HIESAREKIN BERRIRO BUELTAKA

Agurtzane Ormatza Imatz

jot14.jpg

Aupa denoi: Zelan?, ligau duzue hortik zehar? Ez da erreza ez baina tire asmatuko duzue eta, presarik ere ez dago batzutan zuen burua itota sentitu arren. Imajinatzen dut oporraldirako prest egongo zaretela, opariak hartzeko nahian ez dakit zenbaterainoko emateko nahian baina. Abenduaren lehena tamalez Hiesaren eguna da. Tamalez diñot horrelako egunak egutegian azpimarratu behar direnean oraindik horren inguruan denon artean gauza asko egin behar dugulako izaten da. Ikastetxetatik nabilenean egun ere ikusten dut hiesari buruzko informazioa ez dela oso argia edo erraz ahaztu egiten dela horregatik oraingoan gai honi buelta bat edo beste emango diot. Aspaldian berriro ere entzuten hasi gara zelan gazteen eta ez hain gazteen artean birusa zabaltzeko hainbat jokabide arriskutsuak berriz erabiltzen direla. Kasu batzutan jakin arren zelan ekiditu eta beste askotan gai honen inguruan jendearen lasaitasunaren ondorioz zeintzuk diren bideak zabaltzeko ere ahaztuta daukatelako. H.I.E.S.A. Zer gura duen esan hitzak?: Hartutako(ez da heredatzen pertsonak bere bizitzaren zehar hartutako birusa da) Inmuno-Eskasiaren( gure sistema inmunologikoaren ahultzea) SindromeaA( sintoma askoren multzoa). HIESA GIBak (=VIH. Giza Inmuno- Eskasiaren Birusa) sorturiko infekzioa da. Gaisotasun honen ezaugarri inportanteena da organismoak defentsarako berez duen sistema, hau da sistema inmunologikoa, hondatzen dela. Birusak bereziki atakatzen ditu T4 linfozitoak, hauek dira gure sistema inmunologikoaren “zuzendariak”. Behin birusa “sartu” zelularen kode genetikoan bere lepotik ugaltzen da. Momentu horretan pertsona hori gibduna da(=seropositiva) baina oraindik ez du Hiesarik pairatzen, baina pertsona horiek zabaldu dezakete giba besteen artean. Birusa oso arin garatzen bada T4 linfozitoak honda ditzake eta orduan sistemak “zuzendari” barik ez du inolako eraginkortasunik. Honen ondorioz agertzen diren infekzioak edota min-bizi prozesuak ohizko tratamenduekin oso zaila dira sendatzea. Gorputza ahulen dagoenean eta defentsa gitxien duenean agertzen dira infekzio hauek, gaixotasunaren lesio handienak sortarazteko. Momentu honetan gibdun pertsona bat Hiesa gaixotasunaren gaisoa bihurtzen da. Pasatzen den denbora gibduna izatetik hiesduna izan arte oso aldakorra da, 6 hilabetetik 10 urtetara %60a eta beste %40a askoz ere denbora gehiago, eta oraindino goizegi da jakiteko gibdun guztiak hiesa sufriko ote duten ala ez. Giba organismotik at oso gutxi irauten da bizirik, bizitzeko odolean sartu behar du. Horretarako garraio bat behar du, hori alde batetik baina beste aldetik ere garraioak ate bat behar du sartzeko.

Zelan BAI zabaldu dezakegu?

Garraio “onak” biruserako : Odola, baginaren mukiak eta semena. Sartzeko ateak: Sexu jokabide batzuk, tresna kutsatuak, transfusioak eta haurdunaldian fetoari. - Gure odolean birusa badago eta gure genitaletako mukiek eta beste batenak nahastu ezkero. Genitaletan dauzkagun mukiak(baginan, zakilaren buruan...) oso hauskorrak dira, eta horien bidez oso erraz pasatzen da birusa semenara edota baginaren beste mukietara eta hortik odolera. Arriskua handiagoa da uzki-koitoa praktikatu ezkero uzkiko mukia askoz ere hauskorragoa delako bestea baino. Bestearen genitaletako mukiak ahoaren bidez pasatzen badira gure barrenera arriskutsua da ere bai. - Kutsatutako tresnak konpartitzeagatik: Gure odolean birusa badago eta nire odola beste baten odolarekin nahasten bada orratzak edota xiringen bidez. - Ama haurdun fetuari: Amak birusa odolean badauka haurdunaldia fetoari pasa. - Odol transfusioetan: Birusdun odola pertsona batek besteari pasatzea transfusioaren bidez.Gure herrian odola eta odoletatik datozen beste substantziak kontrolatuta daude.

Zelan EZ da zabaltzen?:

- Guk aurrerago aipatutako sexu jokabide arriskutsuetan nahi badugu jardun, erabil dezagun latexezko tresnak, adibidez kondoia edo femidoia. - Gure sexu harremanetan erabil dezakegu gure imajinazioa gure gorputzak edozertarako balio du eta: muxuak, laztanak, mihiaren ferekak, masturbazioak.... - Erabili behar baditugu xiringak edota horrelakoak(piercing-ak) esterilizatu erabili baino lehenago. - Transfusioak gaur egun kontrolatuta daude. - Gure eguneroko harremanetan ez da birusa kutsatzen . Guk birusa eduki ezkero inor ez da kutsatuko eguneroko bizitzan gurekin daudelako. Ez zabaltzearen ardura guztiona da. Batzuk gibdunak dira eta ez dakite, beste batzuk badakite, baina ez da inoren ardura esatea ala ez esatea dakiena ala ez dakiena, denona baino geure burua zaintzea. Gaur egun ez dago tratamendurik gaixotasuna ezabatzeko. Hainbat eta hainbat farmako daude gaixotasunari aurre egiteko, baina ondorio latza asko ere badakarte hiesarekin edo gibarekin bizitzen diren pertsonentzako. Dena dela bai daudela egin dezakegun hainbat gauza aurre egiteko eta bata da informazioa eskuratzea eta gure bizitzan arduratsu erabiltzea, eta ez dakigunean zer egin eskatu laguntza! Gu hemendik gabiltza eta. Ondo pasa gabonak eta datorren urte arte, musu handi bana, Agurtzane


 

Agurtzane Ormatza Imatz

2005, Urtarrila 01
Arloa: Jo ta jo