Lehenengo kilikiliak

Kaixo denoi,

Berriro hemendik bueltatxo egiteko prest,  bazatozte nigaz?

Adinaren arabera nagusiagoak zaretenok beharbada urte batzuek egin beharko duzue atzerantz zuon bizipenetan aurrekoari begiradatxo bat emateko. Beste batzuk aldiz orain dela gutxi igaro duzue bolada hori, baten bat juxtu momentu honetan nik aipatuko dudana bizitzen zabiltzate, eta badaude uste dugun baino gehiagok ez duenik horrelako esperientziarik konpartitu.

Zeri buruz nabil ba berbetan?

Gure bizitzaren zehar nerabeak izan baino lehenago nerabe-aroaren lehen urteetan izaten bada ere, gozamenarekin daukagun esperientziak oso anitzak izaten dira.

Oso txikitatik, titikumeak garenetik gozamena gure bizitzan dago, badakigu zer den gozatzea eta horren bila gabiltza. Gozatzea hain da gozagarriaaaaaa… Amaren, aitaren, inguruan daudenaren besarkadak, musuak, laztanak, kili kiliak, jolasak … ezinbestekoak izaten dira gozamenean sakontzeko, harremanak sendotzeko, konfiantza bermatzeko, maitatuak sentitzeko, gu hazteko …

Gozamenaren bidea besteekin edota gure buruarekin jorratzen dugu bizitzaren zehar.

Nagusitzen garenean lagunak garrantzi gehiago hartzen dute prozesu horretan. Eurekin jolastea, euren gorputza ezagutzea, gurea erakustea, ukitzea … gure artean jolastea. Ikerketa eta hazkuntza horren parte izango da. Ez da harritzekoa izango hainbatek euren lehengusu-lehengusinen artean, auzokideen artean, neba-arreben artean jolas erotikoetan murgiltzea gozamena sortuz , konplizitateak garatuz, harremanak landuz, gorputzen kilikak ikasiz,norberaren emozioetaz ohartuz …

Gehienek ezkutuan ibili izan gara, bagenekien jolas batzuk ezin zirela nagusien aurrean egin. Batzuok gurasoek edo nagusiren batek harrapatuta lotsa eta beldurra josita ez ditugu jolas gehiagotan sartu … Beste batzuek aldiz jarraitu izan dugu jakinda gure gurasoek ez zutela jolasa guztiz onartzen, edo horixe sentitzen genuen … Bidaia desberdinak denontzako ere.

Jolas horietan sarri neskak edota mutilak nahasten ziren, neskak neskekin, mutilak mutilekin, edota neskek mutilekin … Ikasketa prozesu horretan dena zein misterioa, gozamena, ikerkuntza bera zen pizgarria, gorputzak jolasgarriak ziren eta sarri ea konturatu gabe lotsaz, beldurraz eta jakin minez josita horrelako sentsazioetan murgiltzen ginen.

Egun beharbada ez gaude leku berean. Baina gure iragana gurekin dago, bere lekua behar du izan gure orain aldean, izan ginenok garelako, pasa izan ditugun esperientziak gutaz mintzatzen direlako, gure baliabidez eta gaitasunez pistak ematen dizkigutelako … gehienetan lagungarriak izan daitezkeelako. Eta gozagarriak ez badira izan, amesgaizto horiek kanporatzeak eta aurrez aurre ipintzeak gure barrenetik urruntzeko balioko zaizkigu.

Beraz begiratu zuon baitan dagoena oso aberasgarria baita.

Besarkada handi bana

Agurtzane ORMATZA

2014, Urtarrila 01
Arloa: Jo ta jo