bertsotan., irakasle eta itzultzaile lanetan jarduten du gaur egun.

Fredi Paia Ruiz

Bertsolari, musikari eta etnografoa. Plazaz plaza dabil 1999. urtean Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa irabazi zuenetik. Bertsogintza autogestionatuaren inguruko proiektuetan (Txapel Bete Bertso, Xarrak Berri Xou), bertsogintza eta disziplina artistiko ezberdinen arteko fusioetan (Bertso Tranpak, Hudaltzainak) sustatzaile eta munduko inprobisazio eredu ezberdinekin (Kurdistan, Palestina, Mexiko, Brasil, Argentina...) esperimentatzen ibilitakoa. Aurten Bertsolaritzaren gaineko lehenengo ikerlan etnografikoa argitaratu du (Uribe Kostako Bertsolaritza 1900-1980). Algortako Bertsolari Eskolako kidea da 1990. urtetik. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko zuzendaritzako kidea izan zen 1998tik 2011ra bitartean. 2000 urtetik aurrera Bizkaiko Txapelketa guztietan izan da finalista.

Xabat Galletebeitia Abaroa

Farmazian lizentziatua. Ikastolan hasi zen bertsotan txikitan, Jon Lopategi irakasle zuela. Markina-Xemeingo Bertso Eskolan eta Lekittoko Poto Bertso Eskolan ikasle izandakoa, bi bertso eskola horietan irakasle dihardu gaur egun.

finalean egin beharreko lana honako hau da: Zortziko nagusian ofiziotan hiruna bertso, Zortziko txikian ofiziotan hiruna bertso, Hamarreko txikian ofiziotan hiruna bertso eta Bakarkako lanean, Puntua emanda bertso bi zortziko txikian.Gai bati buruz bertso bi doinu eta neurri librean.

Lehen atalean puntuazio gehien lortzen duten bertsolari biak pasatuko dira bigarren atalera. Bigarren atalean,  zortziko txikian ofiziotan hiruna bertso, hiruna bertso ofiziotan “Aizak hi mutil mainontzi” neurrian. Kartzelako lanean gaia emanda hiru bertso doinu eta neurri librean.

Iñaki Iturriotz

2014, Abendua 08
Arloa: Bertsoleku