Behin eta berriz agertzen diran galderak

Agurtzane Ormatza Imatz

jo30.gif

Zelan lehengo hileko Kamasutra? Batzuen zalantzak eta jakin-minak asetuta geratu zirelakoan nago ni ba. Ikastoletan egiten ditudan saioetan orri bat pasatzen diet ikasleei euren zalantzak idatzi ditzaten. Denetik agertzen da orriotan. Batzuetan sexualitateari loturiko galdera orokorrak izaten dira, besteetan norberaren esperientziei dagozkienak, askotan koadrilan eztabaidatutako gaiak… denetik. Idatzi gehienek ikasleen benetako jakin-mina erakusten dute, batzuk broma giroan idatzita badaude ere. Behin eta berriz agertzen diren galderak aztertuko ditugu ondoren. Honakoak dira galderok: Zer da 69a? Zer da musu beltza? Zer da turkiar bat? Zer da kubatar bat? Zer da greko bat? Zer da frantses bat? Zer da “urre euria”? Zer dira bola txinatarrak? Zer da bibradore bat? Zer da ……………….. Ikastolatan egindako galderei arreta jarri ezkero denetariko erreakzioak agertzen dira. Alde batetik barreak, hainbat barre gainera. Bestetik erantzunaren aurreko jakin-mina . Gauza bigatik agertzen dira honelako galderak: alde batetik, ikasleak hezitzailearen trebetasuna neurtu gura izaten du galderen bidez; eta bestetik, han-hor-hemen entzun duten zer edo zeren gaineko benetako jakin-mina izaten dute gazteek. Entzun entzun baitituzte sexuaren ingurukoak lagunen artean, telebistan, interneten eta bestelakoetan baina ez dute zehatz jakiterik izan, eta galdetzen ere ez dira ausartu. Arreta handiagoa ipini ezkero ikusiko dugu galdera hauek gure sexualitatearen bizipenetara baino gehiago gure erotikara mugatzen direla. Askotan gertatzen zaigu hau. Zergatik? Ba, seguruenik, hainbatetan esanda badaukagu ere, sexualitate hitza aipatzerakoan denon gogora datorrena hanka tartekoarekin egiten duguna delako. Denok jakin badakigu ere sexualitatea hori baino askoz ere gehiago dela. Tira, oraindik martxa horretan jarraitzen dugu eta! Baina lasai, ez naiz zuon galdera horiekin ahaztu eta. Dena den joko bat proposatzen dizuet. Nire erantzunak irakurri baino lehenago, zergatik ez duzue ikerketa zabalago bat egiten. Hau da jokoa: lagunei, etxekoei edo hurreko edonori galdetu, ea zer aurkitzen duzuen. Horrela, beharbada, bide batez solasaldi interesgarri bat baino gehiago edukiko duzue eta. Zer da 69a? Postura bat da, non emakumeak gizonaren genitalak miazkatu eta xurrupatzen ditu, gizona emakumearenarekin gauza bera egiten dagoela. Jokaera honek ez dauka zertan izan gizon-emakumeen artekoa. Gizon biren edota emakume biren artean ere egin daiteke. Hau joko guztietarako aplikagarria da. Zer da musu beltza? Neska edota mutil batek bere lagunaren ipurtzuloa miazkatzea, xurrupatzea, musukatzea… Zer da turkiar bat? Kubatar bat gauza bera da. Hau da, titien artean jartzea zakila eta modu horretan mutila masturbatzea. Zer da greko bat? Mutil edo neska baten uzkitik zakila sartzea. Zer da frantses bat? Mutilaren zakila xurrupatzea, musukatzea , miazkatzea… Hau da, ahoa eta gizonezkoen genitalen arteko jolasa. Zer da “urre euria”? Neskak edo mutilak kidearen gainean pixa egitea joko erotikoaren barruan. Zer dira bola txinatarrak? Kordel edo antzeko batekin lotuta dauden bola bi dira, bagina barruan sartzeko erabiltzen direnak. Bolak metalezkoak dira, batzuetan beste materialekin bilduta badaude ere. Zer da bibradore bat? Bibrazioak ematen dituen edozein tramankulu. Askotan zakilaren forma hartzen du, forma honetan ezagunak dira gaur egun. Baginatik zein ipurtzulotik sartzeko erabiltzen dira, baina baita gorputzeko edozein toki laztantzeko ere. Azaldu ditudan galderak oso orokorrak dira. Galdera baten atzean mutil bat edo neska bat dago, galdera hori egiteko bere arrazoiarekin: izan daiteke adarra jotzea eta barre batzuek botatzea, izan daiteke jakin-mina asetzea besterik ez, edo zer den egin beharrekoa, zer eta zelan egiten den jakitea berak praktikatu nahi duelako, edo izan daiteke jakin nahi duela ea klasean beste inork dakien. Askotan, nire ustez, galderaren atzean dagoena da garrantzitsuena benetan ondo erantzuteko. Beraz jakin beharko genuke galdera bakoitzaren atzean zer dagoen… baina, tira, zuon jakin-mina apur bat asetzeko balio izan badizue… Dena den, ziur nago hainbat gauza daukazuela galdetzeko beraz bidali zuon galderak eta datorren hiletan bidea emango diegu. Besarkada handi bana.


 

 

Argazkiak: Lea Multimedia

Agurtzane Ormatza Imatz

2006, Ekaina 01
Arloa: Jo ta jo