Izotzaren erresumako irabazlea

Abiadura eta iluntasuna. Printzipioz aldendurik beharko luketen bi eremu direla ematen du, ezer ikusi gabe azkar joateak ez baitirudi bideragarria. Halere, duela hainbat urtetatik Jon Santacana eskiatzaile donostiarraren bidea logika hori haustea da, izan ere, ikusmenean gabezia nabarmena badu ere, elur pistetatik besteak baino azkarrago jaisteko talentu izugarria adierazi du. 33 urterekin eski alpinoaren lurraldean dauden lehiaketa gehientsuenak bereganatu baditu ere (bere ibilbideko lehen lorpena munduko txapelketan erdietsitako urrezko domina izan zen, Anzerw herri suitzarrean), garaipen gosea itzali ez zaiola erakutsi du Santacanak bukatu berri diren Sochiko negu joko olinpikoetan, paralinpikoen eremuan. Bertatik bi dominekin bueltatu da Euskal Herrira eskiatzaile gipuzkoarra, urrezkoa jaitsieraren txapelketan, eta zilarra slalomaren esparruan.

Primerako emaitza hauxe, bere gidari Miguel Galindorekin batera lorturikoa. Ezustez helduriko garaipena izan da bikoteak lortu duena, izan ere, Santacana galdera ikur nabarmenez heltzen zen lau urterik behin burutzen den lehiaketa gorenera. Duela 6 hilabete lesio larria izan zuen Australian, edozein kirolarirentzat horren beldurgarria den Akilesko orpazurdan. Ebakuntzaren ondoren, Santacanak berriro ere bere kirolari nortasun garailea berreskura zezakeen ezin zitekeen jakin. Donostiarrak berak onartzen du Sochitik esku hutsik bueltatzea oso litekeena zela. Baina berriro ere eskiatzaile honen kemen eta grina mahaigaineratu dela argi dago.

8 urterekin Stadgardt gaitza diagnostikatu zitzaion, ikusmen portzentai handia ezabatzen ziona. Nola pentsatu apenas ikusteko gaitasunik izan gabe 100 kilometro orduko abiaduran jaitsi zitekeenik elur pistatik? Nola ulertu segunduak igarotzea airean, oinetara itsatsirik doazen eskiek hartzen duten azkartasunaren ondorio? Zentzurik gabeko diruditen galdera hauek dira Jon Santacanaren bizitzaren funtsa. Horrela hartu du parte, 2002tik erreskadan, lau joko paralinpikotan, eta bere egungo lorpen maila ikusita, garaipen gehiago hel daitekeela pentsatzea ez da erokeria.

Iker Zabala

2014, Martxoa 31
Arloa: Kirolak