Idazteak saria dauka

letrArt

2017, Martxoa 27
Arloa: Letra Dantza

Idazteko ohitura duzuenok makinatxo bat orri izango dituzue sakabanatuta han eta hemen, poesiaren bat, narrazio laburren bat, hasi eta amaitu ezinean daukazuen kontakizun hori... Pizgarri egokia izaten dira lehiaketak halakoetan, sikieran esku artean dugunari itxura eman, eta erdizka daukagun hori amaitzera behartzen gaituzte eta. Hamaika aukera egongo dira han hemenka, baina orain abian diren biren berri emango dizuegu, eta apirilaren 30era arte epea zabalik dagoenez, denbora badaukazue zuen lana prestatzeko.

Haur Literaturako Mikel Zarate Saria

Lezamako Udalak eta Elkar Argitaletxeak antolatzen dute haurrentzako irakurgai berriak sortu eta idazleen lana bultzatzeko. Eskatzen diren lanak Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (6-12 urte bitartekoentzat) euskaraz sortutako kontakizunak dira, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso ez dutenak eta argitaratu ez direnak.

3.000 euroko sari bakarra emango da, eta lanak emateko epea apirilaren 30era arte egongo da zabalik. Elaberri edo ipuin saritua Elkar argitaletxeak argitaratuko du.

Informazio osoa hemen:

https://postdata.elkar.eus/haur-literaturako-mikel-zarate-sariaren-edizio-berri-abian/

XLII. Irun Hiriko Kutxa Literatur Sariak

Literaturaren sorkuntza eta hedapena sustatzeko, Kutxa Fundazioak antolatua.

Lehiaketa zabalik dago euskarazko nahiz gaztelaniazko idazleentzat. Lan originalak eta lehendik argitaragabeak aurkeztu behar dira, olerkia nahiz eleberria. Lehiaketa honetako sariak izango dira 15.000 euro eta garaikurra euskarazko nahiz gaztelaniazko olerkia modalitatean, eta 25.000 eurokoa euskarazko nahiz gaztelaniazko eleberria modalitatean.

Lanak aurkezteko epea apirilaren 30era arte dago zabalik, eta epaimahaiaren erabakia irailaren 23an jakinaraziko da.

Informazio osoa hemen:

http://www.kutxa.eus/images/cultura/PremiosLitarariosKutxaCiudadIrun_bases_oinarriak2017.pd