Badator kopa...egin dezagun topa!

Iker Zabala

2017, Martxoa 29
Arloa: Kirolak

Kopa oro har lehiaketa atsegina dela esan genezake. Galtzeko ezer gutxi aurkezten duen txapelketa da, eta kontrara aurrekusi ezinak diren lurraldeak esploratzeko aukera mamitsuak eskaintzen ditu. Berez kirol ezberdinetako kopek eragindako kolpe latzegien aurrekariak ez dira ugariak… kanporaketetan ebazten den lehiaketa izanik, ez du berezko erregulartasuna esigitzen. Hori bai, hankasartzeak era gogorrean zigortzen ditu, huts egiteko margena nimiñoa baita.

Futbolaren adibide erraza hartuz gero, talde handiek (lehen eta bigarren mailako taldeek partaidetza bermatua dute) txikien aurka pairatutako porrot mingarriak sobera esistitzen badira ere, esan beharra dago hauek denborada hastapenetan gertatu ohi direla gehienetan, beraz ez dira danbateko nabarmenegiak izaten, eta lehiaketa bera irabazteko aukerak txikiak diren heinean, talde bakarrak ere ez du porrot gisa ulertuko kopa bezalako garaikurra ez altxatzea. Aldiz, talde txiki batentzat kanporaketak aurrera egitearen erronka izugarria da. Inongo gidoian idatzirik ez dagoen lorpena beti ere izaten da gustagarria, eta entzute handiko taldeen aurkako norgehiagoka horiek zalegoak hamarkadetan zehar gogora ditzake. Beste kirol batzuetan, play-off-aren metodologia erabiltzen bada ere, ondorioak antzeko samarrak dira. Egia da askotan kopara ez sailkatzeak nahigabea ekar dezakeela zenbait taldetan, edo (aurten saskibaloian, Baskoniarekin gertatu bezala) etxean jokatzeak presio puntu bat ezar dezakeela, baina oro har ez da malkoen iturri nabarmenegia izaten.

Berriro ere futbolaren eremura bueltatuta, kopak ekar ditzakeen poz sortaren adibide garbiena, eta inor ez da honekin harrituko, Alaves dugu. Lehen mailako talde izanagatik, denborada hastapenean txapelketako finalean sar zitekeela pentsatzea zientzia fikzio zen. Txapelketako bidea lehiatua izan da, ederki sufritua, beti ere suertatzen den bezala, eta hala, bere garaian UEFAko final historiko hura, Liverpool-en aurka luzapenean galdurikoa, talde babazorroaren historian zorionezko anomalia bat izan ez zela agerian geratuko da hurrengo maiatzak 27an. Aurkaria, ez da inolaz ere Alaves bezain harrigarria, Bartzelona erraldoia baita munduko futbolean eta partida hontarako faborito distiratsu bezala aurkeztuko da. Baina kopa kopa da. Berez adierazpen inozo honek ez du ezer esan nahi, baina aldi berean partida batetara dena gertatu daitekeela adierazten du. Gertatuko denaren, gerta daitekeenaren eta gertatu zein ez ametsetan geratzen direnen omenez... egin dezagun topa!