Noizko semena? eta hilekoa?

Aupa denoi!

Zelan ordenagailuaren edo mobilearen beste aldean? Ni betiko martxan hemen zuen kuitak argitu nahian.

Aspaldian Ondarrun egon nintzen eta berton 10 urteko mutiko batek hau galdetu zidan, “ noiz irtengo zait esnea zakiletik? banabil jo ta su baina ezebez”. Oso hunkigarria, dibertigarria eta aldi berean harrigarria iruditu zitzaidan bere adorea eta galdera bera ere.

Egia esateko mutil gehienak, neska gehienak bezalaxe, uste duzue semena zakiletik irteten zaizuela batez ere masturbatzen zaretenean, beharbada adin batetik aurrera masturbatzerakoan horrela delako gehienetan.

Neskok jaiotzen garenean gure bizitzaren zehar garatuko diren obulu guztiekin jaiotzen gara. Mutilak aldiz nerabezaroan hasiko dira espermatozoideak garatzen.

Pubertaroaren hasiera neskentzako 8 urtetik aurrera eta mutilentzako 10 urtetik aurrera izan daiteke. Mutila eta neska bakoitza mundu bat da horregatik da hain zaila jakitea noiz izango den. Hasiera burmuinak ematen du, horrexek martxan ipintzen du neskon obulutegiak eta mutilen barrabilak.

Hipotalamoan dago hormona bat substantzia bat isurtzen duena eta horrek beste bi hormona piztuko ditu odolean. Hormona horiek mutilen kasuan odoletik barrabilei aginduko diete testosterona eta esperma garatzen hasteko. Neskon kasuan hormona horiek obulutegietara joko dute. Han obulutegiak estimulatuko dituzte estrogenoa ekoizten hasteko, obuluak badaudelako.

Hasieratik eta urte betera edo bira neskok gure lehen hilekoa edukiko dugu eta mutilak semena. Hori baino lehenago batzuek zein besteok nabarituko dugu gure gorputzari eta emozioei lotutako lehen aldaketak.

Hori dela eta neskei zein mutilei bat batean isurituko zaie hilekoa edo semena jakin barik zehatz noiz edo zelan. Egia da askoz ere lehenago gorputzak pistak ematen hasiko dela.

Mutil batzuei, lotan zaudetela semena zakiletik irtengo zaizue, ezer egin gabe ezta amets erotikorik izan gabe. Beste batzuei lehen aldia kasualitatez etor daiteke, masturbatzen zaudeten bitartean. Egia da zuotariko nahiko semena eduki baino lehenago masturbatzen zaretela. Batzuk txikitatik, beste batzuk orain dela gutxi. Beraz ez da izango harritzekoa masturbazioa eta lehen semenaren eiakulazioa bat egitea. Dena dela lehen eiakulazioa ez dago zuon esku burmuinaren esku baino. Hortik aurrera zuon esku egongo da bai baina beti ere burmuinaren menpe.

Lehen hilekoa eta lehen eiakulazioa burmuinak ematen dizkigun gure garapen prozesuari buruzko pistak baino ez dira. Adibidez momentu horretatik aurrera gure ugaltzeko sistema martxan jarri dela esateko.

Besarkada handi bana, agurtzane

Agurtzane ORMATZA

2014, Urtarrila 25
Arloa: Jo ta jo