64 baino askoz gehiago

Xakearen munduak mugatua ematen du zentzu guztietan. Perfil markatu bateko jendeari itxia, kanpotarrarentzat ikusgaitza eta joera integratzaile eta grinatsua sustatu beharrean, ulertu edo ezagutzen ez duenaren konplexu eta mesprezua pizten duena. 64 laukiek taulatik kanpora gertatzen den oro baztertuko balute bezala.

Bilbok xakearen erresuman hartu duen lehen mailako tokiaren inguruan mintzatu izan gara gune hontan bertan. 2008tik planetako jokalari onenak ikusgai egon dira urtero Bizkaiko hiriburuan, Plaza Berrian, herri kiroletan egiten den bezalatsu, bertako biztanleriak zaldi, gaztelu edo damarekin egiten zituzten erakustaldi epikoak beha zitzatzen. Garaiek Euskalduna jauregira eraman zuten ekimena, baina urtetik urtera Txapeldunen arteko Masters-aren estatusa jaisten joan dela esan genezake. Aurten, esaterako, lau aurkari ziren elkarren artean lehiatzen: Aronian, Anand, Ponomariov eta Vallejo. Halere, inork gutxik behatu ditu aurtengo hontan aurreko urteetako interes berdintsuarekin Masters-eko partidak, ikuskizun zirraragarriagoa baitzegoen antolatua, Masters-arengandik metro batzuetara.

Xakearen Europako Kopak kontinente guztiko xakelariak ekarri ditu Euskal Herrira, eta arreta bakar batzuetan ezarri beharrean, Euskaldunako atrioa betetzen zuten ehundaka xakelariek bereganatzen zuten begirada oro. Ez ziren denak akaso munduko goikaldean ezartzen diren izen entzutetsuak izango (nahiz eta Fabiano Caruana bezalako xakelaria, munduko bigarrena eta momentuko sentsazio eztabaidaezina, bertan zen) baina herrialdeen arteko aniztasuna balore garrantzitsua izan da, eta txapelketak bere baitan zuen aspektua mahaigaineratu du: xakea taldeka; kluben lehiaketa da planteaturikoa, eta hala, 6 tablerotan gertaturiko emaitzak hartzen dira kontutan garaileak ebazteko. Horrela, 64 laukitxoen mugak gainditu egiten dira, ondoko jokalekuan gertatzen denak eragin zuzena baitu norberaren lehian. Europako talde onenak ziren heinean, normalean Bilboko eliteko zitan hutsik zegoen euskal partaidetza ere bete da, Sestao Naturgas eta Gros taldeek parte hartu baitute, biak ere duin sailkapenaren erdialdean. Txapelketa Azerbaijan ingurura joan zen, bertako Socar talde indartsuak pronostikoak bete baitzituen, 7 jardunaldietan bere nagusitasuna plazaratuz.

Kontuak kontu, txapeldunen Masters-aren gainberaren edizioa izan da honakoa, beste eredu baten mesedetan. Anand indiarrak jantzi zuen txapela, baina taldekako lehiaketak izan du protagonismo nabarmenena. Kantitatea pilatzea ez da beti arrakastaren sinonimo izaten, baina argi dago elite hertsiaren moldeak hautsi izanak eta maisuen kopurua handitzeak on egin diola Bilboko xake apustuari. Ez da kasualitate izango sareak eskaintzen duen tresneriaren bitartez, munduan barrena ia 44 milioi pertsonak txapelketa jarraitu izana.

Iker Zabala

2014, Urria 21
Arloa: Kirolak