Izarra jaio da?

Izar handienek lehen garaipen handi bat izan zuten izar izatera iritsi aurretik, bere potentzialaz berri emateaz gainera ibilbidean inflexio puntua adierazi zuena. Miguel Indurainen kasuan, esaterako, Cauterets-en, 1989an lorturiko etapa garaipenak, Frantziako Tourrean, zetorrenaren prologoa baino ez zuen idatzi. Horrela, dibertigarria izan daiteke igarle funtzioak betez, egungo kirolarien artean etorkizuneko lorpenen aurrekariak asmatzeko saiakera burutzea.

Garbiñe Muguruza euskaldun-venezuelarra momentuko sentsazioa da emakumezko tenisaren eremuan. Bere gaztetasuna (20 urte baino ez ditu) eta bere jokorako doaiak bat ez datozela ematen du: bere 1,82 metroko garaiera baliatuta, potentzia eta zahaztasuna uztartzen ditu, eta eskuinarekin zein errebesean ez du hutsik egiten. Horri gaineratu behar sake zoragarria, eta geroz eta landuagoa azaltzen duen estrategia eta planifikazioa. Era sinplean esateko, goikaldean egoteko moduko talentua azaltzen du Muguruzak.

Halere, badakigu potentzialak eskutik emaitzak ekartzen ez baditu ezerezaren baliokide dela. Horrela, Muguruzaren ibilbide txartel hasiberriak garaipen handi baten premia zeukan, aukeratuen etorkizuna izan dezakeenaren zeinu eztabaidaezina. Roland Garros, Parisko Grand Slam txapelketa entzutetsuan gertatu da ezuste gozo hori.

Serena Williams azken urteetan dominatzailerik iraunkorrena izan da munduko emakumeen tenisean. Bere beso gihartsuen danbatekoei esker 17 Grand Slam irabazi ditu bere bakarkako ibilbidean (binakakoetan beste 14 ditu), eta historiako tenislari onena bezala hartzen dute askok. Bada, kanpotik ikusita lehia oso desorekatua zegoen Parisko bigarren txandan, Garbiñeren gaztetasun eta freskotasunak apenas ematen baitzuen arerio estatubatuarraren sendotasunarentzat. Halere, partida oso bestelako zeinuekin hasi zen. Garbiñe eroso zegoen Parisko adreilu hautsean, eta Serena, ordea, nekez iristen zen Eibarko aita duenaren drive-ak jaurtiriko zartadetara. Bere sakea irabazteaz bat, amerikarraren zerbitzua bereganatzen hasi zen, eta hala, 64 minutu eskas igaro zirenean, Lenglen pistako harmailak aho bete hortz begiratzen zuen Muguruza garailearen poza.

Txapelketak ondoren norabide positiboan jarraitu du, izan ere final zortzirenetan Pauline Parmentier frantziarra albo batetara utzi zuen, eta final laurdenetan, beste sorpresa haragitzeko zorian izan da Muguruza, Maria Sharapova errusiarra gainditzeko gertu izan baita, nahiz eta azkenik burua makurtzen bukatu.

Dena dela, 20 urteek adierazten duten proiekzioak munduko tenisaren begiradak erakarri ditu, eta akaso, hemendik urte batzuetara mintzatzen arituko gara Garbiñe Muguruzaren leienda Serena Williams gainditu zuen arratsalde hartan eraikitzen hasi zela.

Iker Zabala

2014, Ekaina 20
Arloa: Kirolak