Ama, aita...gay naiz...lesbiana naiz

Kaixo denoi,

Zelan zabiltzate? Betiko martxan, ahal den moduan ikasturteari eusten?...eutsi ba. Aspaldian gazte batzuen artean egonezina handia sumatu izan dut euren gurasoekin berba egin gurean dabiltzalako baina ezinezkoa egiten zaielako. Egoera hau ez da bat ere harritzekoa, sarri guraso eta seme-alaben arteko hartu-emana ez da izaten erraza, batzuek zein besteek sentitzen dute planeta desberdinetan bizi direla, eta ez dagoela elkar ulertzeko modurik.


(Argazkia: turrune.wordpress.com)

Bizipen horrek askotan haserreak, tristurak, amorruak eta egonezinak sortzen ditu. Hori horrela bada ere egia da gehienek benetan elkar ulertzea nahi dutela, eta batez ere bata bestearen laguntza.

Gazte batzuentzako, eta zuon gurasoentzako ere horrelako momentu zail bat izaten da norberaren homosexualitatearen berri ematea. Kasu gehienetan berba egin baino

lehenago pentsatzen duzue sikiera eurotariko bat ulerkorra izango dela eta bestearekiko zalantzak edukitzen dituzue, bestelako adierazpen edo desioekin gertatzen zaizuen moduan.

Beldur handiena eurek ez ulertzea, haserretzea edo zuekin daukaten harremanetarako kaltegarria izatea berria. Gazte gehienek euren barrena askatzen duzuenerako nahiko prest zaudete esan beharrekoa esateko, askotan gurasoek baino gehiago. Pentsa ezazue zuok kontu honekin aspalditik zabiltzatela, sentitzen, pentsatzen, bizitzen, ikusten, beharbada lagunekin konpartitzen … baina sarri gurasoek horren berri jakiten dute zuok esaten diezunean eta asko ez daude prest.

Batzuek, ez entzutearena egiten dute, besteak negar edo garrasi, badaude be shock antzean geratzen direnak, gaiari buruz berbarik egiten ez dutenak …. Orduan zuoi tokatzen zaizue pazientzia edukitzea euren hasierako jarrerak ulertzeko, eurek be onarpen prozesu bat egin behar dute eta. Ulertezina badirudi be, kasu askotan gai honetan zuok helduagoak zarete.

Zuok ez arduratu lar, hasierako kontuak baino ez dira izaten eta. Egia da, askotan,  gurasoetariko batek aspalditik sumatzen zuela argi gelditzen dela eta zuok barrena zabaltzen duzuenean, askatasun sentimendua eta zuekin bat egitearen sentsazioa oso intentsoa dela. Hortik aurrera denentzako errazago dena. Baina ez haserretu bata bestea baino astiroago badoa prozesu horretan, denbora behar izango duzue eta.

Guraso batzuek homosexualitatearen zergatia bilatzen hasten dira, errudun sentimenduarekin: zer edo zer egin dutela txarto zuok hezitzeko moduan, aitak edota amak ez dutela euren maskulinitate edo feminitatea behar den moduan helarazi edota garatu, zuon hazkuntzan bataren edo bestearen falta handia egon dela … Ez dute ulertzen eta ulertzeko moduak behar dute. Zaila da onartzea norberak ez duela aukeratzen mutilak edota neskak gustukoak izatea barrenak agintzen du eta … ez dago zer eginik..ahalik eta hoberen horixe kudeatzea eta bizitzea baino. Gure bizipenei, gurariei eta beharrei bidea eta aukera desberdinak ematea baino.

Sarri gurasoei gehien arduratzen dietena da bizi garen gizarteak zelango eragina edukiko duen zuongan. Jasan beharko dituzuen jarrera homofoboak eta zuon sexualitatearen adierazpenen aurrean izango dituzuen jarrera ezkorrak, ulergaitzak, tratu eskasak …, eskolan, familian, auzoan, lagunen artean … Horren aurrean batzuetan zuok babestu nahian ez dakite jakingo zelan egin, are gehiago ez da izango harritzekoa zuon kontra egitea ere.

Familia bakoitza mundu bat da, ama eta aita bakoitza ere… beraz edozelango egoera posible da. Ez da harritzekoa izango jarrera nahasiak agertzea eta momentu ezberdinetan oso kontrako gauzak jasotzea pertsona berberarengandik.Beraz pazientzia eta eutsi bideari, zuok erabaki duzue eta ezkutuan ez ibiltzea, zuon buruarekin zintzoak izatea … eta zuok denbora bat behar izan baduzue igual senitartekoek ere behar izango dute. Bitarte horretan inportantea izango da zuok kanpoko laguntza izatea, konfiantzazko pertsonak, lagunak, familiakoak …behar duzuen indarra, animoa eta laguntza batzeko, gora beherak ondo “surfeatzeko”.

Ondo izan eta animo!!!

Besarkada handi bana

agurtzane

Agurtzane ORMATZA

2014, Apirila 02
Arloa: Jo ta jo