Oporren inguruan

Agurtzane Ormatza Imatz

jot21.jpg

Aupa denoi! Zelan zabiltzate oporretan? Segur aski oso ondo hainbat eta hainbat istorio kontatzeko ezta? Zuotariko batzuekin topo egin dut eta benetan esperientzi gazi-gozoak entzun dizkizuet, denetarik udako sasoian... Beraz pentsatu izan dut batzuk zuekin konpartitzea, denok ikus dezagun zelan doazen ikaskideen oporrak: “Urtero legez nire gurasoen herrira joaten naiz, Zamora aldera, eta nahiz eta hasieran Basauriko lagunak faltan izan han beti aurkitzen dut nire lagun mina. Txikitatik lagunak izan gara eta dena kontatzen diogu elkarri. Iaz herriko jaietako azkeneko egunean erdi mozkorrik geundela musu bat eman nion eta hurrengo egunean Basaurira etorri nintzenez ez nion agurtu ere egin, lotsatuta, beldurtuta,... nengoen. Aste bi barru Zamorara joango gara, kurtso osoan erdi ahaztuta neukana gogora etorri zait eta estututa nabil. Ez dakit zer egin ezta zer esan ere ez bera ikusten badut, zer aurkituko dudan herrira heltzen naizenean...” “Auzoan gutxi geratu gara gehienak oporretan joan dira herriren batera, etxean aurton ezinezkoa izan da eta hemen geratu gara. Beste klaseko Joni gauza bera gertatu zaio eta elkarrekin gabiltza ala beharrez. Oso pozik nago eta urdurik aldi berean kurtso osoa txoratuta eduki nau eta. Plan guztiak elkarrekin egiten dugu: bizikletan ibili, musika dendetara joan, play-stationean jolastu, bideoak ikusi, bueltak eman, ligetan joan -niri neskak gustatu ez arren baina berarekin edonora joango nitike- eta pasadan astean internetetik bajatutako dvd bat ikusten geundela masturbatu ginen... Bakoitzak bere egin zuen baina zein zoragarria den bera nire laguna izatea” “Koadrilako guztiek hilekoa daukate aspalditik. Ni kurtso osoa egon naiz itxaroten ea noiz demontre edukiko nuen hilekoa. Eurentzako erreza da esatea ez larritzeko, nire ama bezala baina ni kokotaraino nengoan. Bakarra ni. Eta hain gogotsu espero izan den momentua atzo izan zen. Etxean telebista ikusten nengoela bat-batean bustita nengoela konturatu nintzen eta ikusi nuen odola darioala nire izterretatik. Hipnotizatuta geratu nintzen adi, gorritasuna sofaraino heldu zen arte. Poztu nintzen. 15 urte egin berri eta hau bai nire urtebetetzeko oparirik ederrena.” “Hasieran ez nuen nahi Mundakara joan nire gurasoekin, Manexek Bilbon geratu behar zuen eta ahaleginak egin arren elkarrekin egoteko bagenekien ez zela izango bat ere erreza, gainera berak lana zuen bere aitarekin. Baina orain oso pozik nago oso nahastuta egon arren. Bertoko mutil bat ezagutu dut eta oso lagunak egin gara, gustu oso antzekoak dauzkagu eta berarekin denbora oso arin igarotzen dut. Uste dut bestelako sentimenduak sortzen hasi direla nire bihotzean eta erabat korapilatuta nago. Ez dakit zer gertatuko den. Manex oso inportantea da baina mundakarra baita ere. Astion ez dut oraindik Manexekin berba egin...” “Hondartzan uda hasieratik, gure alboan beste koadrila bat jartzen da eta momentu horretatik beste bat eta biok begiradatxuekin gabiltza jolasten. Pasadan astean arrastian bakarrik geratu ginen biok eta ez dakit oraindik zelan berbetan hasi ginen. Hozten joan zenez toailekin tapau ginen. Ez dakit zelan musukatzen hasi ginen eta kontura orduko bere eskua nire titian zegoen inoiz ere ez mutil batekin sentitu izan nuen plazerra neska batekin sentitu nuen. Harrezkero oso lagun minak gara, baina beldur naiz oso gustura eta erakartuta sentitzen naizelako. Inork ez daki ezer ere ez, eta ez dut gura pentsatu ere inork jakin ezkero, nire lagunek edo nire familiakoek, zer pentsatuko duten.” “Nazkatuta nago. Udatiarrak etortzen dira eta neska guztiak ahazten dira herriko mutilekin edo behintzat nirekin. Badatoz kanpotarrak eta eurekin planak egiteko ez daukate inolako arazorik, gurekin aldiz zer edo zer egiteko beti topatzen dute trabaren bat. Zer daukate eurek ba? “ “Apurtuta nago. Elkarrekin oso ondo geundela pentsatzen nuen baina berak atzo ez naizela jadanik bere gustukoa esanez utzi ninduen. Ez dut ezer ulertzen ezertxo ere ez.” “Badakit nire gurasoek ez dutela nahi oraindik neska batekin ibiltzea horretarako beti dagoela denbora esaten baitidate. Baina aurton nire bizitzako lehenengo aldian neska bat etorri zait, ederra bera eta oso majoa. Ainara aspaldian ezagutu nuen eta gustukoa nuen baina ez nuen inoiz pentsatuko ere ez nigan fijako zenik, gainera ni baino zaharragoa da. Zelan esango nion ezetz?” Ikusten duzuen moduen bakoitzak bere udako sasoia eduki izan du. Gazi gozoak, denak aberasgarriak mina eman arren. Ea oporretatik bueltan zelan amaitzen diren eta ea zelan hasten diren gure bizitzako bestelako pasarteak. Besarkada handi bana, Agurtzane


 

Agurtzane Ormatza Imatz

2005, Abuztua 01
Arloa: Jo ta jo