Ametsen bidean

Iker Zabala

Txomin Arana motor gidari ereñotarraren abenturaren inguruan hitz egin genuen duela gutxi Berba Bi atalean. Munduan den rally entzutetsuenean parte hartzear zegoen, eta hura ametsa zela aitortzen bazuen ere, erronka ia gauzaezin ebazten zuen txapelketa bukatzea, eta sailkapen postua bigarren mailan utziz, Valparaisoko helmuga zeharkatzea. Bada, Hego Amerika zeharkatu duen Dakarra bukatu da, eta Aranak bere xederik itxaropentsuenak ere bete ditu, eta hala, lehiaketa 56. postuan bukatu du bizkaitarrak. Hori bai, espero bezala, munduko lasterketa gogorrena infernua izan da iraun dituen bi asteetan.

Denetarik bizi izan du etapa malkartsu eta bukaezinen barnean. Laugarren egunean, esaterako, oraindik ere lurralde argentinarrean, nabegazio arazo baten ondoren galdu egin zen lehor zegoen ibai baten bidea jarraitzean. Egun hortan ordubete baino gehiago galdu zuen, eta hurrengoan arazo larriak izan zituen bere Yamaha motorreko errefrigerazio mekanismoek huts egin zutenean. Denbora tarte luzeak igaro behar izan zituen Aranak bere kasa ibilgailua hoztu zedin, inguruan zituen 40 graduek motorraren barrenak kiskal ez zitzaten. Beti ere zuhur jokatuz, lehentasuna Chileko helmuga zelaz konsziente, denbora galtzearen truk motorra muturreraino estutu gabe. Halere, etapa bakoitzean denbora uste baino hobea ari zen lortzen Ereñokoa, sailkapenaren 30. postu bueltan ezarriz. Estreinekoz Dakarrean parte hartzen duen motor gidariarentzat ez da inolaz ere ohikoa horren ondo sailkatuta egotea.

Eta orduan ailegatu zen Dakarrak Aranarentzat gorderik zuen egunik latzena. 9.etapa zen, Calama Txileko herrian hasten zena. 422 kilometro zeharkatu behar ziren, eta eguna hasieratik okertu zen. Gasolinaren bonbak huts egin zuen, eta bide bazterrean bost ordu luzez egon zen euskalduna bere makina konpontzeko saiakera bizian. Beste edonork akaso etsitzeko tentazioa izan zezakeen, baina Aranak ez zuen bertan geratu nahi, horren urruti iritsi ondoren. Motorra martxan jartzea lortu zuen, baina arazoa denbora bilakatu zen. Kontrola gainditzeko beharra zuen txapelketan jarraitzeko. Horrela, bihurgune bakoitzean, lurrean egon zitekeen zulo baten mehatxu orotan arriskatu behar izan zuen, ozta ozta, Iquiqueko etapa helmugara heldu zen arte. Hori bai, sailkapenean Marc Coma liderrarengatik 24 ordu baino gehiago ezarri zen, eta atzeko multzoan ezarri.

Kilometroak betez joan zen horrela, eta azkenik, nekearen ondoezak saiheztuz, Txomin Aranaren motorraren burrunba hotsa Valparaisora heldu zen. Lehen moto gidari euskalduna da balentria hauxe lortzen duena.

Ereñoko jaioterrian jada, bere omenezko jai eta ospakizunak bizi ondoren, berriro ere abenturan parte hartu nahiko lukeenaren galdera azaltzen da. Txominen, lurrera begiratu eta irribarre enigmatikoz ematen du erantzuna.

Iker Zabala

2014, Otsaila 02
Arloa: Kirolak