Txirrindularitza zikina

Bi gurpil eta pedalen kirola asfaltoari hertsiki loturik dagoela ematen du. Mendietan gora egiten diren esfortzuen zirrarak liluratu egiten gaitu ezinbestean, eta horrela txirrindularitza hortara mugatzen dela ematen du, eta hauxe bere hortan aberatsa izanik ere, beste mundu era berdintsuan ugariak itzalpean geratzen dira. Eta horren adibide da, esaterako, ziklokrosaren disciplina, Euskal Herrian geroz eta atxikimendu eta jarraitzaile gehiago biltzen dituena.

Errepide txirrindularitzatik horren gertu, eta aldi berean horren urruti, batek eta besteak esigitzen dituzten dohai eta esfortzuak oso bestelakoak dira. Euskal Herrian, eta oro har, Kantauriar isurialdean ezartzen dira estatu mailan indartsuen dabiltzan ziklokroslariak, eta haietako askoren hastapenak errepide jardun hortan ezartzen badira ere, denek lokatz eta bihurgune bortitzen zirkuitoek eskatzen dituzten beharrizanetara egokitu dute bere estiloa. Aitor Hernandez dugu, ziur asko, egungo jardunean dagoen gizonik boteretsuena. Iazko denboradan bere erabateko nagusitasuna adierazi zuen Ermuakoak, ia lasterketa denak irabaziz, nahiz eta Espainiako Txapelketan Javier Ruiz de Larrinagak garaikurra kendu zion. Hain zuzen ere arabarra da egungo panoraman dagoen bigarren izen esanguratsuena, 34 urterekin kirolari heldu eta lehiakorra dela erakusten du lehiaketa orotan. Biek ere Europan arrakastaren bat lortzea dute burutzeke geratzen diren helburuen alorrean, baina aitortu behar Europako erdialdean dagoen mailaren aurka lehiatzea ia ezinezko suertatzen dela (Belgikako txirrindulariek era harrigarrian mundu mailako lehiak kontrolpean izaten dituzte). Lastima Egoitz Murgoitiok bat batean erretiroa iragarri izana zirkuito lehia hori urrituz.

Hasi berri da aurtengo denborada, eta urtero bezala Karrantzako ziklokrosa da indarrak neurtzeko punturik egokiena. Hautsak eta lur lehorrak lokatzari tokia kendu zion lasterketa arin eta zirraragarrian Aitor Hernandezek mendean hartu zuen Ruiz de Larrinaga sprint ikusgarrian. Lokatzean ebatzi beharreko txapelketa azken metro horietako errepidean erabaki zen behingoagatik.

Ziklokrosaren ezaugarri eta abantaila da ez dagoela apenas lasterketa aspergarria izango denaren aukerarik. Erorketa arriskua eta bizikletak horrenbeste sufritzen duen zirkuitoak izanik ezuste tartea izugarri (zirraragarriki) zabaltzen da. Halere, momentuz lasterketa lehorrak izan dira Euskal Herriko udazkenak bere agerpena egin ez duen hontan. Zirkuito bazterretako zaleak euriaren faktorea noiz azalduko denaren zain bizi dira, disziplina hontako xarma ez baita inolaz ere dotorea. Txirrindularitza zikinaren magiak daukan boterea ez da ez, nolanahikoa.

Iker Zabala

2014, Azaroa 02
Arloa: Kirolak