BARRENAK ASKATZEN (I)

Agurtzane Ormatza Imatz

jot09_01.png

Aupa danoi: Zelan zabiltzate? Oporrak gain-gainean daude, azterketak amaitzear, selektibitatea eginda... Beharbada astirik ere ez duzue edukiko web orrialdera hurbiltzeko, ezta? Bueno, besteok hemen jarraitzen dugu betiko martxan sexualitateari buruzko hainbat gairi lekua ematen. Oraingoan zelan adierazi gure mutil edota neska lagunari guk sentitzen duguna, pentsatzen duguna, zer gura dugun eta zer ez dugun gura... gure barruko munduaren espresioa jorratuko dugu. Seguru antzean, horrelakoak hainbatetan gertatu zaizkizue, harreman mota guztietan gertatzen da. Beraz, etsenpluak aplikagarriak dira edozein kasurako. Dena dela, gaur bikote gazteen mundura hurbilduko gara: (i)Zure mutil edo neska laguna alboan daukazula eta , berba egin, musukatu edota laztandu gura duzu. Baina, bat-batean mututu egiten zara eta gorputza izoztuta geratzen zaizu, zer esan edo zer egin jakin barik. Zure mutil lagunari min handia eman diozu eta konturatu egin zara, baina ez dakizu zelan esan. Zure neska laguna egiten ari zaizuna ez zaizu gustatzen, baina zuk utzi egiten diozu.. Zure mutil lagunak esaten dizuna gogokoa duzu, baina kontrakoa kanporatzen diozu.(/i) Beldurra, lotsa, gogoa, haserrea, tristura, egonezina, eszitazioa, hainbat burutazio, bihotzaren taupada arinegiak. Hau da, emozioen, sentsazioen eta burutazioen nahasmenak laguntzen ez zaituelako. Orokorrean, beste pertsona bati gure sentimenduak, sentsazioak, pentsamenduak adieraztea nahiko zaila izaten da. Alde batetik, norberak be oso argi ez daukalako zer gertatzen zaion eta bestetik, bestearen erantzun ezkorraren beldur garelako. Zuon adinean emozioen zurrunbiloa eta burutazioen gora beherak ohikoak izaten dira, egunean ere hainbat alditan alda zaitezkete nahi eta nahi ez. Beraz, askotan ez da batere erraza izaten zer gertatzen zaizuen jakitea, orduan eman behar dugun (b)lehenengo pausua(/b) gure barrurantz begiratzea da, gutxienez zer dagoen jakiteko. Badakit lan honetan ohitura askorik ez daukazuela, bueno, helduagoak garenoi ere asko kostatzen zaigu barruranzko ibilbideak egitea. Gainera, sarritan gertatzen zaigu barrura begiratzen hastea eta emozio korapilotsu horietan geratzea nondik nora goazen ohartu gabe. Dena den, nik animatzen zaituztet lantzean behin bide hori jorratzen, segur aski, hainbat gauza interesgarri topatuko duzue, baina ez geratu luzaroan hor barruan, zeren eta barrenak daukan gauzarik interesgarriena da zelan azalarazten den kanpoko mundura, harremanetara... hori bai dela liluragarria. Barrurantz lasaitasunez begiratzen dugunean eta gero sentitzen duguna berbetan ipintzen dugunean, zurrunbiloa hain korapilotsua ez zela, eta emozio pare bat baino ez zeudela konturatzen gara, eta uste baino argiago dauzkagu hainbat gauza. Horregatik barrura joan (b)ondorengo pausu(/b) inportantea kanporantz joatea izaten da. Gure buruak gu txikitzen saiatzen denean ematen du ezin diogula aurre egin, baina kanporatzen dugunean aurrez aurre begiratuz maneia dezakegu askoz ere errazago.. Adibide bat: zuon gela hankaz gora daukazuenean, batzuetan ematen du hainbat gauza daukazuela eta ezinezkoa izango dela gauza bakoitza bere lekuan jartzea edota balio ez duena botatzea. Baina, amaren edota aitaren errietaren ondoren, ez dagoenean beste erremediorik, kostata bada ere, gai izaten zarete zuon koartoa atontzeko. Ezinezko ekintza ematen zuen baina lortu egiten duzue. Askotan emozioekin gauza bera gertatzen da, eurek kontrolatzen gaituztela eta ezin diegula aurre egin, baina behin adituta eta onartuta hor daudela, errazagoa da bidea. Hurrengo pausua uztailerako utziko dugu, beraz hil honetan gura baduzue praktika egizue zuon buruarekin, begiratu ea zer gertatzen zaizuen eta saiatu daukazuena kanporatzen, sikiera zuon buruari esan, zelan? Idatziz, mendira joanez, igeri eginez, jolastuz, dantzatuz... Edozerk lagunduko gaitu barrena askatzen eta lasaitzen. Behin aterata, datorrenean jakingo dugu daukaguna zelan bideratu guk gura dugunari. Ondo pasa eta gozatu oporrez, nik abuztura arte ez ditut hartuko beraz hementxe edukiko nauzue datorren hilean ere. Besarkada handi bana. Agurtzane


 

Agurtzane Ormatza Imatz

2004, Uztaila 01
Arloa: Jo ta jo