Azterketak! Ai ene!

letrArt

2017, Maiatza 25
Arloa: Letra Dantza

Azterketatan murgilduta zaudete asko, eta horrek estresa eta ezinegona sortzen ditu gehienongan. Ondoren, garai hau lasaitasunez gainditzeko eta ahalik eta etekin onena ateratzeko oinarrizko gomendio batzuk emango dizkizuegu.

Den denak oso jakinak eta ezagunak izan arren, komeni da gogoratzea, gehienetan ez baitiegu jaramonik egiten..

Azterketa garaian senti litekeen urduritasunak eta estresak estutu egiten gaituzte, eta horren ondorioz, erraza da kontzentratzeko gaitasuna galtzea. Lasai egon eta, batez ere, saia zaitez ikasteko metodo egoki bat aurkitzen klasean landutako ezagutzak errazago barneratzeko.

Zeinek bere modua dauka, jakina, baina badira funtsezko ohar batzuk denontzat lagungarriak izango direnak:

Isilarazi sakelakoa, edo gutxienez aplikazio guztien jakinarazpenak.

Aurkitu zuretzat ikasteko ordurik egokiena zein den, goizean, arratsaldean, gauean... denek ez dugu berdin funtzionatzen, eta norbera eroso eta lasai sentitzea da kontua.

Denbora ondo antolatu. Aurretiaz jakiten da azterketak zer egunetan izango diren, hori abantaila da; izan ere, zuk zeuk antolatu ahal izango duzu noiz eta zer ikasi. Hori bai, zuk jartzen dituzun arauak, zuk bete behar dituzu!

Lehentasunak zehaztu, aurretiaz zehaztu nola banatuko duzun denbora. Banaketa errespetatzen baduzu, azterketa baino egun batzuk lehenago ere lasai hartzeko moduan egongo zara, azkeneko mementoan nerbioak dantzan ibili beharrean.

Joan ikasi beharrekoaren laburpenak egiten. Onena eskuz egitea da, astiroago idatzi behar izateak kontzentrazio handiagoa eskatzen duelako, eta zure garuna hitzak egituratzera behartzen duzunez, ulermen maila handitu egiten da.

Ahoz gora irakurri. Gelan emandakoa errepasatzeko modu egokia da; horri esker gainera, batzuetan oharkabean joan zaizkizun xehetasunak ere etorriko zaizkizu gogora. Beste aukera bat  da esaten ari zarena grabatzea, sakelakoa edo ordenagailua erabiliz egin dezakezu, eta ondoren, irakurri duzuna behin eta berriz entzun dezakezu, hobeto barneratzeko.

Hau garrantzitsua da: ondo jan eta hidratatu! ikasten egotea ez da aitzakia jatorduak ez betetzeko, gosaria, gainera, eguneko jatordurik garrantzitsuena da, eta azterketan ondo egoteko ezinbesteko energia emango dizu. Denetik jan: barazkiak, lekariak, frutak, zerealak, oliba-olioa, fruitu lehorrak… horrek memoria eta kontzentrazioa hobetzen lagunduko dizu.

Ur asko edan, ondo hidratatu. Saia zaitez edari gasdunak edo estimulatzaileak saihesten, horien ordez, ura edo fruta-zukuak edan, hobeto sentituko zara.

Ikasten ari zaren tokiak argi nahikoa eta egokia duela bermatu, eta gustuko baduzu, jarri musika… zergatik ez?

Azkenik, tarteka atseden hartu. Hori bai, atseden tarte horietan ez erabili sakelakoa, tableta edo Interneta, konturatu gabe uste baino denbora gehiago eman dezakezu horretan, eta aurreko plan guztia pikutara joango zaizu.

Azterketaren unea iristean, lasai egon, irakurri ondo azterketa guztia, daukazun informazioa antolatu, eta ekin segurtasunez. Orain arteko bidea ondo egin baduzu, dena ondo joango da!

Zorte on denei!