Mikel Urdangarin

Gotzon Uribe

2017, Maiatza 19
Arloa: Barri music

“Margolaria” deitzen da Mikel Urdangarin kantariaren lan berria. Oraingo honetan talde osoaren laguntzarekin grabaturiko diskoa aurkezten du zornotzarrak. Aurreko bakarkako lanaren ondoren disko berria sortzeko lagun ezberdinak izan ditu bidaide.

Hogei urteko ibilbidea bete du Urdangarinek musika munduan eta lan berriarekin bere barneko kezka eta ideak azaldu nahi izan ditu. Askatasunaren ideia askotan azaltzen da diskoko hamar abestietan, batzuetan zuzenean eta beste batzuetan zeharka. Askatasunaren aldeko aldarrikapen bat bailitzan aurkezten da diskoa. Sonoritate aldetik ere trebe aritu da taldea, bai melodia eta erritmoen lanketan ikusten da aurrerapausu bat nahiz eta ezagun izan Urdangarinen kantaera eta moldaera ere.

Diskoan Xabier Amurizaren hitzak dituen eta Imanolek argitaratutako “Mendian Gora” abestiaren bertsio bat ere sartu du. Ekarpen berezia. Testuei dagokienez Gerardo Markuleta idazlearen kolaborazioa izan du disko bi abestitan.

Izenburuari dagokionez Alan Urrutia artista eta margolariari egindako keinu bat da. Gaur egun Londresen bizi den Santutxuko artista inspirazioa izan zen Urdangarinentzako “Margolaria” abestia idazteko eta hortik izenburu bera jartzea diskoari. Hala nola Alain Urrutia bera arduratu da diskoaren diseinuaren lanketa osoarekin.