Eskerrik asko, Ruper!

Kontaizu

ruper

 

Ikasturte honetako azken zuzendarien bilera Portugaleten egin zen uztailaren 9an. Honen arrazoia bertako ikastolaren zuzendariari ondo merezitako omenaldia izan zen.

Ruper Ormaza 30 urte izan da Portugaleteko Asti Leku ikastolako zuzendaria. Orain jubilatu egin da eta Ikastolen Elkarteak urte guzti hauetan egindako lana eskertu nahi izan dio. Bilera beti bezala 09:30ean hasi zen eta bukaeran omenaldi ekitaldia burutu zen. Lehenengo argazki bilduma ikusteko aukera izan zen: hezkuntza,hizkuntza, ezkerraldea, ikastola, Euskal Herria, mundua... hauek dira bere ibilbidea laburbiltzen dutenak.

Aurreskuaren ondoren, 30 urte luze honetan izandako lankide eta lagun askok mezua helarazi zioten bideoaren bidez. Hunkigarria benetan. Gazteak dira ikastoletako benetako protagonistak. Hori dela eta, Asti Lekuko bertsolari gazteak, Eneko Gilisastik, denon izenean  eskerrak eman zizkion Ruperi egindako lanagatik. Bukaeran, Ikastolen Elkarteko ordezkariek, Juan Carlos Gomezek eta Koldo Tellituk, ikastolen mugimenduaren alde egindako lana eskertzeko, euskal makila eman zioten. Txalo zaparradaren ondoren, Ruperek mikroa hartu eta emozionatuta eskerrak eman zituen. "Talde honetan gertatutakoa mirari bat da eta, nahiz eta tribu desberdinak egon egindako lana izugarria da. Eskerrik asko eman didazuen guztiagatik".

Ekitaldiari bukaera emateko La Arboledan giro zoragarrian bazkari eder batez gozatzeko aukera izan zuten partehartzaileek.

Kontaizu

2010, Uztaila 14