Ekainaren 3an Bizkaiko bertsogintzaren jaia ospatuko da

Ekainaren 3an, Markina-Xemeinen, Bizkaiko eskolarteko finala Bizkaiko taldekakoaren finala izango dira.

Bizkaia osotik helduko dira hezkuntza arautuan bertsogintza lantzen dabiltzan gazteak, baita bat-bateko taldeetako ikasleak eta bertso eskoletako kideak. Arkatza eta boligrafoa eskuan, eta irudimena lagun, ordu bete izango dute paper zuriaren aurrean hiru bertso osatzeko, bakoitza gai baten inguruan. Adin bakoitzeko sarituak izango dira eta eguerdian sari banaketan entzun ahalko dira irabazleen bertso ale ederrak.

Baina idatzizko bertso jardunak bat-bateko sariketari emango dio bidea. Eskolarteko finalera heltzeko bidea ez da samurra izan. Aurretik, hiru kanporaketa egin dira Bizkaian barrena. Gernikan, Deustun, Algortan eta Durangon egin dira kanporaketak eta bakarreko lanean zein ofizioka bertsolari bakoitzak dauzkan trebetasunak epaitu ditzte hiru epaileak. Arratsalde osoko puntuaketak batuta,  Eztizen Artola, Bittor Altube, Beñat Bilbao, Aritz Landeta, Iruri Altzerreka, Gorka Pagonabarraga, Naroa Torralba eta Maider Barañano bertsolariak arituko dira kantuan Bizkaiko finalean. Lehenengo bi sailkatuak aste bete beranduago, ekainaren 10ean Saran jokatuko den finalerako txartela eskuratuko dute.

Arratsaldean, Bizkaiko lehenengo Taldekako Txapelketaren finala izango da, 17:00etan hasita. Hainbat taldek hartu dute parte jai giroan eta lagun artean egin diren saioetan. Hiru talde aritu dira elkarren aurka saio bakoitzean eta finalaurdenetatik finalerdietara talde kopuru txikia pasatu da. Azken bi asteburuetan jokatu dira finalaren atarikoak eta epaileak eta ikus-entzuleak protagonista diren epaiak erabaki dute zein hiru talde sailkatuko diren finalera. Aipagarria oso, adin talde desberdinetako jendea agertu dela lehiara, bertsozale, bertsolari eta antolatzaileak kantura animatuz.  Ondoren, Joxpa taldearekin erromeria izango da.

 

 

 

 

Iñaki Iturriotz

2017, Maiatza 23
Arloa: Bertsoleku