Fusio TB

Gero eta argiago dago fusio bat ematen ari dela ikus-entzunezko edukiak ikusteko aukeran. Ordenagailua, mugikorra, telebista... gero eta ohikoagoa da gailu batean baino gehiago bideoak, telesailak, filmeak... ikustea. Zerbitzu, tresna eta gailu berriek prozesua azkartuko dute, belaunaldi berrien kultur aldaketarekin batera.

Datu gehienek jada erakusten dute gazteen artean YouTube bezalako kanalek duten garrantzia. YouTubek berak apostu handia egin du gazte hauek erakartzeko bere kanal tematiko eta berrikuntza ezberdinei esker.

Horretaz gain, zerbitzu eskaintza zabala dago sarean ikus entzunezko edukia ikusteko. Horien artean gure inguruan series.ly da erabilienetako bat.

Series.ly telesail eta beste ikus-entzunezko edukien inguruko sare sozial moduko bat da. Bertan, ikusitako bideoak gorde, komentatu eta partekatu daitezke. Bideoa iturri ezberdinen artean aukera daitezke, batzuk ordainpekoak, beste batzuk publizitatearekin... Oraindik ere, ez da oso erosoa halere era honetako plataformak erabiltzea askotan, batez ere erabiltzen diren diren zerbitzuak asko aldatzen direlako

Arazo hori konpontzen du Popcorn Time programak. Filmak ikusteko aukera ematen du programa horrek; BitTorrent protokoloa erabiliz filmak denbora errealean ikusteko aukera eskaintzen du, itxaron behar izan gabe. BitTorrentek eskaintzen duen fitxategi trukerako aukera eta sinpletasuna uztartzen ditu, alegia. Ikusi nahi duzun filmean sakatu, apur bat itxaron, baina beste ezer egin gabe berehala hasiko zara ikusten pantailan. Dauden film gehienak bertsio originalean daude, asko ingelesez, azpitituluentzako aukera badagoen arren.

Aipatutako aukerez gain, zerbitzu profesionala eskaintzen hasi diren plataforma berri asko daude. Maila globalean Netflix oso ezaguna da, Frantzian erabili daiteke, baina Espainian adibidez oraindik ez. Filmin eta Wuaki.tv beste bi zerbitzu interesgarri dira.

Zerbitzu hauetan, edukian banan-bana ordaindu ditzakezu edota kuota baten ordainetan katalogo osora edo parte handi baterako sarbidea eskuratu. Filminek zine independentean indarra jartzen duen bitartean Wuaki-k serie eta film ezagunak eta umeentzako edukia nabarmentzen du. Gero eta arrakasta gehiago dute zerbitzu hauek, batez ere Smart Tv delakoek Internetekin konektatzeko duten aukeragatik, baina erabiltzaile kopurua oraindik murritza da.

Euskaraz ez dago aukera handia oraingoz, baina badira aipagarriak diren zenbait proiektu. Lehena EITBren Nahieran ataria, hasierako helburuak handiak betetzea lortu ez badu ere, eduki interesgarria ikusteko aukera ematen duen atari publikoa.

Ikus-entzunezko edukia ez, baina azpitituluen inguruan bada gurean komunitate interesgarri bat. Alde batetik, filmazpit ataria dago, Zineuskadi elkarteak finantzatutako euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa da, eta Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Tabakaleraren laguntzarekin, Donostia Kulturak kudeatzen du. Bertan film azpitituluak eskuratu ditzakegu.

Beste alde batetik, azpitituluak sortu eta partekatzeko azpitituluak.com webgunea dago. Bertan dagoen komunitate eta norbanakoek azpitituluak igo eta sortzen dituzte. Komunitate irekia bloga, wikia, foroa... dituena eta eskaintza zabala bildu duena. Filmez gain, labur-metraia eta erdi-metraiak, telesailak, dokumentalak... ere aurki daitezke bertan.

Azpitituluen aldeko aldarria ere bada webgunea. Portadan edozein filma azpititulatzeko jarraibideak aurkituko dituzu. Ez da asko behar, hiru pauso azkarretan jaitsitako azpitituluak erabiltzen ikasiko duzu honela.

Eskaintzari dagokionez, aukera ugari beraz. Ikusteko ere aipatu dugun bezala ordenagailu, gailu mugikorrak, baina azken aldian baita Internetera konektatutako telebistak ere. Internet telebistara iristen ari da, baina Internet ez duten telebistetan zer? Bada, horretarako ere aukera berriak agertzen ari dira; Googleen Chromecast da horietako bat.

Chromecast-a etxeko telebistaren HDMI portura lotzen zaion gailu txiki eta merkea da (35 €ko salneurria). Gailua gure etxeko wifi sarera konekatuko da eta ondoren bateragarria den edozein gailutik pantailara informazioa bidali genezake. Aplikazio batzuk prestatuak daude gainera lan hori hobeto egiteko, adibidez YouTube. Gure mugikorrean YouTube-ko bideo bat ikusten ari garela pantailara bidaltzeko aukera izango genuke.

Lehen aipatutako zerbitzu eta tresna asko ere bateragarriak dira. Filmin-ek eta Wuaki.tv-ek mugikorrentzako dituzten aplikazioek adibidez aukera hau ematen dute. Popcorn Time-en bertsio berriak ere Chromecast-ekin bateragarria da.

Pantailara bidali nahi dugun edukia bateragarria den aplikazio batetik egin ezin dugunean, pantaila osoa ere partekatu daiteke. Android gailuetatik berehalako aukera bat da, baina ordenagailutik ere Chrome nabigatzailean instalatzen den luzapen bati esker berdina lortu dezakegu. Oraindik Beta fasean aurkitzen da, baina jada nahiko erabilgarria da.

Gero eta aukera gehiago ikus-entzunezko edukiak gailu ezberdinetatik eta leku ezberdinetatik ikusi, partekatu eta disfrutatzeko. Bakoitzak hartu dezala bere aukera.

Gorka Julio

2014, Urria 09
Arloa: Sarean